Eraso LGTBIfobo bat salatu dute Gorraitzen

Eraso LGTBIfobo bat salatu dute Gorraitzen

Berhezi berdintasun kontsultoriako bi langilek salatu dute Gorraitzen (Nafarroa) eraso faxistak eta LGTBIfoboak jasan zituztela. Joan den irailaren 13an gertatu ziren erasoak, bi emakumeak harrera gune feministan lanean ari zirela herriko festetan.

Ikur «frankistak eta falangistak» zeramatzaten gazte batzuk emakumeengana inguratu ziren, eta irain «homofobo eta transfoboak» egin zizkieten. Horren ostean, harrera guneko material informatiboa apurtu zuten, eta baimenik gabe grabatu zituzten langileak.

Horrez gain, salatu dute udaltzainen jarrera «arduragabea» izan zela. Adierazi dute «langileen lana zalantzan jarri» eta «erasoa zuritu» zutela. Izan ere, «festa giroan jendea mozkortuta egoten dela» esan zuten udaltzainek. Are gehiago, biktimen esanetan, udaltzainek leporatu zieten erasotzaileak diskriminatu izana haien itxuragatik.

Gainera, adierazi dute Eguesibarko Udala (Nafarroa) oraindik ez dela publikoki agertu erasoaren aurka, erasoa udalak eskaintzen duen zerbitzu batean gertatu zen arren.