Jaso ikastola zaharraren eraikinean bizi diren etxegabeen «egoera dramatikoa» salatu dute

Jaso ikastola zaharraren eraikinean bizi diren etxegabeen «egoera dramatikoa» salatu dute

Udazkeneko lehenengo hotzaldiekin batera egin du salaketa Dar Etxea elkarteak: Iruñeko Arostegi etorbideko eraikin huts batean —garai batean Jaso ikastolarena zen eraikinean— dozenaka gazte migratzaile bizi dira, egoera ezin prekarioagoan: argindarrik, urik eta berotze sistemarik gabe. Egoera «dramatikoa» da, elkarteko kideen ustez: «Hondakinen artean irauten dute».

Iruñeko Udalak esana du «lanean» ari dela arazoa konpontzeko, baina Dar Etxeko arduradunek kezka adierazi dute, iritzita udala «eskuinerantz» lerratzen ari dela gizarte politiken alorrean: «Eskubideak bermatu ez, eta pobreziaren kudeaketa neoliberal baterantz doa», salatu dute: «Udalak badaki etxegabe ugari egoera tamalgarrian bizi direla, hala Arga ibaiaren ertzetan nola Jaso ikastolaren hondakinen artean, eta haren estrategia da horiek abandonatzea eta kriminalizatzea», adierazi dute Samira Calvok eta Susana Cañetek, elkartearen izenean. Jaso ikastola zaharraren eraikinean bertan egin dute agerraldia, gaur goizean.

Pobreziaren kudeaketa «arrazista» kritikatu dute Dar Etxeko kideek, eta horrekin lotu dute egungo etxebizitza larrialdia ere: «Mugak altxatzen ditu hiri barruan, eta agerian uzten du oinarrizko giza eskubideak ez daudela behar bezala bermatuta». Uste dute, gainera, Iruñerria ez dela salbuespena: «625 udal etxebizitza daude, eta horietatik 432 baino ez dira erabiltzen. Jabetza publikokoak diren zenbait eraikin eta espazio ez dira erabiltzen, eta etxebizitza larrialdiaz arduratu beharko lukeen erakunde publikoa bihurtu da soberako biztanleak kanporatzeko eta zigortzeko tresna». Jokabide horren adibideen artean, hauek zerrendatu dituzte Calvok eta Cañetek: Poliziaren «etenik gabeko presentzia», «kaleratze mehatxuak» eta «kriminalizazioa», besteak beste.

Horiek horrela, Dar Etxea elkarteak hiru eskaera zehatz egin dizkio Iruñeko Udalari, egoerari buelta emate aldera. Batetik, udalarenak diren espazio publiko hutsak jar ditzala «kalean bizi diren pertsonen eskura», hala nola Oscus antzokia, Gelbenzu zine aretoa eta autobus geltoki zaharraren gaineko etxebizitzak; bigarrenik, udalari galdegin diote «erroldaren gisako oztopo administratiboak kentzeko»; eta azkenik, «neurri zehatzak» har ditzala etxebizitza politikan: adibidez, etxebizitza hutsen errolda egitea, alokairuan ez dauden etxebizitza huts guztiak zergapetzea, eta jabetza publikoko etxebizitza huts guztiak «zirkulazioan» jartzea.

Behin-behineko konponbide gisa, azkenik, eraikin horien erabilera kudeatzeko prest azaldu dira Dar Etxeko arduradunak, «elkartasunean eta elkar laguntzearen bitartez».