«Etxera itzuli nahi dut, ez dut besterik eskatzen». Iragan asteartetik, begirik bildu ezinik dago Barbara. Iruñeko Buztintxuri pasealekuko 16. zenbakian bizi da, bikotekidearekin eta hiru seme-alabarekin batera, alokairuko pisu batean. Urriaren 28an, baina, sute bat piztu zen eraikin horretako 4-D etxebizitzan: ez Barbararen etxean, albokoan baizik. Egun horretan, zazpi lagun artatu zituzten larrialdi zerbitzuek, kea arnasteagatik, eta horietako bat ospitalean zendu zen handik hiru egunera. Aseguruak bizitoki alternatibo bat eskaini die kiskalitako etxebizitzan bizi zirenei, baina ez aldamenekoei. Hortaz, kale gorrian gelditu dira hiru familia: Barbararen sendiaz gain, umetxo bat duen bikote bat, eta bi seme-alabak eta ama batek osatutako familia gurasobakarra. Bost heldu eta sei adingabe, guztira. Ezin dira etxera bueltatu, kedar toxikoak belztuak baititu sabai eta paretak, eta etxejabeak —Adania eraikuntza eta higiezin enpresak— ez die konponbiderik eman.
Buztintxuriko sutean erretako etxeetako bat. Aseguruak familiari esan dio hor bizi daitezkeela. BERRIA
«Antsietateak jota gaude, eta oso haserre», aitortu du Barbarak. «Esaten digute aseguruen tramitazioak denbora behar duela, baina bizia ez da gelditzen: haurrei egunero eman behar zaie jatekoa, egunero dutxatu behar dira, egunero behar dute arropa garbia…». Orain arte, lagunen etxeetan hartu dute ostatu, baina badakite hori ez dela konponbide egonkorra: «Sutea piztu zen egunean, bizilagun batek eskaini zigun afaltzeko eta lo egiteko tokia. Pentsatu nuen biharamunean kudeatuko genuela dena, eta egun bateko kontua izanen zela, baina astebete daramagu horrela, alde batetik bestera, faboreak eskatzen. Ezin dugu horrela ibili hilabete batez edo bi hilabetez».
Adania enpresak kontratatutako aseguru etxeak ez die bizitoki alternatiborik eskaini, uste baitu posible dela hor bizitzea: «Keak eta kedarrak hartua dago dena. Ez da zikinkeria soila: toxikoa da, eta une oro ari dira partikula txikiak erortzen, elur beltza balitz bezala. Gure etxera etorri zen perituak goitik behera aldatu behar izan zituen arropa eta zapatak bisita egin ostean, baina guri esan digu hor bizi behar dugula». Adituekin hitz eginda, Barbarak argi du garbiketa sakona egin behar dela etxe horietan, baina aseguruak ez du kostu hori bere gain hartu nahi: «Erretako material guztia kendu behar da, garbigarri bereziekin erretxina kendu, adreiluak garbi utzi, eta gero berriz margotu. Aurrekontuak eskatu ditugu zenbait enpresatan, eta esan digute 2.500 euro inguru balio duela etxebizitza bakoitza garbitzeak, eta horri gehitu behar zaizkio paretak pintatzea eta eskailera burua garbitzeko lanak, erabat suntsitua baitago».
Iruñeko Udala, lanean
Aseguru etxeak esku hartzen ez zuela ikusita, Iruñeko Udalaren Gizarte Zerbitzuetara jotzea erabaki zuten etxegabetutako familiek. Zerbitzuko zuzendari Ruben Unanuarekin hitz egin zuten, eta «konponbide baten bila» ari dira: «Egia esan, hura da lagundu digun bakarra, etxejabearen eta aseguruen jokabidea penagarria izan baita». Barbarak azaldu duenez, Gizarte Zerbitzuak saiatu dira behin-behineko bizitoki bat eskaintzen inguruko hoteletan, baina beteta daude denak, eta Etxebizitza alorrarekin elkarlanean ari dira, larrialdiko etxebizitza bat eman ahal izateko. «Haiek ere badakite gure etxera bueltatzea ez dela aukera bideragarria, gaur-gaurkoz osasungaitza baita. Foruzaingora jotzera animatu gaituzte, egoera salatzeko».
Udalaren jokabidearen aldean, Adania enpresarena eta aseguru etxeena «negargarria» izan dela uste du Buztintxuriko bizilagunak: «Lotsagabe hutsak dira. Sos batzuk aurreztu nahi dituzte, baina ahaztu egiten zaie pertsonen bizimodua eta osasuna daudela jokoan». Horren erakusgarri, buzoian jaso berri duten ordainagiria: etxejabeak hilabete honetako alokairua kobratu die puntualtasun osoz, etxean bizitzerik ez duten arren.
Horretaz arduratzea «bigarren urratsa» izanen dela gaineratu du Barbarak: «Abokatu batekin hitz egin dugu, horiek guztiak erreklamatzeko, baina oraingoz, premiazkoa da bizitzeko toki bat aurkitzea. Seme-alaba txikiak ditugu, eta nik oraintxe buruan dudan gauza bakarra zera da, ea non bazkalduko dugun haiek eskolatik ateratakoan».
