Duela hamar urte Gaizka Garitano garai hartan Eibarko entrenatzailea Almeriaren aurkako partida baten ostean prentsaurrekotik altxatu zen, euskaraz hitz egiten ari zenean bertako kazetari bat kexatzen hasi zelako. Keinu hark lortu zuen oihartzuna eta hizkuntzarekiko errespetua erdigunean jartzea. Hamarkada bat pasatu da ordutik, eta gizonezkoen Espainiako lehen mailan aritzen diren lau euskal taldeek nabarmendu dute euskararen kontrako jarrera guztiz ezohikoa dela. Nafar Ateneoak gonbidatuta, Alaveseko, Athleticeko, Osasunako, Realeko eta Union Tuterako ordezkariek euskararen arloan egiten duten lanari buruz egin dute solas, eta agerian geratu da euskarak baduela tokia futbolean.
Hitzaldia gaur arratsaldean izan da, Nafarroako Parlamentuan, eta partidako sakea Unai Hualdek eta Ines Castiella Nafar Ateneoko euskarako eledunak eman dute. Duela urte batzuk Jagoba efektuak Osasunari eta euskarari eragindako inpaktuak interesaturik, futbolaren eta euskararen arteko harreman horretan sakondu nahi izan du Ateneoak, eta horretarako gonbidatu ditu bost taldeetako ordezkariak: Ainara Muga Realaren fundazioko proiektuen arduraduna, Nerein Martin Alaves Genuineko entrenatzailea, Igor Arenaza Athletic fundazioko kidea, Mikel Erbiti Osasunako komunikazio taldeko kidea eta Iñigo Gonzalez Union Tuterako jokalaria. Arbitro lanak Eñaut Agirrebengoa kazetariak egin ditu.
Lehen lerroan, hainbat parlamentu taldeetako ordezkariak zeuden. Tartean, EH Bilduko Eneka Maiz, UPNko Javier Trigo, Zurekin Nafarroako Carlos Guzman eta Geroa Baiko Itxaso Soto.
Osasunak, estatutu aldaketa
Agirrebengoak gogorarazi dio Erbitiri hark jokatzen duela etxean, «ia-ia Sadarren bezala». Bere hitzartzean, Erbitik azpimarratu duenez, Osasuna da euskarazko izena duen euskal talde bakarra, baina izana gaztelerazkoa izan du urte luzez, harik eta duela zortzi urte estatutuen aldaketan hizkuntz ofizial bilakatu zen arte. «Lehen mailako taldeak bozgorailu gara, eta ikusgarritasun handia dugu. Ardura handia dugu, jende asko begira dugulako. Euskararen arloan horrelako bultzada egiten badugu, horrek ere animatu ditzake pertsona asko, instituzioak eta enpresak», esan du, eta gaineratu: «Zein da erronkarik handiena? Euskaldun ez direnek ere pentsamoldea aldatzea».
Bizkaiaren edo Gipuzkoaren aldean, euskarak Nafarroan presentzia txikiagoa izan dezakeela uste badu ere, Erbitik garrantzitsutzat jo du euskara harrobiko jokalariekin uztartzea. «Zenbat eta harrobiko jokalari gehiago, euskaldun gehiago» ere egongo direlako lehen taldean. Klubari begira, normalizazioa egun batetik bestera iritsiko ez bada ere, gogora ekarri du urrats handiak eman daitezkeela bulegoetan eta komunikazioan euskaldunak jarrita. Zentzu horretan, iraganean Oier Sanjurjo kapitain eta Jagoba Arrasate entrenatzaile izatea «pagotxa» izan zen. Kanpotik etorritako Ruben Garcia jokalariak bertako kultura ulertzeko grina izan duela ere nabarmendu du.
Igor Arenazaren hitzetan, futbolean euskarazko erreferentzialtasunak izatea funtsezkoa da: Oiartzabal, Jagoba, Oier… Athleticen, gizonezkoen taldean, funtzio hori bete zuten Mikel San Josek edo Aritz Adurizek. Hala, Arenazak azpimarratu du gizonezko zein emakumezkoen taldeetan figura horiek eraikitzen ere lagundu egin behar dela guztien artean. «Aukera eman behar zaie huts egiteko. Euskararekin nahiko zorrotzak gara eta ez dugu bat pasatzen uzten. Erreferentziak sortu behar ditugu, eta lagundu egin behar diegu». Arenazak zehaztu du zein den arazoa: «Egia da euskara erabiltzeko beldurra dagoela. Ezagutza maila handia dago, baina prentsuarrekoetan beti ia berdinak dira. Nukleoa handitu behar dugu».
Autokritika egin du ere iaz Espainiako Kopako ospakizunean gertatutakoarekin. Asier Villalibrek euskararen alde egin bazuen ere, ospakizunaren %98 gazteleraz izan zen, Arenazaren arabera: «Asier Villalibrek lagundu du bide horretan, baina ezin dugu hura bakarrik utzi. Ez genuen jakin ospatzen hizkuntzaren Ikuspegitik, baina ezta berdintasunaren edo harrobiaren ikuspegitik». Horri loturik, azpimarratu du euskararen arloan euskal taldeen arteko harremana oso ona dela.
Reala, aitzindari
Reala da horren eredu. 2012an aitzindari izan zen euskara plana lantzen, eta hura ispilu izan du Athleticek berak. Ordutik urtero gestio plan bat egiten dute Zubietan, eta euskara batzorde bat ere badago, klub barruko atal bakoitzera iristeko haren erabakiak. Hala, entrenatzaileak hautatzean kasu, garrantzitsua ez da soilik titulua izatea, baita euskaraz jakitea ere, kasurako.
Horrek izan du eragina. «Futbolean gertatzen dena gizartearen isla da. Neurketak egiten ditugu euskararen bueltan, klub barruko erabileraren inguruan. Esan behar dut hiraren erabileraren portzentaia bikoizten dela». Bere pertzepzioa da Realean euskara gehiago erabiltzen dela eta emakumeen artean gehiago, «kultur transmisore ere» direlako.
Alaves Genuine taldeko hautatzaile da Nerein Martin. «Adimen urritasuna dute, eta inklusioa izateko eta futbolean jokatzeko aritzen dira. Ez dute jasotzen soilik entrenamendua. Zerbait gehiago da. Ez nuen pentsatzen, baina azken hiru-lau urteetan sartu da jokalari euskaldun bat, eta horrek izan duen sekulako eragina. Beraien parte da euskara».
Erriberatik, haize freskoa
Union Tuterarentzat den bezala. Ez da talde profesionala, baina duela lau urte sortutako Erriberako klub honentzat ezinbesteko balioak dira antirrazismoa, antifaxismoa eta euskara. Iñigo Gonzalez da bertako jokalaria, eta euskararen aldeko jarrera ez da keinu huts bat. Euren izaeraren parte da. Euskarak presentzia handia du sare sozialetako mezuetan, karteletan eta talde barruan. «AEKrekin egon gara elkarlanean, eta lehen urteetan klaseak egon dira ez dakitenentzat. Apuntatu ziren jokalari batzuk, eta hilabetean behin guztiontzat klaseak egiten dugu. Oinarrizko maila da, baina balio du taldea egiteko baita gure artean barre egiteko ere».
Kanpora joaten direnetan mezu negatiboak egoten badira ere, oro har alde baikorra ugariagoa dela azpimarratu du.
