Nafarroako Lanbide Heziketaren zentzugabekeria

Irail hasieran, Nafarroako Lanbide Heziketan greba orokorrera deitu duten lau sindikatuek mahai sektorial bat eskatu zuten 2024-2025 ikasturtean sortutako arazoari heltzeko beren-beregi: programa dualaren ezarpen orokorra eta eredu berriko ikasleek aurreko FCTko eredukoekin bat egitea. Egoera zela eta praktikak hasi ezin izan zituzten ikasleak ere bazeuden arren, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak hilabete eta erdi behar izan zuen mahaira deitzeko! Bertan, gure gaia bukaerarako utzi zuten, eta, ordurako, Araubide Juridikoko zuzendaria (Javier Lacarra), Hautaketa eta Hornikuntzako zuzendaria (Ricardo Iribas) eta bi ikuskatzaile aretotik joanak ziren. Hori da Nafarroako Lanbide Heziketak bizi duen muturreko egoerari Departamentuak ematen dion garrantzia!

Arazoa azaldu ondoren, sindikatuek erantzunak eskatu zituzten. Hezkuntzako ordezkariek onartu zuten 2022-2023 ikasturtean antolatutako lantaldeek ez zutela inolako azterketarik edo ondoriorik aurkeztu. Ez, ez zen halakorik izan. Baina, are gehiago, ez zuten kontuan hartu eredu duala ezartzen lagundu asmoz langileek egindako ekarpen bat bera ere. Eta orain Gil Sevillano zuzendari nagusiak iragarri du ikasturte honetan beste lantalde bat sortuko dela gai horiei heltzeko. Orain? Zertarako? Nork osatuko du? Lanbide Heziketako atalaren gardentasun, plangintza eta kudeaketa falta ikaragarria da.

Baina benetan kezkatzen gaituena da lan falta horren ondorioak irakasleok ari garela jasaten; izan ere, joan den ikasturtean, eskola orduak eta ordu osagarriak erabili behar izan genituen eredu dualak eskatzen dituen zereginak betetzeko. Hori aski ez, eta Gimeno kontseilariak, X sare sozialaren bitartez, irakasleen eta ikasleen familien aurka egiteko lotsagabekeria du, horretarako gezurrak eta manipulatutako datuak erabiliz.

Bitartean, Lanbide Heziketako irakasleok elkarretaratzeak eta protestak egiten jarraitzen dugu: urriaren 13an, astelehenean, Tafallan Mekatronikako irakasleek uko egin zioten kontseilariarekin batera argazkian ateratzeari, eta hainbat ikastetxek eta irakaslek uko egin diote hurrengo ekitaldietan parte hartzeari, hala nola Baluarten atzo eta herenegun izan zen foroan edo Skills-etan.

Hala ere, Nafarroa Lanbide Heziketako erreferentea dela esaten jarraituko du Gimenok. Eta geure buruari galdetzen diogu, zertan? Soldataren diskriminazioetan? Lanbide Heziketako edo pedagogia terapeutikoko titulazioa duten teknikariei egindako soldata murrizketetan? Eskola ordutegitik kanpo langileei jarritako lan karga handiegian? Ikastetxeei bikaintasun programetan parte hartzearen edo ez hartzearen inguruko argibide eta agindu kontraesankorrak ematen?

Guk ez dugu ulertzen nolatan ez den dimisiorik edota kargugabetzerik izan dagoeneko Lanbide Heziketako atalean. Gil Sevillanok oraingoz ez du inolako konponbiderik eman, eta biziki kezkatzen gaitu irakasleek, ikasleek eta haien familiek Departamentuaren plangintza eta kudeaketa txarraren ondorioak ordaintzen jarraitzeak.