Nafarroako Gobernuko kontuak lotuta, Iruñeko Udalekoak ziurtatu dituzte orain. EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa taldeek akordioa lortu dute PSNrekin, 2026. urteko udal aurrekontuak onartzeko.
Lau udal taldeok jarraian onartuko dituzten hirugarren kontuak izanen dira heldu den urtekoak, 2023ko abenduan aurkeztutako zentsura mozio baten bidez Cristina Ibarrola (UPN) kargutik kendu zutenez geroztik.
Iruñeko Udalak iragarri duenez, bihar bertan sinatuko dute aurrekontu akordioa, udaletxean eginen duten ekitaldi ofizialean. Han izanen dira Joseba Asiron alkatea (EH Bildu), Geroa Bai eta Zurekin Nafarroako taldeetako ordezkari Mikel Armendariz eta Txema Mauleon udal gobernu taldeko ordezkari gisa, eta PSNko bozeramaile Marina Curiel.
