Azken urteetan, lehenik Nafarroako Torturatuen Sarea eta gero Euskal Herriko sarea osatu dira, iragan hamarkadatan bortizkeria hori jasan dutenek osatutako babes tokia. Alta, sarearen metaforak badu guztiz kontrako konnotazioa. Fernando Lopez Agudin kazetari espainiar zendu berriak kontatu zuen En el laberinto liburuan —euskaraz, Labirintoan—. Lopez Agudin Barne Ministerioko informazio arloko zuzendari zela eta Margarita Robles segurtasun arloko estatu idazkari izendatu berri, Gasteizen lehen bilera izan zuten ETAren aurka ziharduten arduradun nagusiekin. Han, haiek eskatu zieten ea «sarearen babesarekin» jarduten jarraitzerik izango ote zuten. «Hau da, galdetzen ari ziren ea garaiko gobernuak babesa emango ote zien torturatzen jarraitzeko».
Iñigo Iruin abokatuak pasarte adierazgarri hori kontatu zuen atzo. Nafarroako Torturatuen Sareak antolatutako nazioarteko hitzaldian parte hartu zuen, eta torturaren inpunitatearen giltzarriak aletu zituen, Ane Eslaba Txalapartako editoreak gidatutako solasaldian. Izan ere, Iruinek nabarmendu zuen tortura ez dela soilik poliziaren indarkeria. «Polizia indarkeria gisa kontsideratzea akatsa da. Estatu indarkeria da».
Izan ere, bere esanetan, tortura eta zigorgabetasuna eskutik helduta doan bikotea da, eta horretarako hiru botereen —legegilea, betearazlea eta judiziala— sostengua «funtsezkoa» da. Atzean erabaki politiko bat dago, eta beharrezko da engranaje oso bat tortura «juridikoki ikusezina» izan dadin. «Estatuaren erabaki bat da, eta tortura ikusezin egiteko eta zigorgabetasuna bermatzeko plan bat behar da», zehaztu zuen Iruinek. Horrela soilik uler liteke milaka salaketa egonagatik epai kopurua «eskasa» izatea. Soilik 20 epai irmo daude tortura auzietan azken 50 urteotan.
«Tortura polizia indarkeria gisa hartzea akatsa da. Estatu indarkeria da»
IÑIGO IRUIN Abokatua
Torturaren sarea ehuntzeko, salbuespenezko legedi antiterrorista erabakigarria izan zen, Iruinen esanetan. Frankismoaren hondarrean onartu zen lehena eta ondotik beste batzuk, baina guztiek zuten komunean «enbor nagusi bat»: inkomunikazioa. Hasieran hamar egunera arte luzatzeko aukera zegoen eta gero bost egunera murriztu zen. 1983tik aurrera ofiziozko abokatuarekin egoteko aukera baimendu zuen legediak, baina inoiz ez du ahalbidetu konfiantzazko abokatuekin egotea.
Horrez gain, sekretu ofizialen legea dago: «Torturaren inguruko auzibideetan lege hori erabili da hainbat ekinbide galarazteko». Adibidez, 1980ko hamarkadan lege horren babespean argudiatzen zuten «estatu segurtasuna» zegoela jokoan.
Tortura, klandestinitatean
Zigorgabetasunaren zutarri nagusietako bat botere exekutiboa da, jakina. «Hark baimentzen zien poliziei eta guardia zibilei sarearekin torturatzea». Iruinen esanetan, segurtasun indarrak gobernuaren esanetara badaude ere, terrorismoaren aurkako unitate bereziek «autonomia osoa» izan dute, eta garai desberdinetako Barne ministerioek beste aldera begiratu dute. «Eremu libre batean zebiltzan, inongo esku hartzerik gabe. Klandestinitatean zebiltzan, kontrolik gabe eta legedi antiterroristaren aterkipean. Tortura klandestinoa zen, eta muga bat sortzen zen polizien eta epaileen artean. Ezinezkoa zen eremu horretan sartzea».
Horren adibide jarri zuen, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako Intxaurrondoko guardia zibilen jokamoldea. «Araudiaren kontra ibiltzen ziren. Ez zuten erregistro libururik, ez zegoen zaintza guardiarik, ez zegoen zerbitzu orririk, ez zegoen ezer». Modu horretan, Mikel Zabalzaren kasuan, instrukzio epaitegiak atxiloaldiaren informazioa eskatu zuenean Guardia Zibilak uko egin zion sekretu ofizialen legea argudiatuta, eta, epaitegiak tinko aurrera egitean, ezer gutxi zuten emateko. «Ez zegoen ezer Mikelen pausoen atzetik tira egiteko». Iruinen arabera, gobernuak onesten zuen autonomia eta jokabide klandestino hura. Hura zen babes sarea.
«Poliziak klandestinitatean zebiltzan, kontrolik gabe eta legedi antiterroristaren aterkipean. Tortura klandestinoa zen»
IÑIGO IRUIN Abokatua
Beste funtsezko pieza Espainiako Auzitegi Nazionala da. «Legedi antiterroristaren pean atxilotutako pertsonen gaineko kontrola bere esku zegoen». Iruinen arabera, egitura horrek berak auzitegia Barne Ministerioaren eta batik bat polizien zein guardia zibilen «menpeko» bihurtzen zuen. Izan ere, Iruinen arabera, paradoxikoki, epaitegiak ez zuen atxilotuaren gaineko kontrolik. Askotan, atxilotuak Madrilen egoten ziren atxiloketak beste toki batean izan baziren ere. Bestetik, poliziek eurek kontrolatzen zuten atxiloketaren lehen unea: «Haiek zehazten zuten noiz hasi inkomunikazioa, zer delitu egotzi… Horrek jartzen ditu baldintzak zigorgabetasunerako».
Epaileen pasibotasuna
Iruinen arabera, Auzitegi Nazionaleko epaileek badute beste ezaugarri komun bat: «Erabateko pasibotasuna». Epaileen ardurapean daude atxilotuak, azken batean: «Abokatu gisa eman ditudan 45 urteetan, epailea ez da inoiz ere bertaratu kexaren edo salaketaren baten aurrean». Egunkaria auzian, torturaren ondorioz Pello Zubiria ospitaleratu zutenean, habeas corpus-a aktibatu zen eta orduan soilik joan zen Auzitegi Nazionaleko epaile bat —kasu hartan, Juan del Olmo— ospitalera».
Inkomunikazioa amaituta, atxilotuak bere bulego aurrean esertzen direnean, bi jarrera nabaritu ditu Iruinek: «Askotan ez dio uzten salaketa kontatzen, hori beste auzitegi baten zeregina dela esanda. Beste batzuetan, entzuten dute, baina gero ez dute ezer egiten».
Engranaje horretan, fiskalek eta auzitegi medikuek ere beren rola jokatu dute torturaren zigorgabetasuna ahalbidetzeko orduan. Horren adierazle, aldaketa handi bat egon zen 1990eko hamarkadan. Aurretik, Euskal Herriko auzitegi medikuen txostenak «zorrotzak eta zehatzak» izan ohi ziren, eta horregatik tortura auziak ireki ziren. Horren aurrean, segurtasun indarrek atxilotuak Madrilera eramaten zituzten, han medikuen eta bertako auzitegien jarrera bestelakoa zelako tortura zantzuen aurrean. Estrasburgoko auzitegiak berak zehaztu zuen auzitegi medikuek euren burua identifikatu behar luketela, bisita gehiago egin eta atxilotuaren egoera psikologikoa ikuskatu.
