Jane Goodall ekarri nahi nuke gaurkoan gogora. Duela hilabete jaso genuen berria, Heriok betiko eraman zuela zioena; artean 91 urte bazituen ere, emakume ekintzaile arduratsua izaki, hitzaldi jira batean zebilela, nahimena izanez gero mundua hobeagoa bilakatu dezakegula aldarrikatzeko xedearekin. Heriori, antza, axola gutxi mundu hobeagoarena, eta jira bukatzeke, Goodall harrapatu eta ja-ta eraman zuen.
Txikitatik zeraman berarekin inguruan gertatzen zen guztiarekiko kezka eta ezinegona, eta liburutan, irakurriz asetzen zuen jakin-mina. Bigarren Mundu Gerraren ostean, aurreko mendeko 50eko hamarkadan, goi mailako ikasketarik ezta baliabide ekonomiko malgurik ez edukitzeak ez zioten eragotzi ordurako neska gazte lirain bat zenari Afrikara, herrialde urrun bezain basati hartara bidaiatu eta ikerketa eta behaketetan murgiltzea; bera bakarrik bere amarekin, oihanaren erdian, txabola batean, gerora bizitzak gehien elkar maitatzera eramango zuen txinpantzeez inguratuta gau eta egun. Urte batzuen buruan, zientzia gizonei eta akademiari erakutsiko zien ordura arte gizaki hitzari emandako definizioa okerra zela, alegia, amalurra dela benetako aginte eta botere osoa daukan izate bakarra eta berau ongi zaintzeko ardura zela pertsonoi egokitu zitzaiguna.
Neska gazte lirain bat zenetik 91 urterekin Heriok eraman zuen arte jardun zuen iraultza horretan. Azkenaldian, urteetan sartzen ari den emakumeari zaharra deitzearena normal bilakatzeko joera bat nabaritzen dut eta egia esan, ez zait gustatzen. Ez nuke esan nahi Jane Goodall emakume zaharra zela dokumentalen bidez eta sarean zehar aurkitutako bere hitzaldietan deskubritu dudanean; trapuak dira zaharrak, erabiltzearen erabiltzeaz apurtu egiten direlako eta zakarretara bota jada ezertarako balio ez dutelako. Akaso andere heldua eta nagusia, denborak aurrera egin ahala, bere jakinduria, baliabideak eta gaitasunak elikatzen eta berrelikatzen jakin izan zuena, etsi gabe, eten gabe, azkeneraino. Betiere, heldutasunez eta nagusitasunez.
Amalurra da benetako aginte eta botere osoa daukan izate bakarra eta berau ongi zaintzeko ardura zen pertsonoi egokitu zitzaiguna
Aitortu beharra daukat, heriotzaren berri jaso arte, ez nituela haren ibilbidearen xehetasun asko ezagutzen, eta amorrua ere eragin didala horrek. Erreferenteak edukitzeari hainbeste garrantzi ematen diogun egunotan, ia edonondik begiratuta garai hain nahaspilatu hauetan, nago emakume honen mezu arnasgarria (anti-toxikoa) litzatekeela hauspotu beharrekoa, belaunaldi gazteagoei itxaropena helarazteko gai izango dena, baldin eta, zintzotasunez ari bagara gertatzen diren bidegabekeriak salatzen ditugunean. Ordea, balirudike, sistemak aukeran ezjakintasunean bizitzearen alde egitea nahiago duela, eta bestetik, sistema kontrolpean daukatenei ere deserosoegiak zaizkiela horrelako mezuak. Txinpantzeak, tximu zozo horiek, gu geu, izaki oro ahaldun eta oro jakindun, bezain adimentsu? Txinpantze zozoak, gu geu, bihotz zabaleko izaki arimadun bezain sentibera eta maitagarri? Hobe Estatu Batuetako gizon ospetsu baten abizena daramaten marrazki bizidunetako filmetarako uztea ideia.
