Erorien Monumentua botatzea galdegin dute elkarte memorialistek Iruñeko kaleetan

Erorien Monumentua botatzea galdegin dute elkarte memorialistek Iruñeko kaleetan

«Udala, entzun, Caídos pin-pan-pun!». Hori izan da gaur iluntzean Iruñeko Alde Zaharrean eta zabalgunean gehien entzun den leloa. Manifestaziorako deia egina zuten hainbat elkarte memorialistak, Erorien Monumentu frankista eraitsi dezatela eskatzeko, eta horixe eskatu dute hiriburuko kaleetan. Ez dute ezer jakin nahi eraikina adieraberritzeaz, eraberritzeaz edo testuinguru historikoa emateaz. Bota egin nahi dute. Birrindu. «Adituen batzordeak esan zuen errazena izanen zela eraikina eraistea. Bada, hortxe du konponbidea udalak: buuun! egin, eta kito», esan dute Koldo Amatriak eta Yolanda Ansok, antolatzaileen izenean, manifestazioaren bukaeran irakurri duten agirian.

Eguraldi makurra gorabehera, ehunka lagun batu dira elkarte memorialisten deialdira: 2.600 inguru, antolatzaileen esanetan. Aurretik, manifestazioari atxikimendua agertu zioten ELA, ESK, CCOO, CGT, CNT, Solidari eta Steilas sindikatuek; Mugarik Gabe, Haritu, Zabaldi, Sare Antifaxista, Astelehen Lilak eta Gerezi Lilak elkarteek; Iruñerriko Mugimendu Sozialistak; eta Jardun Koordinakundeak. 

Helegitea aurkeztuko dute

Askatasunaren plazatik abiatu da protesta, eta han, Erorien Monumentuaren parean, adierazpenak egin dituzte Amatriak eta Ansok, euskaraz eta gaztelaniaz. «Monumentu honek zutik irauten duen egun bakoitza irain bat da, hala biktimentzat nola haien senideentzat», esan du Amatriak. Elkarte memorialistek uste dute eraikinari beste esanahi bat eman nahi izatea «monumentua zuritzea» dela: «Makillatuta ere, beti izanen da Erorien Monumentua, horretarako eraiki baitzen».

Hori dela eta, adieraberritzeko prozesua gelditzea galdegin diote Iruñeko Udalari. «Uste dugu aukera dagoela oraindik horretarako», esan du Amatriak. Izan ere, elkarteek errekurtso bat jarria dute Nafarroako Administrazio Auzitegian, mausoleo frankista eraberritzeko proiektuaren kontra, eta, gaur iragarri dutenez, beste bat jarriko dute datorren astean: «Bidea ez da amaitu».

Eskorgak eta mailuak 

Manifestazioaren aurrealdean, Nafse36 Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko kideak jarri dira. Lurpetik ateratako gorpuzkien eta hezurren argazki handiak zeramatzaten, biktimen sufrimenduaren erakusgarri. Haien atzean, kaskoa eta txaleko fluoreszentea jantzita, zenbait boluntariok «monumentua eraisteko materiala» eraman nahi izan diote Iruñeko Udalari. Besteak beste, mailuak, palak eta igeltsu zakuz beteriko eskorgak garraiatu dituzte Askatasunaren plazatik Karlos III.aren etorbidean gora, Udaletxe plazaraino.

Manifestariek oihu eta algara artean egin dute ibilbide osoa: «Frankismoa borrokatu», «gora borroka antifaxista» eta «Caídos eraitsi orain» izan dira gehien errepikatu dituzten leloak.

Udaletxe plazan, harrera egin die txalapartari bikote batek, oholak astinduz. Bertaratuek berehala bete dute plaza, eta, udaletxearen atarian jarritako agertoki txiki batean, antolatzaileek hitza hartu dute berriro: «Hamabi egun barru, 50 urte beteko dira Franco diktadore genozida hil zenetik ohean», esan du Ansok. «Frankismoak, tamalez, arrasto asko utzi zituen gure herrian, eta horietako bat da, hain zuzen, Erorien Monumentua».

Memoria demokratikoaren legearen arabera ikur horiek ezabatu behar direla berretsi du oroimen historikoaren aldeko ekintzaileak, eta udal agintariei gogorarazi die «memoria ez dutela eraikinek egiten, biktimek baizik». Horregatik, mausoleoa eraistera deitu dute berriro: «Ez dago beste biderik». Bukatzeko, oholtzara igo da Fermin Balentzia kantautorea, eta Maravillas kantua jo du zuzenean, frankistek bortxatutako eta eraildako Maravillas Lambertoren omenez.