Palestraren kontzeptua ez da berria; izan ere, Antzinako Greziako borroka eskolak ziren palestrak, eta independenteak izan zitezkeen, edo gimnasio publiko baten parte. Hori bai, ezin zen gimnasiorik izan palestrarik gabe. Borroka zen palestretako jarduera nagusia; urteekin, baina, borroka eskolak hezkuntza gune sozial ere bihurtu ziren, eta, besteak beste, solasaldi filosofikoak eta hitzaldiak egiten zituzten. Gaur egun, palestraren ideia herrialde askotan zabalduta dago, eta Iruñerrira ere heldu da. Horren adibide dira Matalaz kontrabotere guneko, El Hadji gune autogestionatuko eta Mendillorri auzoko palestrak, hirurak Iruñekoak.
Hiru horien artean Matalaz herri palestra izan zen lehena, eta 2021aren bueltan sortu zuten. Pello Lasa palestrako dinamizatzaileak eta kideak kontatu du auzoan palestra bat sortzeko ideia zegoela, baina ez zutela indarrik eta ez zekitela nondik hasi: «Arrotxapean entrenatzen ginen, baina, leku faltagatik, gimnasioa itxi zuten, eta Matalazek behar horri erantzun zion». Hasieran ez zuten deus, baina auzolanen eta dirua biltzeko jardueren bidez ringa egiteko tatamia, eskularruak, bendak eta beste gauza asko lortu zituzten. Astelehenetan eta asteazkenetan entrenatzen dira, 18:00etatik 19:30era.
Iruñeko Mendillorriko Antzara herri palestrako kide bat, boxeoan aritzeko prestatzen, urriaren 31n. IÑIGO URIZ / FOKU
Matalazekoaren ondotik sortu zituzten Arrotxapeko El Hadji gune autogestionatuko eta Mendillorriko palestrak, duela urtebete inguru. Entrenamenduekin hasiak dira, baina bi guneak antolatzeko lanean ari dira oraindik, ordutegia guztiz fintzen, palestrako balioak zehazten eta adosten. Arrotxapean, oraingoz, hau dute entrenatzeko ordutegia: astelehenetan 19:00etatik 20:30era, eta asteazkenetan 17:00etatik 18:30era. Mendillorrin, berriz, astearteetan 18:00etan eta ostiraletan 16:15ean elkartzen dira, Antzara plazan. Ekaitz Ruiz Mendillorriko palestran ibiltzen da, baina Matalazen hasi zen: «Egun batean, Mendillorrin auzolana genuenez, ezin ginen entrenatzera joan, eta okurritu zitzaigun Antzaran praktikatzea». Horren harira, ikusi zuten auzoan bertan palestra bat behar zutela.
Haizea Baraibar ere Mendillorriko palestrako kidea da. Nabarmendu du Matalazek palestren gaur egungo loraldiaren hazia jarri zuela: «Erreferentea izan da beste palestrak sortzeko, eta beste jende mota bat erakarri du, normalean ikusten ez ditugun aurpegiak. Matalazek erakutsi digu indibidualismotik eta merkantilizaziotik urruntzeko eta komunitate baten parte sentitzeko proiektu polit bat dela palestra». Baraibar gimnasio askotan egon da, eta «deseroso» zegoelako utzi behar izan ditu.
Horrekin bat egin du Ainara Balenek, Matalaz herri palestrako dinamizatzaile eta kideak: «Gimnasio batean, onena nor den baino ez dute kontuan hartzen, eta onak ez direnei ez diete kasurik egiten. Matalazen, aldiz, elkar laguntzeko gaude». Dinamizatzaile gisa, asmoa du tarteka gainerako kideekin biltzeko eta ikusteko zer-nolako ariketak landu nahi dituzten, zerekin dauden eroso eta zerekin ez. Gainera, palestra guztietan batzar bidez adosten dituzte gauzak.
Proiektu politiko bat oinarri
Matalaz herri palestrak sei balio nagusi ditu: antifaxismoa, langileriarena eta langileriarentzat egina izatea, elkarri laguntzean oinarritzea, eremu segurua izatea, autodefentsarako tresna izatea eta proiektu politiko batean oinarritzea. Gainerako palestrak ideia politiko horietan oinarritzen dira, baina oraindik adosten ari dira nola landu eta praktikara eraman. Antifaxistak diren heinean, nahi dute palestran ez dadila inongo diskriminaziorik onartu, ez genero identitateagatik, ez arrazagatik, ez orientazio sexualarengatik ezta erlijioarengatik ere, besteak beste.
Iruñeko Arrotxapeko El Hadji guneko palestrako kideak, urriaren 27an, entrenatzen. IÑIGO URIZ / FOKU
Kideen arteko lehia sustatu beharrean, elkarri laguntzea lortu nahi dutela dio Simo Erraoudy Matalaz herri palestrako kideak: «Ordainpeko gimnasioekin alderatuta, oso bestelako giroa sortzen da. Jendea ez dator harroputz plantak egitera, erakustera zenbat dakien eta esatera gehiago ikasi behar duela ordaindu duelako. Zaintzan jartzen dugu arreta». Horretarako, besteak beste, kolpeak zenbateko indarrarekin eman adosten edo zaintzen saiatzen dira, eta hasiberriak beteranoekin jartzen. Horrez gain, hiru palestretako kideak irrikaz daude elkarrekin gauza gehiago egiteko. Adibidez, El Hadjik lehenengo entrenamendua egin zuenean, Matalazeko zenbait kide Arrotxapera joan ziren.
Langile klasearentzako gune bat izatea nahi dutenez, argi dute inor ez dela kanpoan geldituko arrazoi ekonomikoengatik. Hain zuzen, kontsumotik aparteko aisia sortu nahi dutela kontatu du Lasak: «Gazte askok ezin dituzte ordaindu gimnasioetako tasak. Horrez gain, entrenatzera datozen eta kale gorrian diren askok ez dute bestelako alternatibarik eredu kapitalista honetan. Entrenamenduak irauten duen denbora ihesbide bat da askorentzat». Aisiari ez diote kontsumoaren ikuspegitik begiratzen: eskubidetzat hartzen dute.
Horregatik, ez dago kuota finkorik palestran parte hartzeko, eta probatzera doanak edo materialik erosi ezin duenak Matalazen, El Hadjin edo Mendillorrin dagoena erabili dezake. Erraoudy Frantziako palestra askotan ibili da. Iruñera heldu bezain pronto, boxeatzen jarraitzeko leku bat bilatzen hasi zen. Nabarmendu du horrelako baliabideak izatea «oso lagungarria» dela: «Iruñera heldu nintzenean ezin nituen eskularruak erosi, eta, erosiz gero, ez nuen non utzi».
Iruñeko Matalaz guneko herri palestrako kide batzuk entrenatzen, urriaren 22an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Beste balioetako bat da palestran landutakoa autodefentsarako tresna izatea, hau da, ez da erasotzaileei tresnak emateko baliabide bat, baizik eta indarkeria matxistaren, arrazistaren edo polizialaren aurka defendatzeko baliabide bat. «Langile klasea defendatu behar dugu egunero jasaten dituen biolentzietatik. Palestrak tresnak ematen dizkigu edozein eraso ikusten badugu langile klase gisa erantzun antolatu bat emateko», esan du Lasak.
Elkar zaintzeko gogoetak
Palestrak esparru seguru izatea nahi dute. Horregatik, ez dute inongo jarrera diskriminatzailerik edo baztertzailerik onartzen. Elkarren berri izateko eta entrenatzera doazen guztiak eroso egoteko, batzarrak egiten dituzte hiru palestretan. Halere, Erraoudyk uste du asko dutela ikasteko: «Gehiago landu beharko genuke jendeari egiten diogun harrera; adibidez, ikusi ea eroso dauden, galdetu zer behar duten, elkar hobeki ezagutzeko gauzak egin, zer moduz gauden kontatzeko aukerak sortu, eta aztertu zer egin beste kultura batzuetako jendea eroso egoteko».
El Hadjin ere aztertzen ari dira nola lortu leku «atseginago eta seguruago» bat, eta hasieratik ari dira emakumeen presentzia handitu edo bermatu nahian. «Jakinda boxeoa oso maskulinizatuta dagoela, kezka handia sortzen zigun hasieratik. Horregatik, hori lantzen ari gara», esan du Aitor Ollokiegik, El Hadji herri palestrako dinamizatzaile eta kideak. Oraingoz, talde misto bat dira, baina buruan darabilte talde ez-misto bat sortzeko ideia ere. Ez dute argi talde hori zer-nolakoa izango den: «Argi dago hor neskek hartu behar dutela lidergoa, eta adostu zerekin dauden eroso. Beste errealitate batzuei dagokienez, konfiantzazko esparruak sortu behar ditugu norberak erabakitzeko zer taldetan dagoen erosoen». Halere, uste du talde izaera eta harremanak «gehiago» landu behar dituztela edozein kezka, zalantza edo kritika lasai aipatu ahal izateko.
Matalaz guneko bi kide, boxeoan entrenatzen, urriaren 22an, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Balenek ere kezka du emakumeen eta beste identitate disidente batzuen parte hartzerik eza dela eta. Gustatuko litzaioke Matalaz «erakargarriagoa» izatea hala neskentzat nola beste identitate disidenteentzat: «Uste dut dinamizatzailea neska izateak laguntzen duela. Esparru mistoak hautu bat izan daitezke, baina uste dut gizonak nagusi diren lekuak ere okupatu behar ditugula, molestatu».
Urtez urte ikasten ari direla dio, eta balioek, eztabaidek eta aferek komunitatea sortzen laguntzen dutela: «Batzuetan ematen du kirol indibidual edo bortitz bat dela hau, baina uste dut palestrak komunitatea eta familia sortzen dituela auzoan. Palestrak beharrak adierazteko esparru bat izan behar du».
