Kezkak eta zalantzak mahai gainean jarri dituzte; aurrera egiteko zehaztu dituzten moduak ere bai. Eta hirurek bat egin dute: elkar babestea, aliantzak sortzea eta elkarlana sustatzea dira emakumeak politikagintzan hasteko eta segitzeko gako nagusiak. Esparru publikoan aritzeaz mintzatu dira Aintzane Ariztegi, Alazne Sansiñena eta Arantxa Arregi Elizondon, urriaren 28an, Baztango Udaleko Berdintasun Zerbitzuak antolatutako mahai inguru batean.
Politikagintzaren esparrua zabala da; ez da gauza bera parte hartze instituzionala edo herri mugimenduen bidez egiten dena. Arantxa Arregi erakundeen arloan aritu da beti; urte luzez egin du lan Cederna Garalurren, eta 2023tik, Doneztebeko alkatea eta Cederna Garalurreko lehendakaria da. Aintzane Ariztegik, berriz, herri mugimenduen esparrua du berezkoa; ikasle talde batean egin zituen lehen urratsak, 17 urte zituela, eta mugimendu feministan hasi zen gero, unibertsitatean. Feministen artean sentitu da erosoen, Elizondon erran duenez. Lurraren defendatzaile izateagatik, auzitara eraman eta epaitu egin zuten, Aroztegiko auziko bertze sei kiderekin batera.
Alazne Sansiñenak nolabaiteko erdibidean garatu du bere parte hartze politikoa, Elizondoko zinpeko alkate ohia baita. Zinpeko alkateak Baztango herrietako ordezkariak dira, baina ez daude lotuta alderdi jakin batekin. «Talde polit bat bazelako erabaki nuen parte hartzea; kargudun, lehendabizi, eta alkate gero. Esperientzia polita izan da», kontatu du Sansiñenak mahai inguruan.
Etxeko lanen zama
Eider Perez de Heredia Baztango berdintasun teknikaria da, eta urriaren 28ko saioan, testuingurua eman die hizlarien kontakizunei. «2023ko datuen arabera, Nafarroako alkateen %28 dira emakumeak, eta hautetsien %40; sindikatuen esparruan, ordezkarien %32-%41 dira andreak». Perez de Herediak nabarmendu du emakumeak arduratzen direla, nagusiki, etxeko lanez eta zaintza lanez, eta horrek eragin zuzena duela lan munduan edo politikagintzan egin dezaketen bidean: «Lan horien zama oztopoa da kalitatezko enpleguak lortzeko eta politikagintzan parte hartzeko».
Baztango Udaleko Berdintasun Zerbitzuak mahai ingurua egin zuen urriaren 28an, Elizondon, emakumeek politikagintzan aritzeko dituzten oztopoak jorratzeko. JON URBE / FOKU
Parte hartzeko dituzten trabak ez dira politikagintzan aritu nahi duten emakumeen arazo bakarra, lan horretan hasita, aurreiritziei eta estereotipoei ere egin behar baitiete aurre. Arregik pasadizo bat kontatu nahi izan du: «Ni gaztetan Beran aritu nintzen lanean; alaba hasi zenean, lankideei aipatu zien akaso ezagutuko nindutela. Harrituta gelditu ziren nire alaba zela jakin zutenean, ‘neskazaharra’ nintzela uste baitzuten! Etxetik kanpo ari nintzenez, uste zuten ezin nuela haurrik izan. Hagitz adierazgarria izan zen».
Arregik garbi du inork ez duela zalantzan jartzen politikagintzan ari diren gizonen parte hartzea seme-alabak izateagatik, baina emakumeekin hala egiten dutela salatu du: «Kanpoko begiradak epaitzen zaitu. Seme-alabak etxean utzi eta bilera batean dagoen emakumeari kontuak eskatzen zaizkio, baina gizonei ez zaie deus ere erraten».
Kanpoko begirada horri egin behar diote aurre esparru publikoa hartu nahi duten emakumeek, eta barrukoari edo nork bere buruaz duenari ere bai. Barruko begirada hori, anitzetan, hagitz zorrotza da, eta, azkenean, politikagintzan aritzeko aukera aztertzen ari den emakumeek atzera egitea eragiten du. Begirada horren indarra hutsean uzteko, taldearen babesa da tresna nagusietako bat, Ariztegiren hitzetan. «17 urterekin antolatzen hasi nintzenean, ohartu nintzen arras beharrezkoa zela inguru bat izatea parte hartze hori sustatuko zuena. Taldeak egon arren, ez nintzen gai ni bakarrik sartzeko eremu horietan. Behar duzu autoestimu arras handia, eta ez zen nire kasua». Ariztegik gehitu du mugimendu feministan aurkitu zuela hitza eta mikrofonoa hartzeko behar zuen babesa.
Kanpo eta barne presioak
Alazne Sansiñenak ere taldearen babesa nabarmendu nahi izan du. «Talde polit bat bazelako erabaki nuen lehendabizi kargudun aritzea, eta, gero, zinpeko alkate. Bakarrik ez nukeen parte hartzeko urratsa egin izanen».
Etxeko, etxetik kanpoko eta herriko lanen arteko «oreka» bilatu zuela kontatu du, eta eremu publikoan hastea erabaki zuela jakinda etxean ere bazuela senideen babesa. Ulertzen du, halere, parte ez hartzea erabakitzen dutenen egoera: «Taldea berritu nahi genuenean, emakumeekin pila bat saiatu ginen, baina arras zaila zen. Finean, kanpoko presioak daude, eta geure buruari egindakoak ere bai».
«2023ko datuen arabera, Nafarroako alkateen %28 dira emakumeak, eta hautetsien %40; sindikatuen esparruan, ordezkarien %32-%41 dira andreak»
EIDER PEREZ DE HEREDIA Baztango Udaleko berdintasun teknikaria
Presio horiei aurre egiteko, elkarlana da tresna nagusia, Arregiren hitzetan. Ariztegik eta Sansiñenak bat egin dute, eta emakumeek elkar babesteko izan dezaketen indarra nabarmendu dute. Ahizpatasuna, finean, arlo publikoko bidea hain malkartsua izan ez dadin. Elizondoko hizlariek garbi erran dute kontua ez dela gizonek politikagintzan aritzeko dituzten moduei eustea, baizik eta modu horiek bazter uztea, eta politikagintzari feminismotik heltzea.
Politikaren esparruan ari diren emakumeen kontrako indarkeriaz ere aritu dira: «Ez zaie duten autoritatea aitortzen, eta sare sozialetan irainak jasotzen dituzte emakume izateagatik, bertzeak bertze», erran du Perez de Herediak.
Erasoak jendaurrean salatzerakoan ere oraindik bada zer aldatu, Ariztegiren hitzetan: «Eraso bat gertatzen denean lan kolektibo bat egiten saiatzen gara, gertatu dena seinalatuz, baina pentsatuz denok dugula bigarren aukera bat izateko eskubidea. Halere, sorgin ehiza bat hasten da, min egiteko asmoz. Halako egoerek zalantzan jar dezakete esparru publikoan parte hartzen segituko ote duzun. Aliantza hagitz inportanteak behar dira bakarrik ez sentitzeko». Hizlariek nabarmendu dute gizonek ere parte hartu behar dutela politika egiteko bertze bideak eta gizartea eraldatzeko moduak bilatzeko prozesuan.
