«Gure ekoizteko eran bolumenetik urruntzen gara pixka bat»

«Gure ekoizteko eran bolumenetik urruntzen gara pixka bat»

XVIII. mendetik Nafarroan ditu sustraiak markak, eta, 1998an oliba olioa ekoizteko tradizioa berreskuratu zuenetik, Artajo markaren uzta fruituak ematen ari da. Nafarroako Olioa sor-markari atxikitako sei enpresetako bat da Artajo, eta gaur egun munduko oliba olio birjina estra hoberenetakoa egiten du. Azaro honetan, hain zuzen, munduko ehun oliba olio birjina estra onenak sailkatzen dituen 2026ko Evooleum gida argitaratu da, eta Nafarroako enpresaren hiru olio aipatzen dira bertan: Artajo 10 Arbekina, Koroneiki eta Coupage. Artajo markako olibazaina eta kalitate eta marketin arduraduna da Andrea Urzaiz (Ribaforada, 1989). Azaldu duenez, azken urteetan markaren olioak gida horretan aipatu izan dituzte lehenago ere, baina inoiz ez dira hiru izan. Lorpen hori dela-eta «oso pozik» daudela esan du Urzaizek.

Zein izan dira gakoak gaur egun munduko oliba olio birjina estra onenetako batzuk ekoizteko?

Gakoa edo sekretua, lehenik, olibak haztea da. Hau da, ez bakarrik olibak biltzea eta ehotzea eta olioa lortzea, baizik eta urteko hamabi hilabeteetan olio horiek landan ekoiztea. Eta benetan sinestea kalitatezko zerbait egin nahi duzula, kalitatea lortzeko horretan sinetsi behar duzu eta. Jende gehienak, agian, ekoizpen berantiarragoak egitera jotzen du, olio litro gehiago lortuko dituztelakoan, baina, intentsitateari eta fruta gustuaren kalitateari dagokienez, ekoizpen berantiarrak eta goiztiarrak ez dira berdinak. 

Zer oliba barietate landatzen dituzue?

Artaxon gureak diren 250 hektarea olibondo daude, eta batez ere arbekina garatu dugu. Arbekinarekin hasi ginen, Ebroren ibarraren eremu honetan klasikoena baita, eta pixkanaka-pixkanaka hamalau barietate landatu ditugu. Horregatik egiten dugu coupage bat ere, barietateen nahasketa bat; gidan aipatu duten olioetako bat da hori.

«Kalitatea lortzeko, horretan sinetsi behar duzu»

2024an munduko olio errota ekologikorik onena izan zineten. Zergatik erabaki duzue laborantza ekologikoa eta jasangarria egitea?

Lehenik, ingurua lantzen dugulako. Denbora luzez inguru segurua eta jasangarria izatea nahi dugu, eta urte askoz egotea errota inguratzen duen lur sailean. Eta bigarrenik, produktu seguru bat egin nahi dugulako, kontsumitzaileari begira berme bat duena. Lehenik kalitatea, eta gero segurtasun hori. Kalitateak ertz asko ditu. Lehenengoa kalitate organoleptikoa —zentzumenen bidez hauteman daitekeena— izango litzateke, Evooleumek kontuan izaten duena. Baina faktore gehiago daude kalitatean: ingurumenaren kalitatea, elikagaien kalitatea, segurtasuna… Horixe lortu nahi dugu nekazaritza ekologikoaren bitartez; alegia, lasai egotea ziur dakigulako produktu osasuntsu bat egiten dugula.

Nafarroako Olioa beste olio batzuk baino iparralderago ekoizten da. Zein alde on eta alde txar ditu horrek?

Alde on nagusiari dagokionez, guk beti iparraldeko olibaldiaz hitz egiten dugu, eta bertan klima apur bat muturrekoagoa da. Orduan, produktibitate mailari dagokionez, leku epelagoetakoa baino apur bat baxuagoa da. Baina Ebroren ibarrak kontraste termikoak ditu, adibidez, eta kontraste horien eraginez olioa aromatikoagoa da. Alde onei dagokienez, badugu ahalera kalitate oneko olioa egiteko, eta, alde txarrei dagokienez, izozteei eta gisa horretako arriskuei aurre egin behar diegu. Horrelakoek arriskuan jar dezakete laborantza batzuetan, nahiz eta olibondoa oso gogorra den; eremu honetan milaka urteko olibondoak daude, baina leku epelagoetan baino arrisku handiagoa dugu.

«Egiten ditugun bisita gidatuetan ikusten dugu kontsumitzaile askok ez dakitela produktua nola egiten den»

Zuen olioaren prezioa nahiko urruntzen da merkatu preziotik. Zergatik da Artajo markako olioa berezia?

Gure ekoizteko eran bolumenetik urruntzen gara pixka bat. Izan ere, zenbat eta handiagoa izan ekoizpena, orduan eta zailagoa da kalitatea kontrolatzea; halaxe gertatzen da elikagaien ekoizpenarekin orokorrean, baina are nabarmenagoa da olioaren ekoizpenean. Egunero ikusten dugu hori, inguruan dugun jendean edo beste ekoizpenetan: ahalik eta gehien lortzen saiatzen dira, eta agian ez dute kontuan hartzen uzta goiztiarrago batek polifenolak eman ditzakeela. Desberdintasun batzuk izan daitezke: lehenik, orgaleptika; bigarrenik, zenbat eta goizago bildu uzta eta zainduago egon bilketa, orduan eta antioxidatzaile gehiago izango ditu olio horrek; eta hirugarrenik, Evooleumen aukeratutako olioari Artajo 10 deitu diogu, litro bat egiteko hamar kilo oliba behar ditugulako. Eta jendeak nola kontsumitzen duen kontuan izanda, aukera dago horrelako ezaugarriak dituen olio batekin ahalik eta etekinik handiena lortzen saiatzeko.  

Olioturismoa egiten duzue Artajon, eta Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasunak bultzatu zuen Agroinfluencers proiektuan parte hartu zenuen 2024an. Zergatik da garrantzitsua informazioa ematea olioaren sektorearen inguruan?

Egiten ditugun bisita gidatuetan ikusten dugu kontsumitzaile askok ez dakitela produktua nola egiten den. Edozein nekazaritza produktu, ez olioa bakarrik. Uste dut informazio hori zabaltzeko ardura dugula lehen sektorean, eta jendea guregana erakartzekoa. Ikus dezaten zer dagoen atzetik, zer inguru dagoen, paisaia sortzen ari garela, enplegua sortzen dugula, produktu osasuntsu bat sortzen dugula… Kontsumitzaileak ere gai izan behar du hori guztia balioesteko.