Hamar urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati Iruñean 13 urteko neska bat bortxatzeagatik

Hamar urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati Iruñean 13 urteko neska bat bortxatzeagatik

Nafarroako Probintzia Auzitegiko Lehen Sekzioak hamar urte eta egun bateko kartzela zigorra ezarri dio 2022ko urrian Iruñean 13 urteko neska bat bortxatu zuen gizon bati. Espetxe zigorraz gain, hamar urtez erasotzaileak ezingo du biktimarengana gerturatu 300 metrora baino gutxiagora, ezta harekin komunikatu ere. Gainera, espetxealdia bete ostean, beste hamar urtez zaintzapeko askatasunean egon beharko duela erabaki du auzitegiak. Erantzukizun zibil gisa, 60.000 euroko kalte ordaina ezarri du kalte moralagatik.

Zigortutako gizonak 35 urte ditu, eta legez kanpoko egoeran dago. Hori dela eta, auzitegiak agindu du gizona Espainiatik kanporatzea, hirugarren gradua edo behin-behineko askatasuna lortzen duenean. Halaber, hamar urteko debekua ezarri dio berriro Espainiako lurraldera sartzeko. Epaia ez da irmoa eta, beraz, errekurritu daiteke Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian.

Sexu erasoa 2022ko urriaren 17an gertatu zen, Iruñeko Arrotxapea auzoan. Biktima eta 15 urteko lagun bat auzo horretako pump track —bizikletaz, skatez edo patinez ibiltzeko pista— parkera zihoazela, erasotzailearekin egin zuten topo. Epaiketan jakinarazi zutenez, egun hartan bi neskek etxetik ihes egin zuten baimenik gabe.

Erasotzailearekin hizketan hasi ziren sakelakoaren itzultzailea erabilita, eta hirurak Arga ibaiaren ondoko lorategira joan ziren. Epaiak frogatutzat eman duenez, auzipetuak pasealekutik urrun dagoen gune batera eraman zituen adingabeak; 15 urteko neska bertan etzan zen, eta, dirudienez, lo geratu zen. Orduan, «bakarrik zeudela aprobetxatuta», 13 urteko neska bortxatu zuen.