Azken asteetan, zenbait talde antifaxistak aurre egin diete Espainiako Falangearen eta Vito Quiles aktibista faxistaren ekitaldiei, eta «jopuntuan egon dira», Mugimendu Sozialistak Iruñean egindako agerraldi batean azaldu duenez. «Antifaxismoa aktiboki bultzatu dutenen aurka izandako kriminalizazioa» salatu dute Iruñeko Gaztelu plazan egindako agerraldian. Kanpaina horien atzean «hainbat komunikabide eta eskuineko nahiz ultraeskuineko alderdiak» daudela uste dute. Hala jakinarazi du Garazi Navarro EHKSko eledunak.
Kontatu du Espainiako Antena3 hedabideko kazetari batek zenbait kide baimenik gabe grabatu zituela Iruñeko Zentro Sozialistan eta Mugimendu Sozialistaren tabernan, eta baita atzetik jarraitu ere. Navarrok adierazi du erreportaje hori «azken asteetako hainbat adierazpen eta albiste kriminalizatzaileren ondoren» agertu dela.
Eskuineko hedabideena ez ezik, alderdi batzuen jarrera ere salatu du EHKSk. Haren ustez, «EAJren adierazpenak daude kriminalizazio kanpainaren abiapuntuan», urriaren 12ko gertakarien ondoren eginak. «Espainiako komunikabideek segida eman diote horri». Jeltzaleen jarrera salatu du Navarrok: «Programatikoki, gainera, EAJ bera ari da erreakzioaren hainbat elementu mahai gainean jartzen euskal politika instituzionalean».
Erakundeen «hipokrisia»
Mugimendu Sozialistaren arabera, agerian geratzen ari da «alderdi instituzionalen hipokrisia». Izan ere, uste dute erakundeak «faxismoari atea irekitzen» ari zaizkiola. «Prozesu hau ez du eskuinak soilik ahalbidetzen, estatu burgesa eta faxismoa bidelagun naturalak dira langileon aurka, burgesiaren interesak eta ordena mantentzeko daude biak, eta faxismoaren helburua estatua bera indartzea da, estatu eredu autoritarioa bultzatuz. Horregatik, hain zuzen ere, faxismoa indartu baino ez da egin ezker instituzionala gobernuan dagoenetik».
«Jopuntuan zera dago, erantzuna emateko eskubidea, arrazismoari, matxismoari, klasismoari eta, oro har, eduki erreakzionario guztiari erantzutekoa»
GARAZI NAVARRO EHKSko eleduna
Halaber, adierazi dute «eskuin muturra nahi duen guztia» egiten ari dela «sare sozialetan, komunikabideetan eta kalean». Zehaztu dute «faxismoaren gorazarrea» egiten dela, eta «antifaxisten zein sindikatuen lokalei su eman, gezur eta buloak zabaldu, militante sozialak jipoitu eta abar». Bada, egoera horren inguruan «ezker instituzionalak» duen jarrera salatu dute: «Ezker instituzionalak erantzun antifaxistari erreparatzen dio etengabe».
Horrenbestez, hedabideen zein instituzioen helburua zera da, Mugimendu Sozialistaren arabera: «Oldarraldi faxista sustatzeko bitartekoak jartzea eta antifaxismoa jokoz kanpo uztea». Gainera, auzi hori «GKS eta Mugimendu Sozialistatik harago» doala uste du Navarrok: «Jopuntuan zera dago, erantzuna emateko eskubidea, arrazismoari, matxismoari, klasismoari, sare sozialen eta komunikabideen gezurrei eta, oro har, eduki erreakzionario guztiari erantzutekoa».
