Nafarroako fiskaltzak helegitea jarriko dio adingabe baten salerosketarekin lotuta artxibatutako auziari

Nafarroako fiskaltzak helegitea jarriko dio adingabe baten salerosketarekin lotuta artxibatutako auziari

Tuterako epaile batek 14 urteko neska baten salerosketarekin lotutako auzia artxibatzeko erabakiaren aurkako helegitea aurkeztuko du Nafarroako fiskaltzak. Izan ere, Tuterako familia bati leporatu zioten alaba Kataluniako familia bati saldu izana, haien 21 urteko semearekin ezkontzera behartzeko. Tuterako epaile batek auzia behin-behinean artxibatzea erabaki zuen, argudiatuta neskak deklaratu zuela borondatez zegoela familia horrekin.

Auzia artxibatzearen ondorioz, horrekin lotuta atxilotutako bost lagunak aske uzte utzi zituzten: neska adingabearen gurasoak —Nafarroan bizi dira—, Mollerussako (Lleida) senar-emazteak eta haien semea.

Joan den larunbatean, Guardia Zibilak jakinarazi zuen guraso batzuk atxilotu zituztela Nafarroan, 14 urteko alaba Mollerussako senar-emazte batzuei 5.000 euroren truke saltzeagatik. Diruaz gain, bost whiski botila eta jatekoa eman zizkieten adingabearen gurasoei.

Kataluniako mossoek neska ikusi zuten eskean Lleidako herri bateko supermerkatu baten aurrean, eta ikerketa abiatu zuten. Horren ondorioz, Kataluniako senar-emazteak eta haien semea atxilotu zituzten. Neska adingabea Kataluniako Generalitaten esku geratu zen orduan.

Adingabeak Tuterako epaitegi batean deklaratu zuen, eta epaileak auzia behin-behinean artxibatzea agindu zuen, adingabearen lekukotza gainerako zantzuak baino garrantzitsuagoa zela iritzita. Neskak adierazi zuen bere borondatez eta gurasoen baimenarekin bizi zela Lleidan, eta ukatu egin zuen gurasoek ezkontzera edo eskean aritzera behartu zutenik.