Orain egun batzuk irakurri nion Zuzeu-n Nafarroan ELAko koordinatzaile den Imanol Pascual Arizi honako titulua eman zion artikulua: 10 urte UPN gabe, gauzatu gabeko aldaketa. Titulutik hasita, kritika bidezkoa egin die gobernuan izan edo hura sostengatu duten alderdiei, baina oso errealista ez den aipu bat egiten du: «Euskara ez da normalizatu».
Euskara normalizatu? UPNren gobernuaren garaian normalizatu gabe egon izan bada, azken hamar urte hauetan esan beharra dago normalizatu direnak mespretxua, erasoa eta bazterketa izan direla. 1970etik hona ez gara hain egoera larrian inoiz egon. Euskalgintzan ari garenon lokartzea alde batera utzirik, Nafar Gobernuak onartu eta indarrean jarri dituen legeak ezin daitezke inola ere bazter utzi. Eta, horietan, PSNren euskarafobiak izan duen eragina neurrigabekoa da, horrela esan badaiteke bederen. Eta haren jarrera orokorra? Gutxiestea, errespetu falta eta ikustaterik eza, besterik ez. Esan dudana, itsasoraino… Hona hemen zerrenda txiki batean PSNk eta gobernuak euskara hondatzeko hartutako erabaki bakar batzuk, denak ezin aipatu, jakina:
Azken urte hauetan gurean sortu diren D eredu guztiak PAI izanen dira: gero eta ingeles gehiago sartuko dute, eta euskara ikastea zaildu, horrek dakartzan inposizioa eta bazterketa direlarik gainera gauzarik gaitzena. Gurasoen eta irakasleen nahiaren kontra bete-betean joz, lotsarik gabe. Bai, Gimeno kontseilaria txapelduna dugu euskarafobian.
Errepideetako seinaleetan, Oscar Chivite Lurralde Kohesiorako kontseilariak ahal duen guzietan euskararen kontra egin du, legea ahalik eta estuen interpretatuz eta anitzetan legea bera hausteraino. Gizon horren fobia ia hamarrekoa da. 2023an, Joseba Otanok, Administrazioa Euskaldundu Dezagun taldekoak, administrazioko langile behin-behinekoen egonkortze prozesua honela titulatu zuen: Egonkortze prozesuek administrazio elebakarra finkatu dute. Eta, zoritxarrez, prozesu honetan Iruñeko udalak gobernuaren bide bera erabili du.
Zer esan D eredua eskatu duten herrietan izan dituzten zangotrabatze eta ukoei buruz? Hori da norma, hori da normalizatzea, inposatzea guraso euskaltzaleei gaztelera eta ingelesa. Euskarari vade retro. Gobernu honek ia-ia euskara deabrutzeraino eraman du. Ikaragarria izan da. Eta zer esan 97/2024ko Merezimenduen Foru Dekretuari buruz? Nafarroako Administrazio osoan eragina duenaz? Euskara askoz gutxiago baloratzeko izan da, UPNren garaian baino gutxiago. Bada zerbait! Udal abertzaleek jarri ote zioten helegitea dekretu honi? Bai, batek. Lotsagarria.
Eta dekretu hori zuritzeko, honako hau saldu nahi izan zuen Euskararen Nafar Kontseiluan, aurtengo ekainean, Ana Ollo Nafarroako lehendakariorde eta Geroa Baiko kideak: «Nafarroako administrazioan euskaldunok euskaraz artatuak izateko aurrerapen ona da». Isiltzea hobe!
Udalak zeharka bederen aipatu ditugu, baina merezi du Iruñeko alkatea den Joseba Asiron espres aipatzea ere. Aurten, Noticias-en egin zioten elkarrizketa luze batean euskararen inguruan galdetu eta zintzilik duen asignatura omen, «hay que hacer mucha pedagogia con el PSN» bota zuen [pedagogia lan handia egin behar da PSNrekin]. Beste deus esan gabe. Joseba, nik dakidanez indar korrelazioak markatzen du politika. Ba, zuek, Madrilen PSOE sostengatzen zaudetenez geroztik, ez duzue deus handirik atera, egoera ezin hobean zaudetenean. Edo zerbait ekarri duzue Nafarroara? Esaguzu mesedez, ni ez bainago jakitun.