Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria mintzatu ondoren, Nafarroako Parlamentuko taldeen txanda heldu da erkidegoaren egoerari buruzko eztabaidaren osoko bilkuran, eta, espero zen moduan, UPN oso oldarkor aritu da Txibiteren aurka. Javier Esparza eledunak presidentearen dimisioa galdegin du, eta hauteskundeetara deitzeko eskatu. Nafarroa ekonomikoki eta sozialki «amildegiaren alboan» dagoela adierazi du Esparzak, eta ziurtatu UPN dela «hondamendirik» ez izateko bide bakarra.
Esparzak gehienbat Belateko lanen auzia izan du hizpide bere tartean. «Gertatu dena UPNren gobernu batean pasatu izan balitz, dimititzeko eta hauteskundeetara deitzeko eskatzen arituko zineten», esan die gobernuko bazkideei. Gobernua babesten duten taldeei esan die «konplizeak» direla, eta «ezkutatzen» ari direla «PSNren eskandaluak». Esparzarentzat, «gobernu fake» bat da Txibiterena, bere mintzaldian sarritan esan duenez.
«Ustelkeriak inguraturik zaudete, eta egiturazko arazo bat zarete Nafarroarentzat», bota dio presidenteari: «Zuk, Txibite anderea, ez duzu sinesgarritasun politikorik; ez duzu inoiz ere izan, baina orain are gutxiago, zure lagun Cerdan kartzelan dagoela. Errealitateari begiratu: jendeari entzun eta hauteskundeetara deitu».
«Zuk, Txibite anderea, ez duzu sinesgarritasun politikorik; ez duzu inoiz ere izan, baina orain are gutxiago, zure lagun Cerdan kartzelan dagoela»
JAVIER ESPARZA UPNko eleduna
Belateko auzitik tira egin ondoren, UPNko eledunak «terrorismoa» hartu du ahotan, PSNk eta EH Bilduk dituzten akordioak azaltzeko. «ETAren bitartekariekin bizitzen zoriontsu» dela esan dio Txibiteri, EH Bildu «zuritzen» duela, eta «Iruñeko giltzak» eman dizkiola koalizio abertzaleari, «botereari eustearen truke».
Laura Aznal EH Bilduko eleduna. JESUS DIGES / EFE
EH Bildu eta azeleragailua
EH Bilduko eledun Laura Aznalek hitza hartu duenean, Esparzari zuzendu zaio une batez. «Zeinen luzea egiten ari zaizun, Esparza jauna», esan dio, eta hau erantsi: «Ez naiz ari osoko bilkuraz». Bilkideak helarazi du Nafarroan ez dagoela tokirik «gorrotoarentzat», Nafarroa «antifaxista» dela, eta, «desberdintasunak desberdintasun, gehiengoa» direla faxismoaren aurkakoak.
Aznalek berretsi du EH Bildu «sufrimendu guztiak eta biktima guztiak» aintzat hartzen dituen memoria bat eraiki nahi duela, eta memoria hori «lehia politikotik kanpo» egotea nahi duela. Txibiterentzako mezua izan da hurrena: Cerdan auziari buruzko «egia osoa» jakin nahi du koalizioak, ez baitu «batere tolerantziarik ustelkeriarekin», baina UPNri hitz eginda zera gaineratu du: «Ez zaudete ustelkeriaz kezkatuta, boterearen eserlekuetara itzultzeaz baizik»; eta argitu du EH Bildu ez dela sartuko «joko horretan».
Baina berriro PSN, Geroa Bai eta Zurekin taldeek osatzen duten gobernuari erreparatuz, Aznalek adierazi du dagoeneko «inertzia» ez dela nahikoa, eta «aldaketa sakonak eragiteko azeleragailua» sakatu behar duela Txibiteren gobernuak: «Eustea ez da aski». Hala, etxebizitzan, hezkuntzan, osasunean eta beste zenbait esparrutan aurrerapausoak emateko eskatu du, eta «hortxe dauden erronka handiei erantzuteko burujabetza handiagoa» galdegin.
«[UPNn] Ez zaudete ustelkeriaz kezkatuta, boterearen eserlekuetara itzultzeaz baizik; eta EH Bildu ez da sartuko joko horretan»
LAURA AZNAL EH Bilduko eleduna
Euskararen Legea aldatu behar dela zehaztu dio Nafarroako presidenteari, administrazioa euskaldundu ahal izateko besteak beste. Halaber, koalizio subiranistarentzat Lorafnaren batzordeak «lehentasuna» duela ohartarazi du Aznalek, eta «nafarren erabakitzeko eskubidea» aintzat hartu beharko dela; etor daitezkeen egiturazko aldaketen bidez, «foraltasuna indartu eta bermatu» egin beharko dela ziurtatu du bilkideak.
Gero Bai, inertziaren aurka
Nafarroako Gobernua osatzen duen bazkideetako batek, Gero Baik, garrantzia eman dio gobernuak ematen duen «egonkortasunari». Pablo Azkona eledunak nabarmendu du talde «batzuek eta besteek akordioak egiteko» duten gaitasuna. Baina, EH Bilduren antzera, «anbizio handiagoa» izateko eskatu du, eta «inertziak» baztertzeko: «Nafarroan ikuspuntu zabalagoa behar dugu, ausartagoa, etorkizunak dakartzan erronkei erantzun ahal izateko».
«Anbizio handiagoa behar da; Nafarroak egonkortasuna behar du, akordioak ere bai, baina anbizioz eta ausardiaz»
PABLO AZKONA Geroa Baiko eleduna
Halaber, «Nafarroarekin dituen konpromisoak» betetzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta azpiegiturak, Hitzarmen Ekonomikoa, argindarraren gaitasuna eta euskararen normalizazioaren esparruetan aurrerapausoak emateko: «Nafarroak egonkortasuna behar du, akordioak ere bai, baina anbizioz eta ausardiaz», adierazi du Geroa Baiko eledunak, PSNrentzako mezuaren traza hartu duen eskaera batean.
Edonola ere, Azkonak uste du Nafarroak ustelkeria auziak atzean utzi eta «sendoturik» atera behar duela. «Batzuek eginahalak egiten dituzte auzi horiek Nafarroara ekartzeko», esan du, eta aurpegiratu dio eskuinari «Nafarroaren izen ona zikintzen» ari dela «hauteskundeen kalkuluagatik».
PP, UPNren antzera
UPNren antzera, PPko Javier Garcia jirabiraka ibili da bere diskurtsoan, eta ustelkeriarekin lotu nahi izan ditu etengabe PSN eta Nafarroako Gobernua. Kasurako, Cerdan auzia Nafarroaren «atalik beltzenetako» bat dela adierazi du. Guardia Zibileko UCO unitatearen txostena meteoro batekin alderatu du, eta kritikatu PSNk erantzukizun politikorik onartu ez izana. «Ikusi, entzun eta isildu egiten dira bazkideak, eta justifikaezina justifikatzen dute», esan du, eta gaineratu: «Hori ez da gardentasuna, hori ez da ustelkeriaren aurka borrokatzea. Hori elkarren beharra duten bazkideen arteko joko zikina da».
Zurekin Nafarroako Carlos Guzman bestela mintzatu da guztiz, eta «anbizio eta ausardia handiagoa» eskatu die Nafarroako Gobernuko beste bi bazkideei, «akordio programatikoaren edukia gauzatzeko». Bere mintzaldian, argi utzi du koalizioak ez duela ustelkeriarik onartzen, baina zantzu oro ikertzeko borondatea adierazi du, eskuineko oposizioaren joko politikoa gorabehera, «lasaitasun eta zorroztasun handienarekin».
Aste honetan hitzartutako zerga arloko neurrien inguruan, argitu du ez dela haiek nahi luketen proposamena. «Dena den, errentarik apalenei arnasa emango diegu, eta bestela formulatuko dugu sozietate zerga. Nafarroan gehien duenak gehien ordainduko du, eta hori gure hiru eserlekuekin lortu dugu».
