Ebakuntza gelan

Ebakuntza gelan

Nafarroako hainbat ikastetxetan aritu naiz Hizkuntza eta Literatura irakasle, eta, behin baino gehiagotan, nire mintegikideren batek adierazi izan du poesia ez zuela ulertzen. Hori zela gelan poesia ez azaltzearen arrazoia. Hein batean errespetua eta beldurra sentitzen zituela poesiaren aurrean. Eta orduan nik, nire poesia-irakurle memorian bilatuz, poetaren bat gomendatzen nion. Beti pentsatu izan dut pertsona bakoitzari poeta jakin bat zegokiola. Ez dut poesia gustuko entzuten nuenero pentsatu izan dut pertsona hori oker zebilela, bazegoela nonbait, ezkutuan, oraindik deskubritzeke zuen poemarioren bat. Orduan, harropuzkeriak jota, poeta hori topatuko nuela zin egiten nion nire buruari. Aurkituko nuela berari espresuki zuzenduta zegoen ahots hori.

Suposatzen dut pasio bat duzunean ondokoekin partekatu nahi duzula, eta ez duzu ulertzen zergatik ez duten burua galtzen, adibidez, Inger Christensenen Eso zein Alfabeto liburuen aurrean. Denbora aurrera doa, eta, azkenean, urteek ematen dizuten erdipurdiko baretasun horrekin, distantziaz ari naiz, onartzen duzu besteek ez dutela zergatik partekatu zure grina, zure bizitzako zutabea diren idazkera eta poesia. Poesia idatzi berri duzu eta zerbaitek, sugandila batek, adibidez, barrunbeak astindu dizkizu. Nola ez ba? 

Onartzen duzu besteek ez dutela zergatik partekatu zure grina, zure bizitzako zutabea diren idazkera eta poesia

Baina gaurkoan hamabost urteko ikasle batek askotan entzun duzun esaldia errepikatu du: poeta hauek guztiak erreta zeuden idazten zutenean eta orain beren paranoiak ikasi behar ditugu, ez da bidezkoa! Nire erantzuna, Azahara Alonsoren eta Mario Montalbettiren hitzei jarraika, betikoa izan da: poema batek hizkuntza salbuespen egoeran jartzen du eta hor hizkuntzaren iraultzarik interesgarriena eta miresgarriena dago. Eta azaldu diot, baita ere, komunikazio likidoaren garaian (eta likidoaz ari naizenean diruaren aurrean makurtzen diren hitzaz eta erretorikaz ari naiz, irakurtzen eta ulertzen erreza den horretaz guztiaz) birrindutako hitzaren gorpuari gorputza itzuli behar zaiola. Izenak izena izan behar duela. Materia. Eta idazterakoan, mintzatzen garenean, hezitako lengoaiatik at egitea interesgarria dela. Eta hori eskaintzen duela poesiak askotan (ez beti, noski). Eta horregatik poema bat poemaren izateari jarraika irakurri behar dela; ez idazleak aurretik eraikitako zentzu jakin baten gakoa bilatuz, ezta metafora luze baten interpretazioa topatuz, ez. Poema bat bere sistema propioan oinarritzen da. Askatasunerako proposamen bat dela poema bakoitza. Eta gaia, zein forma, zein bestelako elementuei begira disekzionatuz, azkenean, poema akabatuko dugula. Deshezi behar dela poesiaren irakurketan poemaren desirakurketan edo desplazerrean hezi gaituztelako: zein da gaia?, zeren inguruan ari da poeta hemen?, non ikusten duzu?, eta bestelako galdera hilak planteatuz. Baina orduan, ikaslearen aurpegian aharrausi erraldoia marraztu da eta ezetz, Uxue, erreta zaudela esanez, bere horretara itzuli da.