Nafarroaren egoerari buruzko eztabaida hasi aurreko bezperan, Madrilen, Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboko buruzagia entzun ahal izan zen Espainiako Auzitegi Gorenean. Fiskalburuaren aurkako auzian egindako adierazpenek agerian utzi zuten beste behin ere interes politiko ilunen arabera jokatzen duela ustez inpartziala izan behar lukeen ikertzaile nagusiak. Ustekaberik, ez. Aspaldidanik, Euskal Herrian ezaguna da haien eragin ahalmena eta oraingo gertaerek beste behin gogorarazi dute aktibo jarraitzen dutela.
Bost hilabete iragan dira UCOren txostenak Nafarroan lurrikara politikoa eragin zuenetik, baina bi egunotako eztabaidak agerian utzi du egoera irauli dela. Oraingoz, ez Belateko tuneletan ez beste adjudikazioetan ez da legez kanpoko esku hartzerik topatu eta gobernuko bazkideen zein EH Bilduren arteko konfiantza ez da pitzatu. Zoru segurua zapaltzen duen segurtasunarekin mintzatu da Maria Txibite lehendakaria. Haatik, zalantzaren kea zabaldu zuen ostegun arratsaldean UPNko Javier Esparzak. «Ziurtatu al dezakezu Santos Cerdanek ez diola Koldori audio batean esaten ‘Belatekoa egina dago’?». Itxurakeriatan al dabil Esparza ala karta markatuak ditu? UCOren mehatxuaren itzala iradoki du, arerioei zalantzaren harra piztu nahirik.