Auzolana. Euskal Herriko historian sustraitutako kontzeptu horri adiera berria eman nahi diote euskarazko hedabideek, egungo erronka teknologiko globalei aplikatuta. Ideia hori ardatz hartuta, Sarebide egitasmoa sortu dute BERRIA, Hamaika Telebista, Euskal Irratiak, Kanaldude eta Euskalerria Irratia hedabideek, Elhuyar fundazioarekin batera. «Mugaz gaindiko lankidetza teknologikorako sare bat sortzea», horra Sarebideren eginkizun nagusia, eta, horren barruan, finkatuak dituzte jada hiru lan ildo nagusiak: bat, baliabide eta soluzio teknologiko komunak garatzea; bi, sare eta kanal berriak sortzea, euskarazko ikus-entzunezko edukiak gehiago zabaltzeko; eta hiru, sarea osatzen duten hedabideen azpiegitura digitala gaurkotzea. Gaur aurkeztu dute proiektua, Iruñeko Kondestablearen jauregian.
«Euskarazko komunikazioaren ekosistema osoa indartzeko urrats bat da», laburbildu du Ainhoa Jauregik, Hamaika Telebistako zuzendari nagusiak. Harekin batera izan dira Pello Urzelai, BERRIAko IKTen arduraduna; Juan Kruz Lakasta, Euskalerria irratiko zuzendaria; eta Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria.
Sarebidek «batasunaren indarra» irudikatzen duela uste du Lakastak. Izan ere, aurkezpenean esplikatu duenez, euskarazko hedabide txikiek «gisa honetako proiektu komunen bitartez soilik egin ditzakete bakarka pentsaezinak liratekeen aurrerapausoak». Horiek horrela, Euskalerria Irratiko buruak esker ona adierazi die Nafarroa-Euskadi-Akitania Berria euroeskualdeko arduradunei, diruz lagundu baitute proiektua, Interreg Poctefa mugaz gaindiko lankidetza programaren funtsen bitartez. «Programa horrek bide eman digu auzolanean aritzeko Euskararen Herria zatituta dagoen hiru eremu administratiboen artean, eta hori gauza handia da», gehitu du Lakastak.
Hamaika Telebistako Ainhoa Jauregiren esanetan, proiektu teknologikoa baino askoz gehiago izanen da Sarebide: «Euskararen erabilera sustatzeko tresna estrategikoa jarriko dugu martxan. Mugaz gaindiko lankidetzari esker, gure hizkuntzan sortutako ikus-entzunezko edukiak jende gehiagorengana iritsiko dira, eta, aldi berean, komunikabideon gaitasun teknologikoak eguneratuko dira». Lankidetza mota berri horri «estrategiko» deritzo Jauregik: «Baliabide komunak, azpiegitura partekatuak eta soluzio teknologiko aurreratuak uztartuko ditugu, nork bere indarguneak mantenduz baina sare baten logikan jardunez».
Proiektuaren «mugaz gaindiko izaera» nabarmendu du Jauregik. Hots, Euskal Herria eta euskararen komunitatea «bere osoan» hartuko dituela: «Guretzat, hori da indargunerik handiena; hizkuntzak eta kulturak ez dute mugarik, eta komunikabideok elkarrekin jardunez egiten dugu hori ageriko».
Plataforma digital berriak
Eta zertan mamituko dira asmo horiek guztiak? BERRIAko Pello Urzelaik eman ditu egitasmoaren xehetasunak. Haren esanetan, euskarazko eduki digitalak hedatzeko sistema berriak garatu asmo dituzte, eta jada lanean ari dira bi plataforma digital sortzeko: alde batetik, mugaz gaindiko ikus-entzunezko plataforma digital bat, «edukiak modu bateratuan eta teknologia aurreratuarekin eskaintzeko»; eta, bestetik, streaming bidezko musika plataforma bat, «egungo Badok webgunea eraldatuko duena, euskal musikaren ekosistema osoa zainduko duena, entzuteko esperientzia on batekin eta informazio eguneratuarekin».
Horrez gain, adimen artifizialeko eta NLP Lengoaia Naturalaren Prozesamenduko teknologien esparruan ere lan eginen dute: «Kazetaritza hobea egiten lagunduko diguten tresnak garatzeko erronkari helduko dio Sarebide proiektuak», gehitu du Urzelaik.
Orain arteko lanaren fruituak «modu progresiboan» azaleratuko dira: zerbitzarien azpiegitura berria, esate baterako, 2026. urtearen hasierarako espero dute; musika plataforma, berriz, urte horren amaierarako egonen da prest; eta ikus-entzunezko plataforma bateratua, azkenik, udaberrian hasiko dira garatzen, eta 2027rako jarria dute epemuga.
Haize «erreakzionarioen» aurka
Hedabideetako ordezkariekin batera, Sarebide proiektuaren aurkezpenean izan da Ana Ollo lehendakariordea ere. Adierazi duenez, Nafarroako Gobernuak «eskualdeen Europan» sinesten du: «Alegia, Europa bat behetik gora irekia, udal eremutik hasita, eta pluraltasuna aintzat hartzen duena». Eta ikuspegi horrekin bat egiten du Sarebidek. Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak nabarmendu du «sare lankidetza» sustatuko duela proiektuak, «mugaz gaindiko benetako auzolana, euskara ardatz hartuta».
Bestalde, «mundu osoa astintzen duten haize erreakzionarioak» ere mintzagai izan ditu Ollok. Haren irudiko, gaur egun jokoan dira «tokiko hizkuntzen aniztasuna, pluraltasuna eta demokrazia bera», eta, joera horri aurre egiteko tenorean, «funtsezkoak» dira hedabide serio eta fidagarriak: «Hala gezurrak, zurrumurruak eta albiste faltsuak desmuntatzeko, nola informazioa eta formakuntza eskaintzeko».
