«Baserrian ari nintzen egun batean, eta mikrofonoaren aurrean hurrengoan»

«Baserrian ari nintzen egun batean, eta mikrofonoaren aurrean hurrengoan»

Behinola usategi izandako txokoan egina du habia Martin Juanenak (Astitz, Nafarroa, 1959): Aralar irratiko estudioan, Lekunberrin. Gorka Urbizu herritarrak esango lukeen moduan: Irrati bat. Esatari bat. Atera ditu diskoak argazkirako: «Roberto Carlosen hau ez duzue entzun? El progreso bikaina da». Gehien jarri duena ateratzeko eskatuta: «Kaxianoren hau, noski». Entzuleek oparitan emandakoak dauzka ikusgai jarrita: egurrezko onddo bat, bertso idatziak… Haietako batek laburtu du dena: «Lehen bertatik bertara bizi ginen, baina jada bakartiago bizi gara. Irratiari bizi emanez, elkartzaile izan zara. Ilusio bat eraman duzu etxeko sukaldeetara».

Esataria afizioz, eta ofizioz.

Afizioz dela esango nuke.

Oso txikitatik.

Umetatik. Kirolzale amorratua izan naiz beti. 5 urte baino ez nituen, eta apaizaren etxera joaten nintzen. Hark bakarrik zeukan telebista garai hartan. Gogoan dut oraindik ikusi nuen lehen partida.

Zein? 

Santiago Bernabeun, Espainia Belgikaren kontra. Bana egin zuten. Apaizaren hanketan egon nintzen partida ikusten. Kirola, komunikabideak, irratia… oso txikitatik bizi izan ditut. 

Oso garaiz erosi omen zenuen lehen irratia ere. 

10 urterekin. Radio Nacionalen kirolak ematen zituzten 14:55ean. Jakin nahi nuen egun horrek kirol munduan zer eman zuen. Irrati txiki hori ezkutatu egiten nuen eskolan. Entzutera joateko zerbait asmatu behar, eta maistrari egunero esaten nion: «Pixagale nago». Erantzuten zidan: «Zoaz, bada». Baina kezkatzen hasi zen, eta gurasoei deitu zien: «Begiratu iezaiozue maskuria mutiko honi. 14:30ean sartzen da, eta 14:55ean pixagaleak dago beti». Gurasoek: «Ez diogu, bada, deus ere sumatu».

Martin Juanena, eguneko prentsaren errepasoa abiatzen. BERRIA

Baina harrapatu egin zintuzten. 

Hemezortzi lagun ginen gelan, eta beti egoten da salatariren bat. Bazen neska bat nirekin oso ongi konpontzen ez zena, eta irratiarekin ikusi ninduen. Maistrarengana joan zen: «Pixarena gezurra da, maistra! Irratia entzuten ari da!». Lotsa ederra pasatu nuen. Baina ordurako jada pasioa pizten zidan irratiak. 

Ikasle ona zinen? 

Alferra. Erraztasun handia neukan, baina alferra nintzen. Bostekoa ateratzea nahikoa iruditzen zitzaidan beti.

Zenbat senide zineten? 

Bost. Eta ni zaharrena. Izan nuen aukera ikastera joateko ere. Urnietatik fraide batzuk etorri ziren, haiekin estudiatzera joateko proposatuz. 11 urte baino ez nituen, eta pentsa zer-nolako erabakia zen hura. Aita eta ama nituen baserrian, haiek gustura zeuden nirekin, eta ni ere bai haiekin; oso maitatua sentitzen nintzen. Eta baserriak badu zerbait berezia. Nire bi lagun fraideekin joan ziren, baina ni baserrian gelditu nintzen.

Eta irratia beti buruan?

Goizero, arratsaldero eta gauero. Jose Maria Garcia Butanito erregea zen orduan. Luis del Olmo eta Iñaki Gabilondo ere gustura entzuten nituen.

Nolatan sortu zen irrati esatari izateko aukera? 

Baserri koskorra geneukan. 30 urte nituen, berrogei behi buru, eta obra handi bati aurre egin beharra: etxalde bat eraikitzea. Bestela, ez zegoen han jarraitzerik. Aita ere nahiko lan eginda zegoen ordurako, eta jada pentsatzen hasita nengoen Lekunberriko fabrikaren batean-edo lanean hastea.

Bisita bat izan zenuen.

Jose Antonio Goikoetxea Lekunberriko zinegotzia etorri zen etxera. 1991. urtea zen. Aralar irratia maiatzean jarri zuten martxan, baina lehen esatari hark ez zuen jendearekin konektatzea lortu. Inork ez zion deitzen, oso fina zen arren, eta kazetaria. Goizetik gauera arduradunei esan zien: «Ni banoa, ni ez nago ondo». Eta arduradunak irailean etorri ziren niregana: «Entzun dugu Astitz aldean badela hizlari on bat, baserrian aritzen dela, baina sekulako etorria duela, ez dela isilik egoten». Proposatu zidaten ni izatea esataria: «Animatuko ote zinateke?». Zer-nolako komeria! Erabakia hartu bezperan, ez nuen 05:00ak arte begirik bildu. Aitak esan zidan: «Hirea duk erabakia».

Bistan da: baiezkoa eman zenuen.

Berrogei behiak arroiztar bati saldu nizkion. Eta irailaren 23an sartu nintzen hementxe.

Martin Juanena, kaskoak jantzita, Aralar irratiko estudioan. IÑIGO URIZ / FOKU

Nork egin zizun harrera? 

Abelina Zabaleta zegoen hemen. Ez dakit 17 urte ere izango zituen. Larunbat goizetako saioa egiten zuen haurrekin. Asko balio zuen. «Lasai, Martin, jarriko zara», esan zidan. Izan ere, baserrian ari nintzen egun batean, eta mikrofonoaren aurrean hurrengoan! 

Salto handi samarra. 

Sekulakoa. Baina mikrofonoaren aurrean asko lagundu zidan nik entzule gisa gustuko zer nuen jakiteak. Herrian eta eskualdean nobedadea izan zen. Ez da geure burua abonatzeagatik, baina baserri onekoak izan gara. «Ixurreneko Martin baserritik irratira etorri omen da», esaten zuten. Ikusmin handia sortu zen.  

Baserritarra zinela nabarmentze horrek mindu zaitu inoiz? 

Ez, ez. Ni oso lasai etorri nintzen, nahiz eta kritikarik ere egon zen.

Herri txiki, infernu handi. 

«Aitak eta amak emanda halako baserria eduki, eta irratira etorri! Lotsarik ez du. Alferra halakoa». Komentario gogorren bat egon zen, bai. Bazterretik egindakoa, ez aurrez aurre egindakoa. Baina ez nintzen inoiz horretan sartu. 

Irratiaren aldeko apustua euskararen alde egindakoa izan zen? 

Hasieratik. Horregatik aukeratu zuten Lekunberri: euskara galtzear zegoen hemen orduan. Pello Argiñarena zen euskara zerbitzuko buru. 

Eta zure euskara?

Herriko euskararekin etorri nintzen. Argiñarenak txosten bat egin zuen esanez ez nuela irrati batean aritzeko euskara mailarik. Alkateak-eta horrela esanda, euskaltegira joan nintzen lau urtez, alfabetatzera. Nabaritzen nuen nik hori. Erabaki horiek denak nire mesedetan hartutakoak izan ziren.

Norengandik jaso zenuen euskara? 

Aita eta ama, biak ziren euskaldunak. Larraun ibarrekoak biak: Astizkoa bata, eta Gorritikoa bestea. Amak zioen Gorritiko euskara politagoa zela; autentikoagoa. 

Kazetaritza irizpideetarako ere laguntza izan zenuen? 

Edurne Arrizabalaga jarri zidaten laguntzaile gisa. Irratiak sekulako indarra hartu zuen, eta pentsatu zuten merezi zuela beste kide bat ekarri eta beste soldata bat ordaintzea. Komunikazio ikasketak-eta eginak zituen Bizkai alde horretan. Sekulako lana egin zuen berriemaileak-eta topatzen. 24 herri hartzen baititu irratiak, eta berriemaile bat lortu zuen bakoitzean. 

Erraz esaten da hori.

Eta ez da batere erraza. Herri bakoitzean bat, bakoitzak bere lana zuena, eta konpromiso bat irratiarekin. Hiru-lau urte egin zituen Edurnek gurekin, eta bakarrik gelditu nintzen berriro.

Diru laguntzak eta…

Gorabehera asko izan ditugu. UPNk kendu ere egin zizkigun bolada batean. Orain nahiko ongi gabiltza. 30.000 euroko aurrekontua daukagu.

Nola neurtu liteke Aralar irratiak euskara biziberritzearen alde egindako lana? 

Lan asko egin du horretan. Eta hasiera hartan, gainera, enfrentamendu oso gogorrak egon ziren. Egindako orduen erdiak gazteleraz egitea nahi zuten. Joxe Mari Aierdi alkateak horretan irmo eutsi zion erabakiari: «Hau euskara indartzeko egin dugu, eta ez dugu gaztelerarik sartuko».

Baduzu adibide bereziren bat, ezta? 

Eta bizi da oraindik: Merceditas. Etxarriko emakume bat da. 87 urte dauzka, eta gaixorik dago orain, baina egunero-egunero deitzen zuen ia. Zer-nolako ahalegina egiten zuen euskaraz aritzeko! Nahasten zuen gaztelerarekin ere, baina benetan saiatzen zen gure dinamikan sartzen. Izan ere, ia bi belaunaldik jo zuten hemen Lekunberrin gaztelerara. 

Eta orain? 

Gauzak asko aldatu dira. 700 biztanle zituen orduan, eta 1.700 ditu orain. Kanpotik jende asko etorri da. Gipuzkoarrak asko. Eta euskaldunak gehienak. Euskarak gora egin du nabarmen. Irratia hasi zenean, ikastolak hasi berriak ziren hemen. Zer-nolako borrokak, eta zer-nolako giro gaiztoa. Baina orain arazoa beste bat da: haurrek euskaraz ikasten dute, baina gazteleraz aritzeko joera dute. Gure garaian alderantziz zen: eskolan beti gazteleraz aritzen ginen, eta egun guztian gero euskaraz. Aita eta ama euskaldunak zirelako, eta apaiza ere oso euskalduna genuelako. Baina bada nik beti esaten dudan zerbait.

Zer? 

Euskaraz dakienak beti izango duela aukera euskarara itzultzeko.

Zenbat disko, zenbat kantu jarri ote dituzu?

Nik Kaxianoren figura nahi dut aldarrikatu. 8 urte nituela, Gorritin, amaren familiaren tabernan, ohatzera joaten nintzen Kaxiano eta Karlos Garcia haren saxofonista entzunez. Zoriontsu egiten nuen lo. Gerora, Astitzen, hamabost urtez ekarri genuen Kaxiano herriko jaietara: Trio Axariak zuten izena. Nire gazte garaiko unerik onenak Kaxianorekin pasatu nituen. Gauza bat esango dizut: 69 urterekin hil zen, minbiziak jota, eta hura da hura Lizartzako elizan egin nuen negarraldia. Banuen harekin halako konexio bat. Familiatik aparte, ezerk ez nau kupitu hainbeste. Ikaragarri maite nuen. Haren Zorionak abestia zenbat aldiz jarri ote dut hemen. Ez dago esplikatzerik. 

Martin Juanena, Kaxianoren diskoa hartuta. IÑIGO URIZ / FOKU

Aralar irratian bai, baina Euskadi Irratian ere ezaguna zara. 

Jendeak sekulako kariñoa hartu digu Juanitari eta niri. Artista Juanita da, aldamenean beste edonor jarrita ere. Baina batera joan eta bestera joan eta denek esaten dizute: «Zu zara Juanitarekin asteartero aritzen dena!». Eta etxera ere etorri izan zaizkit.

Baserrira?

Bisitan, bai. Mendukiloko kobazulora joaten direnak, edo aterpera bazkaltzera joaten direnak. Aurreko batean, jubilatuen autobus bat agertu zitzaidan! Astitzen zeudela eta Martin bisitatu behar zutela. Oiartzuarra zela bata, baina Lesakan bizi zela… Harritzeko modukoa da, benetan. Hamar minutuko irratsaio batek zenbaterako ematen duen. 

Izan ere, konplizitate handia duzue.

Bai. Pilotarekin ere hor ibiltzen gara. Juanita altunazale amorratua delako, eta ni ezkurdiazale amorratua. Duela bi-hiru urte joan nintzaion bisitan. Guadalupera bidean du baserria, Hondarribian. Baserri ederra, eta kristoren baratzea. Babarrun batzuk eraman nizkion, eta berak ere bai, zuriak. Landatu ditut, eta ederki ematen du. Orain famatuak egin dira Juanitaren babarrunak herrian.

Zuk ere baserrian segitzen duzu? 

Bai, jauna. Hantxe jaio nintzen duela 66 urte, eta han bizi naiz. Lau senide ditut, eta txoko bat egin zuen bakoitzak baserrian. Bost etxebizitza dauzka.  

Ezkondu zinen? 

Ez, ez nintzen ezkondu, eta horrek erraztu zidan halako erabakia hartzea. Nik senitartekoen konpainia nahi nuen, eta badaukat. Arreba gazteena nirekin bizi izan da beti. Asteburuetan-eta etortzen dira, eta denok elkartzen gara baserrian. Hiru arreba ditut. Amak agurrekoan esan zien: «Zaindu ezazue Martin; ezkongai gelditu da». Gehiegi ere zaintzen naute askotan. Kariño handiarekin bizi naiz, eta zoriontsu.

Eta irratian? Entzule fidelenak ere zahartzen ariko dira…

Ez dakizu ongi zenbat elizkizunetara joan naizen azken urteotan: laurogei zenbatu nituen aurreko batean. Baina ni une onean noa. Teknologia zaharkitu egin zaigu irratian, udalak Europako laguntza bat lortu du, eta aldatzera doaz dena. Egia esanda, teknologia berriekin ez naiz ongi konpondu. Uste nuen hori guztia iristerako nik alde egingo nuela, baina ez da horrela izan. Gainera etorri zait. Eta kaskailukeria izango da, baina sakelakorik ere ez daukat. Sekulakoak esaten dizkidate horregatik, baina nik beti esaten diet: «Andoni Egañak ere ez dauka».

Baina irratiko lan horiek ere erraztu ditu teknologia horrek.

Hori ere egia da. Nik halakorik ez daukat, baina halakoez baliatzen naiz nire lanerako. Hori aitortzen dut.

Teknologia aldatuko dute, eta esataria ere bai. 

Urrian kontratatu zuten Jon Urtasun. Iruñeko semea da. Maiatzera arte elkarrekin ariko gara. Gaueko esatarien ahotsa duela esaten diot. Egunez bizitasun handiagoa behar duela. Barre egiten du. Jarriko da. Hasierak badakizu nolakoak diren.

Mentalizatuta zaude erretiroa hartzeko? 

Orain, bai. Baina 65 urte bete nituenean, ezta pentsatu ere. Esan nion alkateari: «Ni ez nago prestatuta alde egiteko. Hau komeria! Beste urte bat gehiago behintzat egingo dut». Eta hura pozik. Gauza asko zituen buruan, eta, momentuz, bat gutxiago.  

Zer egingo duzu? 

Baserrian terrenoak dauzkat, eta horiek zaintzen bakarrik badut nahiko lan. Lekunberrira ere egunero etortzen naiz kafea hartzera, gure tertulia eta gure trakola jotze. Afizio asko ditut, gainera: zinema, antzerkia, futbola, pilota, herri kirolak… Hara eta hona ibiltzen naiz. Altsasun izan nintzen aurrekoan Los domingos ikusten, Doneztebera joango naiz aizkora txapelketara, Tolosako apustura…

Eta segituko duzu irratia entzuten? 

Isiltasuna ez zait gustatzen. Esnatu bezain pronto jartzen dut irratia. 07:00etan jaiki, eta eltzekaria prestatzen dut egunero. Baina ezin dut hori isiltasunean egin. Euskadi Irratia jartzen dut; beste urde horiek denak ez dago entzuterik. Bueno, Espainiako telebista eta irrati publikoa une honetan txukun samar daude, baina ea noiz arte irauten duten. Zeren horiek kentzen badituzte, pribatu guztiak euren esku dituztenez, gorriak eta beltzak geuretzat dauzkagu. Gauza bat esango dizut…

Zer?

Jendea ez dela kontziente. Ez dakiela zer etorri behar duen beste horiek denak etortzen direnean. PP Voxen desioetara prestatzen bada, edozer gauza gerta liteke hemen.