Iruñeko Erorien Monumentua eraistearen aldeko plataformak agerraldia egin du gaur Iruñean, bi ekinaldiren berri emateko: batetik, jakinarazi du administrazio auzitegietara joko duela Iruñeko Udalak martxan duen katalogoaren onarpen prozesua eten dadin eskatzeko. Bestetik, proposatu dute eraikina eraistea, eta hutsik geratuko litzatekeen orube horretan zer egin erabakitzeko nazioarteko lehiaketa publiko bat deitzea.
Minduta azaldu dira Iruñeko Udaleko EH Bildu, PSN eta Geroa Bairen jarrerarekin. «Itxikeriak eta inposizioak, gure eskura ditugun bide guztiak erabiltzera behartzen gaituzte», adierazi dute, eta hargatik erabaki dutela auzitegietara jotzea.
Argudiatu dute Erorien Monumentua bere horretan utzi eta beste esanahi bat eman nahi izatea Memoria Demokratikoaren Legearen aurka doala. «Lege hori Espainiako Kongresuak onartu zuen 2022an, PSOEren, EHBilduren eta EAJren (Geroa Bai) botoekin, eta 35. artikuluan dio ikur frankisten eraikinak ezabatu egin behar direla. Ez du uzten memoriako leku gisa eraldatzen eta esanahi berria ematea».
Bestetik, Iruñeko Udalean abiatutako prozesua geratzeko ere eskatu dute, «forma-akatsengatik, udal planaren katalogoa ez dagoelako indarrean, eta ezin delako aldatu indarrean ez dagoen zerbait».
Hargatik, proposatzen dute eraistea, eta han zer egin erabakitzeko prozesu bat abiatzea «etxebizitza sozialetarako, askatasunaren monumenturako, gazteak elkartzeko espaziorako, zuhaitzak landatzeko, lorategi baterako, eta abar».
Datorren urtearen hasieran deitu nahi dute lehiaketa publiko hori, eta nazioartekoa izatea nahi dute. «Herritar prozesu bat, herri bozketa batean amaitu daitekeena, Udalari helaraziko dioguna. Lehiaketaren oinarriak zehaztu ondoren, argitaratu egingo ditugu».
