ELA sindikatuak grebara deitu ditu, berriro ere, Elizondoko (Nafarroa) Benito Menni osasun mentaleko zentroko langileak. Oraingo deialdia abenduaren 1etik 24ra bitartekoa da. Horrekin batera, abenduaren 10ean bi eguneko martxa bat egingo dute; Elizondotik abiatuko dira, eta Nafarroako Parlamentua izango dute helmuga. Abenduaren 12an iritsiko dira Iruñera.
ELA sindikatuak gogorarazi duenez, urtebetean 100 eguneko grebaldia bete dute zentroko langileek. Lan baldintzak eta osasun mentaleko zerbitzua hobetzea dira langileen eskaera nagusiak. Nafarroako Gobernuaren itunpeko zentroa da Benito Menni, eta Ahizpa Abegitsuen Fundazioak kudeatzen du. Besteak beste, sufrimendu psikosozialeko esperientziak dituzten pertsonak artatzen dituzte Benito Mennin.
ELAk zerbitzuaren ardura duten bi erakundeen jarrera kritikatu du: batetik, enpresa kudeatzailearena, «etekin ekonomikoa lortzeko politikari» eusten diolako zerbitzuaren eta langileen baldintzen kaltean. Bestetik, Nafarroako Gobernuaren «arduragabekeria» ere salatu du, diru publikoz finantzatutako zerbitzua izanda, ez duelako zerbitzuaren ardura hartzen.
Lan gatazkaren iturburua aurkitzeko urtebete atzera egin behar da. Zentroko hiru eraikinetako bat itxi zuten orduan. ELAk salatu duenez, orduz geroztik «langileak kaleratu zituzten, baldintzak aldatu, eta erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzuen kalitatea okertu».
Zerbitzu publiko azpikontratatua dela nabarmendu du sindikatuak, eta, diru publikoz finantzatua den heinean, «osasun mentaleko zerbitzu horren azken erantzulea Nafarroako Gobernua da». ELAren esanetan, «onartezina da gobernuak baimentzea enpresak etekin ekonomikoari lehentasuna ematea, zerbitzua eta langileen baldintzak okertzen ari direla jakinda». Gobernuaren eta enpresaren «jarrera immobilista» kritikatu du sindikatuak, eta esan du ez dela aurrerapausorik izan batekin zein bestearekin izandako harremanetan. Benito Menni zentroak 165 behargin inguru ditu, eta horietako %80 emakumezkoak dira.
