Eliza katolikoak immatrikulatutako ondasunak berreskuratzeko borrokan jarraitzen dute Nafarroako udalek, eta horretarako heldulekua topatu dute. Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak 26 udalerritako 174 ondasun ikertu dituzte, eta horietatik 79 kasutan erreklamatzeko frogak eta zantzuak topatu dituzte.
Gobernuko Nekazaritza zuzendaritzako herri lurren ataleko eta Intia sozietate publikoko katastro laguntzako teknikariek, federazioko langileekin batera, banaka aztertu dituzte kasuok, eta 79 sail berezitan —hala nola baselizak, parrokia etxeak, bordak, baratzeak eta lursailak— haren titulartasun publikoaren aztarnak atzeman dituzte. Zehazki, 21 kasutan froga argiak aurkitu dira; beste 58 kasutan, haren zantzu historikoak.
Gaur arratsaldean, Iruñeko salestarren antzinako komentuko kaperan informazio saioa izan dute tokiko erakundeetako ordezkariekin, Jose Mari Aierdi Landa Garapeneko kontseilariak eta Xabier Alkuaz Udal eta Kontzejuen Federazioko presidenteak. 50 alkate inguru bertaratu dira. Han ziren Nafarroako Ondarearen Defentsarako plataformako ordezkariak. Azterlanaren ondorioak aurkeztu dizkiete bertan.
Aintzat hartu behar da Hipoteka Legearen 206. artikuluaren babespean Eliza katolikoak ehunka ondasun immatrikulatu dituela Nafarroaren luze-zabalean. Nafarroako Gobernuak 2021ean eginiko txosten baten arabera, Eliza katolikoak ia 3.000 ondasun immatrikulatu zituen herrialdean —zehazki 2.952— 1900 eta 2015 bitartean. Eta horietako asko lur komunalak ziren. Egoera horren berri ematen aitzindaria izan zen Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataforma.
Hitzarmena berritu dute
Gobernuak eta federazioak herri ondasunak ikertzeko hitzarmena berritu dute, 2026an ikerketarekin jarraitu ahal izateko. Gaur-gaurkoz 139 udalerrik bat egin dute itunarekin, euren herrietan elizak immatrikulaturiko ondasunen egoera aztertzeko.
Akordioarekin bat egin duten udal bakoitzari txosten bereizi bat egingo zaio, eta bertan xehe-xehe bilduko zaizkio udalerriko ondasunen azterketari buruzko zertzeladak eta ondorioak. Federazioak helaraziko dio udal bakoitzari ikerlana. Halaber, oraindik hitzarmenarekin bat egin ez duten tokiko erakundeak garaiz dabiltza laguntza teknikoa eta azterketa berezi hori edukitzeko.
Gobernuaren eta federazioaren arteko hitzarmenak 50.000 euroko laguntza jaso du aurten. Gaurko bilkuran Aierdik aipatu du federazioarekin hitzartutako akordioa —administrazio bidean egiten duen lehenengo ekintza politikoa eraginkorra da—. Aierdiren arabera, 1998tik hona Jose Maria Aznar Espainiako presidentearen lehen gobernuaren hipoteka legearen erreformaren ondorioz herriek galdutako ondarea berreskuratzen ahalegintzeko ihesbidea aurkitu dute orain. «Gure herrietako landa garapenarekin, herri ondarearen defentsarekin eta memoria kolektiboarekin estuki lotutako ekimena da», azpimarratu du.
Alkuazen hitzetan, «interes orokorra eta udal autonomia bermatzeko tokiko erakundeen eginkizuna indartzeko apustua da herri ondarea eta ondasun publikoak babestea». Gaineratu duenez, ondare publiko hori defenditzeko konpromiso irmoa dute. «Akordioari atxikitako toki erakunde guztietan ikertzen jarraitzeko borondatea du». Haren hitzetan, federazioak laguntza tekniko, juridiko eta historikoa eskaintzen die udalei ondasunak berreskuratzeko prozesuei berme handiagoz aurre egin ahal izateko.
