Santos Cerdan PSOEko antolakuntza idazkari ohiak esan izan du akusatzen duten audioak manipulatuta daudela, eta hori frogatutzat jotzen duen peritu txosten bat aurkeztu du haren defentsak Espainiako Auzitegi Gorenean. Cerdani leporatzen diote ustez iruzur egindako hiru adjudikazioetan Servinabar eta Acciona eraikuntza enpresen alde bitartekaritza lanak egitea. Hiru auzipetu daude auzi honetan. Cerdanez gain, Jose Luis Abalos Sustapen ministro ohia eta Koldo Garcia, Abalosen aholkulari izan zena urteetan; fiskaltzak, hurrenez hurren, 24 eta hemeretzi urteko espetxe zigorrak eskatu ditu haientzat. Cerdan auzipetzeko orain arte argitaratu den froga nagusietako bat Koldo Garciari atzemandako audio batzuk dira. Horietan, Cerdanekin izandako ustezko elkarrizketa batzuen audioak entzuten dira, filtrazioen bidez plazaratu dituztenak.
Cerdan iragan asteazkenean utzi zuten aske baldintzapean, bost hilabete espetxean pasatu ostean. Irten zenean, esan zuen «errugabea» zela, eta txosten teknikoan «gezur» eta «manipulazioak» zeudela. Horiek frogatzeko txosten bat aurkeztu du haren defentsak Espainiako Auzitegi Gorenean. Bertan dioenez, «manipulatuta daude» Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboak Cerdan inputatzeko ustez Koldo Garciari antzemandako audioak.
Cerdanen defentsak Leopoldo Puente Auzitegi Goreneko instrukzio epaileari helarazi dio peritu txosten hori. Europa Press agentziak zabaldu duenez, perituek audioak aztertu ostean ondorioztatu dute «inkoherentzia teknikoak, denborazkoak, egiturazkoak eta metodologikoak» daudela. «Egiaztatu da audioek anomalia objektibo batzuk dituztela, ez direnak bateragarriak bizi digitaleko ziklo natibo batekin: besteak beste, dibergentziak laginketaren frekuentzian, eta ustez aplikazio eta gailu berarekin sortutako artxiboen arteko bit tasa; desfase nabarmenak daude grabaketaren benetako denboraren eta kodifikazio denboraren artean, eta kointzidentzia masiboak aldaketen datetan». Txostena egin duten perituen esanetan, hori posible izan daiteke bakarrik baldin eta artxiboak esportatu badira, berriz muntatu badira edo manipulazioren bat izan bada.
«Manipulatuak»
Txostenean gehitu dute irregulartasun horiek ezin direla teknikoak izan. Horregatik, baieztatu dute «modu eztabaidaezinean» audio artxibo horiek elkarrizketen osteko uneren batean prozesatuak, berreraikiak, transferituak edo manipulatuak izan zirela. «Ezin da baieztatu segurtasun osoz aztertutako artxiboak lehen kopia forentsearen berberak direnik eta audio haiek ez direnik pasatu manipulazio, errestaurazio, kopia edo berrindexazio prozesuren batetik».
Halaber, egindako azterketa xehe horretan ondorioztatu dute ezin dela «zientifikoki baietatu aztertutako ahotsak pertsona berarenak direnik, eta ziurtasun osoz ahots hori pertsona jakin bati egotzi daitekeenik». Horregatik diote ezin dela baieztatu teknikoki egiazkoak eta originalak direnik audioak.
Instrukzio epaileak ere eskatu zuen audioei buruzko peritu txosten bat. Guardia Zibilaren Ingeniaritza Kriminalistikoko Departamentuko Zerbitzu Digitaleko espezialistek ez zuten ikusi audioak manipulatuak izan zirelako zantzurik. Aitortu zituzten ziurgabetasun batzuk, halere. Besteak beste, ezin zutela baieztatu noiz grabatu ziren, eta ekintzen kronologia fidagarria zenik ere ezin izan zuten baieztatu.
