Nafarroako Gobernuak Alegria fundazioarekin sinatutako hitzarmena «zerbitzu publikoen aurkako eraso larria» dela salatu du LABek

Nafarroako Gobernuak Alegria fundazioarekin sinatutako hitzarmena «zerbitzu publikoen aurkako eraso larria» dela salatu du LABek

Astelehenean, Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroko zuzendari Ander Donblas Garciak eta haren zuzendaritza talde osoak dimisioa eman zuten. Erabaki horren motibotzat zera aipatu zuten, Hezkuntza Departamentuak eta Alegria fundazioak sinatutako hitzarmena. Zentroko zuzendaritzaren arabera, hitzarmen horrek kolokan jarriko luke Autismoaren Espektroko Nahasmendua duten ikasleen hezkuntza eredua; eta, horrez gain, «zerbitzua pribatizatzeko arriskua» ikusten dute fundazioaren eta administrazioaren arteko itunean. Gaur, LAB sindikatuak «babes eta elkartasun irmoena» adierazi dio dimisioa aurkeztu duen zuzendaritza taldeari, eta salatu du hitzarmena «eraso larria» dela zerbitzu publikoen eta Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroaren aurka.

«Zentro hori erreferentea da Nafarroan. Langile espezializatuak eta ibilbide luzekoak ditu, eta ikastetxeei orientabideak, aholkuak eta laguntza ematen dizkie, behar espezifikoak dituzten ikasleei arreta eman ahal izateko. Hezkuntza inklusioa eta ekitatea bermatzea du helburu, sistema publikoaren esparruan», adierazi du sindikatuak, ohar batean.

LABek salatu du, halaber, Hezkuntza Departamentuak «aldebakarrez» hartu duela erabakia, zentroko zuzendaritza taldearen iritzia eta irizpideak aintzat hartu gabe: «Kanpoko agente bat jarri dute zentroaren gainetik, arloko erreferentzia publiko nagusiaren lana gutxietsiz». Hitzarmenak, bestalde, ikastetxeen autonomian eraginen duela uste dute: «Sistema publikotik kanpoko interesak lehenesten ditu, eta funtsezko zerbitzuak pribatizatzeko aukera irekiko du».

Inposiziotzat jo dute erabakia, eta Carlos Gimeno kontseilaria jo dute horren erantzule: «Argi dago Gimeno ez dela fidatzen Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroak eta Nafarroako irakasleek arreta mota hori kudeatzeko duten gaitasunaz, kanpoko eragile batengana jo baitu».