PSN eta lankidetza publiko-pribatua

Oso ohikoa bihurtu da Nafarroako Gobernuko ordezkariei sektore pribatuarekin egin beharreko lankidetzaz eta aliantza sinbiotikoez hitz egiten entzutea, bereziki etxebizitzaren arloan. Testuinguru honetan, Cerdan auziak aukera paregabea eskaintzen digu PSNk azken hamarkadetan gauzatu dituen lankidetza publiko-pribatuko praktikak aztertzeko.

Berriki jakin da Santos Cerdani Madrilen luxuzko atiko baten alokairua ordaintzen aritu zela Servinabar, etxebizitzako altzariez gain. Servinabar, sortu eta oso denbora gutxira obra publikoen lizitazio garrantzitsuen onuradun izatera pasa zen enpresa hori, Acciona enpresa milioidunarekin elkarlanean. Esleipen horien artean daude Erripagaña auzoan eraikitako dozenaka babes ofizialeko etxebizitza. Bide batez, ez dezagun ahaztu Nafarroan oso ezagunak diren enpresa sustatzaile eta eraikitzaile askok etekina atera ziotela pilotakada urbanistiko horri, lau udalerritan banatutako, 13.000 biztanleko eta ia dotaziorik gabeko auzo baten sorreraren kontura. Irabazi pribatuek daukatenean gidaritza, herritarren beharrak bigarren mailara pasatzen dira.

Servinabarren kasuan, pixkanaka argitaratzen ari den informazioari jarraiki, irabazien zati bat Santos Cerdan eta bere inguruaren poltsikoetara bideratu omen zen. Zehazki, 45.000 euro baino gehiago aipatutako atiko horren ordainketei dagozkie. Deigarria da orain bere burua alokairu eskuragarriaren sustatzaile nagusi gisa aurkezten duen alderdiko Antolakuntza idazkariak esleipen publikoetatik lortutako dirua erabiltzea hilean ia 3.000 euroko alokairua ordaintzeko, bera eta bere familia Estatuko hiriburuan bapo bizi ahal izan zitezen. Honako irudi hau imajina genezake: Servinabarreko hondeamakina bat, babes ofizialeko etxe batzuetatik billeteak ateratzen eta Madrilgo luxuzko atiko batera mugitzen.

Egia esan, honezkero ez da oso sinesgarria harritu plantak egitea PSN-PSOEren ustelkeria kasuengatik. Franco hil ondoren ezarritako erregimenean erabat integratuta dagoen alderdi bati buruz ari gara, botere sareetan bere lekua aurkitzen asmatu zuena, frankismotik zetozen eta sare horiek hein handi batean okupatzen zituzten politikari eta enpresarien alboan. Azken horien adibide dira Acciona bera edo Huarte nafar familiaren talde enpresariala. Geroztik, alderdi horren ustelkeria historia luzea izan da, eta inguru hauetan kapitulu gogoangarriak utzi dizkigu, Roldan-Urralburu-Aragon auzia kasu. Horrelako kasuak pertsonaia jakin batzuen diru gose indibidualari egozteak mesede eskasa egiten dio egiari, historiak behin eta berriz erakusten baitigu ustelkeria berezkoa zaiela gizarte kapitalistei, gobernu postuetan dagoen alderdia gorabehera.

Gaur egun modan dagoen lankidetza publiko-pribatuaren kontzeptuan, hain zuzen, botere ekonomikoaren eta botere instituzionalaren arteko sinbiosia garden ageri zaigu, era horretako praktikak ugaritzeko lur emankorra utziz. Ez da ahaztu behar irabazi pribatua dela gizarte eredu honen motorra eta, hortaz, lankidetza mota hau irabazi horren neurrira egiten dela beti. Eta ukaezina da, halaber, alderdi bat zenbat eta integratuago egon botere sareetan, orduan eta joera handiagoa duela ustelkeriarako. Gainera, klientelismoa, ate birakariak eta antzeko praktika gehienak legezkoak dira eta normalizatuta daude; beraz, kasu bakan batzuetan soilik egiten dute jauzi lehen planora, hain zuzen, horiek gauzatzen dituztenek onargarria denaren mugak baldarki gainditzen dituztenean.

Cerdan kasuak argiki erakusten digu PSN benetan zer dan: boterean dagoen erregimenaren zutabe usteletako bat. Errealitate hau sagar ustel gutxi batzuen kontua dela sinetsarazi nahi digunik bada. Baina ustelduraren jatorria saskian bertan dago. Alferrikakoa da sagar pozoitu hauen hozkada bakoitzarekin asaldatzea, saskiaren zumeak erabat aldatzen ez badira.