Gaur berrogei urte atxilotu zuen Mikel Zabalza aezkoarra (Nafarroa) Guardia Zibilak, Donostian. Handik hemeretzi egunera topatu zuten haren gorpua Bidasoa ibaian. Memoriaren aldeko herri mugimenduetako elkarteek hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaur hura gogoratzeko. Gaia Espainiako Kongresura ere iritsi da. EAJk eta EH Bilduk Espainiako Gobernuari eskatu diote Zabalza auziari buruzko dokumentazioa argitara emateko. Gobernuak erantzun du sekretu ofizialen legea erreformatzeko lege bat aurkeztu duela, eta hura aurrera ateratzen laguntzeko eskatu die.
Zehazki, Maribel Bakero EAJren Kongresuko eledunak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari eskatu dio sekretu ofizialen legea desklasifikatzeko, besteak beste, Mikel Zabalzarekin zer gertatu zen argitu dadin eskatzeko. Gogora ekarri du 2021ean argitaratu zela Juan Alberto Perote CESIDeko koronelaren eta Pedro Gomez-Nieto Guardia Zibileko kapitainaren elkarrizketaren grabazioa. Bertan Peroteren audio bat dago, zeinetan aitortzen duen Zabalza Intxaurrondoko kuartelean «hil zitzaiela». Bakerok Kongresuan kontatu du Guardia Zibilak Donostian atxilotu zuela Zabalza 1985ean, beste hainbat lagunekin batera. Inkomunikatu egin zituzten, eta torturak salatu zituzten. Zabalza, ordea, ez zen inkomunikazioalditik irten. Zabalzaren auzia argitzen lagun dezaketen dokumentuak noiz desklasifikatuko dituen galdetu dio Sanchezi. Espainiako presidenteak hitza hartu duenean, lehenik eta behin, «Zabalzaren memoriarekiko errespetua eta elkartasuna» helarazi die senideei Espainiako Kongresuko gobernuaren kontrol saioan. «Uste dut botere publikoek ezin dutela libre izan kontuak ematetik eta bere jardunbidea fiskalizatzetik. Are gehiago horrelako gertaera tragiko bati buruz ari garenean».
«Lehenik eta behin, Zabalzaren memoriarekiko errespetua eta elkartasuna helarazi nahi diet senideei»
PEDRO SANCHEZEspainiako gobernuburua
Sanchezek esan du otsailean konpromisoa hartu zuela 1968an indarrean jarritako Sekretu Ofizialen lege frankista erreformatzeko, eta gobernuak lege proposamen bat aurkeztu duela batzorde konstituzionalean. Zuzenketen fasean dago, eta Kongresuko gainerako alderdien babesa eskatu du sekretu ofizialen legearen erreforma aurrera atera dadin, hori ezin baitu gobernuak bakarrik atera.
Bakerok gogoratu dio orain arte zenbait informazio ez desklasifikatzeko eman dituzten arrazoiek ez dutela asebete: «Egia jakin behar dugu, batez ere gure ondorengoengatik, halakoak berriz gerta ez daitezen. Zeren beldur zara? Zeren zain zaude?».
«Egia jakin behar dugu, batez ere gure ondorengoengatik, halakoak berriz gerta ez daitezen. Zeren beldur zara? Zeren zain zaude?»
MARIBEL BAKERO EAJren eleduna Kongresuan
Beldurrik ez duela erantzun dio Sanchezek, «memoria demokratiko sendo bat eraikitzeko» sekretu ofizialen legea erreformatzearen alde mintzatu da, eta beste talde parlamentarioei dei eginez amaitu du erantzuna.
«Borondate kontua»
Gai bera eraman du EH Bilduko Jon Iñarrituk gaurko gobernuaren kontrol saiora. Felix Bolaños Justizia ministroari galdetu dio ea zer pauso emango dituen Gobernuak Zabalzarena moduko kasuak argitzeko. Berrogei urtean auzi honen inguruko isiltasuna, inpunitatea eta gezurrak gailendu direla esan du. Gogora ekarri dio, Bakerok gogorarazi gisan, Perote eta Gomez-Nietoren arteko elkarrizketa. Are gehiago, Zabalzaren auzian esku hartu zuen Guardia Zibil bat Sanchezen gobernuak berak 2023an mailaz igo zuela ekarri dio gogora; Arturo Espejo, hain zuzen. Iñarrituk esan du ez dagoela sekretu ofizialen lege berria onartzeko zain egon beharrik Zabalza auziari buruzko dokumentazioa desklasifikatzeko: «Zabalzaren senideek eskatu dute dokumentazioa. Nahi izanez gero, desklasifika dezakezue. Borondate kontua da».
«Zabalzaren senideek eskatu dute dokumentazioa. Nahi izanez gero, desklasifika dezakezue. Borondate kontua da»
JON IÑARRITU EH Bilduko diputatua Kongresuan
Bolaños sekretu ofizialen lege berrira lotu da erantzunean, eta ez du beste aurrerabiderik eman. Esan du gobernuak landutako lege berrian «gardentasuna eta herritarren jakiteko eskubidea» jasotzen direla, giza eskubideen urraketa eragin dezaketen jardunbideak ezingo direla klasifikatu eta nazioarteko estandarrak betetzen dituela. Azkenik, gainerako taldeei babesa eskatu die.
