Zabalzaren senideek eta lankide ohiek ekitaldi bat egin dute Intxaurrondoko kuartelaren aurrean, oroimena aldarrikatzeko

Zabalzaren senideek eta lankide ohiek ekitaldi bat egin dute Intxaurrondoko kuartelaren aurrean, oroimena aldarrikatzeko

Gaur berrogei urte dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza atxilotu zuela. Handik hemeretzi egunera agertu zen, Bidasoa ibaian, hilik. Ordutik berrogei urtera, argitzeko dago nor izan zen erantzulea. Mikel Zabalza 40 urte gogoan egitasmoaren barruan, lore eskaintza bat egin dute Altza, Aezkoa eta Bortzirietako herri ekinaldiek, DBus-eko lankide ohiek, Euskal Herriko Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak antolatuta, Zabalza oroitzeko Donostiako Udalak Intxaurrondoko kuartelaren alboan jarrita daukan plakaren alboan. «Datozen belaunaldiei gertatu zena oroitaraztea» izan da xedea.

Atxilotu zutenean, Zabalza autobus gidaria zen Donostian, ELA sindikatuan afiliatua. Izatez Aezkoakoa zen (Nafarroa). Bai Nafarroako Gobernuak, bai Eusko Jaurlaritzak Poliziaren indarkeriaren biktima gisa aitortuta dauka.

Mikel Zabalzaren arreba Idoia Zabalzak hartu du hitza ekitaldian: «Berrogei urte iragan dira, eta dena berdin dago. Mikel torturaren biktima gisa aitortua dago, baina guk egia, justizia eta erreparazioa eskatzen dugu». Auzi hau argituko bada inportanteena «ez ahaztea» dela esan du: «Halako ekimenekin gertuxeago senti dezakegu nahi dugun hori».