Eta zatiketa gauzatu zen

Eta zatiketa gauzatu zen

Francisco Francoren heriotzak etorkizun hobeago baten itxaropena piztu bazuen ere, biharamun luzeak erakutsi zuen askatasun haizeak errealitate egitea askoz ere zailagoa zela. Izan ere, diktadorea ohatzean hil zen, eta dena lotuta eta ongi lotuta utzi zuen. Diktaduraren barruko eragileek zein haren laguntzaileek estatu aparatu errepresibo oso bat zuten atzetik, eta kolore politiko orotariko indar antifrankistek, berriz, legez kanpoko egoera prekarioa. Gerora trantsizio esan izan zaion prozesua nork gidatuko zegoen pultsu desorekatu horren atzean. Euskal Herrian, talka hura are nabarmenagoa izan zen, benetako demokrazia bat eraikitzeari askatasun nazionalaren aldarria gehitzen zitzaiolako.

Haustura edo erreforma. Ezbai politiko horrekin laburbildu daiteke, hein batean, garai hartako borroka politikoa. Lehenak planteatzen zuen erregimen frankistaren ondare guztiarekin zuen lotura oro apurtzea: ezerezetik egitura demokratiko oso bat eraiki; memoria eta erreparazioa frankismoko biktimentzat; erakundeak garbitu eta erregimenarekin zerikusia zuten kideak karguetatik kendu; eskubide zibil eta politikoak aitortu, eta, hala eskatzen zuten lurraldeei, autodeterminazio eskubiderako modua eman.

Erreforma, eredu zehatz bat

Bigarrenak bide posibilista proposatzen zuen, erregimenetik zetozen indarren eskutik sistema politiko bat eraiki eta aurrerago Europako Batasunean sartzeko ateak ireki asmoz. Haren zutarriak apurka joan ziren zehaztuz, 1978ko Konstituzioan zizelkatuta geratu arte: iraganarekiko amnesia eta zigorgabetasuna, monarkia parlamentarioa estatu eredu gisa eta Francok izendatutako erregea estatuburu, eta «Espainiar nazioaren batasun banaezina». 

Lehen urte haietan, baina, dena zegoen airean. Hasieratik azaleratu ziren Euskal Herrian kontrako bi korronte horien arteko desadostasunak. Langile mugimenduaren aldarriak eta eskubide demokratikoen aldeko aldarrikapen politikoak oso presente zeuden kalean, eta hasiera-hasieratik estatuko segurtasun indarrek eta hari lotutako eskuin muturreko taldeek biolentzia erabili zuten askatasun nahi hura itotzeko. Indarkeriak prozesu politiko guztia baldintzatu zuen, eta memorian iltzatuta geratu dira atalik odoltsuenak: Gasteizko sarraskia, Montejurrako hilketak, 1977ko Amnistiaren aldeko Astea, 1978ko sanferminak, Gladys del Estalen hilketa…

714

Trantsizioa, garai odoltsua. Indarkeriak markatu zuen trantsizioa. Sophie Baby Borgoniako irakasleak 1975etik 1982ra arteko garaia aztertu, eta 714 hildako zenbatu zituen estatuan. ETAk eta haren adarrek 365 pertsona hil zituzten, horietako gehienak militarrak eta poliziak. Eskuin muturreko taldeek 67 lagun hil zituzten, horietako asko Euskal Herrian. Poliziek eta guardia zibilek, berriz, 178 pertsona hil zituzten manifestazioetan, kale eta errepide kontroletan, eta torturapean.

1976ko udan agertu zen lehen urrats politiko esanguratsua, Bergaran (Gipuzkoa). Hego Euskal Herriko alkateen mugimenduak aldarrikatu zituen alderdien eta ikurrinaren legezkotasuna, euskararen ofizialtasuna eta Hegoalderako estatutu bateratua. Aldi berean, Espainiako erregeak Adolfo Suarez gobernuburu izendatu zuen, eta 1976 amaiera aldera erreformarako bidea eta egutegia markatu zituen: gorte frankistek erreforma politikoaren legea onartu eta berehala erreferendumera deitu zuen Suarezek. Baiezkoak garaipen nabarmena eskuratu bazuen ere (%97), Hego Euskal Herrian %42ko abstentzioak islatu zuen gehiengo zabal batek ez zuela begi onez ikusten inposatu nahi zen bide hura —batik bat Bizkaian (%47) eta Gipuzkoan (%55)—.

Aurkakotasuna, baina, batik bat kalean adierazten zen, eta horregatik haren kontrola bereganatu nahi zuten segurtasun indarrek. Indar antifrankistek, alderdi sozialistak barne, Hego Euskal Herri osorako autonomia estatutu baten aldarriarekin bat egiten zuten. Dena den, 1977ko ekainaren 12rako deitutako Espainiako Gorteetarako lehen hauteskundeei begira ez zen fronte bateraturik aurkeztu, aste batzuk lehenago Telesforo Monzonek Angeluko Xiberta hotelean bultzaturiko elkarrizketa politikoek porrot egin baitzuten. 

UCDren gidoia

Hauteskundeetara sakabanatuta aurkezteko asmo hura batik bat Nafarroan izan zen erabakigarria. Han, UCDk irabazi zituen bozak, eta bost diputatutik hiru lortuta, ondorengo urteetako norabide politikoaren gidoia idatzi zuen. Nabarrismoak historikoki ulertzen zuen Nafarroak itun bat zuela estatuarekin iragan mendetik —zehazki, lehen gerra karlista galdu ostean ezarritako 1841eko legetik—, eta horregatik uste zuen beste euskal lurraldeen aldean izaera berezia zuela.

Diputazio frankistaren zein haren ingurune politiko eta mediatikoaren arabera, foru erregimena ezin zitekeen ukitu. Dena den, eskuinaren barruan UCDko Jaime Ignacio del Burgok 1841eko ituna berritu egin behar zela proposatu zuen bazekielako Hego Euskal Herri bateratuaren aldarriak nabarrismoaren defentsa gotor hura apurtu zezakeela. Haren hitzetan, «forua hobetu» egin behar zen. 

Konstituzioko eztabaida

Espainiako Konstituzioaren eztabaida politikoetan ideia hori nagusitu zen. Konfederazioari atea ireki asmoz, EAJ ahalegindu zen 1839ko legea indargabetzen, zeinak lehen gerra karlista galduta Hego Euskal Herriko foruak desegin zituen. UCDk Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat onetsi zuen proposamen hura; Nafarroarentzat, aldiz, ez, 1841eko legea eta nabarrismoaren interpretazio politikoa desegingo lukeelako. Hala, testu konstituzionalak eskubide historikoak aintzat hartu zituen, baina juridikoki bi eremuak bereizi. Etorkizunean lau lurraldeen arteko bat egite baterako atetxo bat irekirik geratu zen: laugarren xedapen iragankorra. UCDk aukera hura onartze hutsagatik, haserre, makina bat nabarristek alderdia utzi zuten, eta UPNren sorreraren pospoloa piztu zen

Mugarri hark markatu zuen bidegurutzea trantsizioan. Ordutik aurrera, ETAk biziki indartu zituen atentatuak. Politikoki, berriz, 1979 hastapenean Euskal Parlamentarien biltzarra lasterketa betean sartu zen Gernikako estatutua lehenbailehen onartzeko eta katalanei aurre hartzeko Espainiako Gorteetako erregistroan eta onarpenean. Testu hartan jaso ziren egun normaltasunez ikusten diren eskubideak eta erakundeak: euskararen ofizialtasuna, ikastolak, EITB, Ertzaintza, Eusko Jaurlaritza, kontzertu ekonomikoa… 

Nafarroak, berriz, patxada handiagoz hartu zuen prozesua, denboraren bidez ere distantzia markatu nahi izan zuelako. Bereizketa hartan ere, erabakigarri izan zen alderdi sozialistaren lema kolpea: batasuna aldarrikatzen zuen hasieran, eta zatiketa onetsi zuen gero. 1982an burutu zen Foru Hobekuntza, eta prozesu guztiaren orkestra zuzendari izan zen Del Burgo bera. Alderdi abertzaleak negoziazioetatik at utzi ziren, eta amaieran ez zen erreferendumik egin.

Urte luzez Espainian eredugarritzat jo izan den trantsizio politikoak orban sakonak utzi zituen Euskal Herrian; izan ere, hasieratik argi ikusi ziren prozesu haren argi-ilunak, eta lau lurraldeen zatiketa gauzatu egin zen.