Nonahi. Azken bost urteotan, erruz agertu dira Nafarroan biometanizazio plantak eraikitzeko proiektuak. Isilean tramitatu dituzte gehienak, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean agertu direnean izan dute herritarrek haien berri. Kezkak eta haserreak hartu ditu herritarrok, eta antolatu egin dira han eta hemen sortu dituzten plataformetan. Bidean izan dute lagun bat: Sustrai Erakuntza fundazioa.
Erakunde horretako kideak duela lauzpabost urte hasi ziren biometanizazio planten inguruko auzia hizpide hartzen eta beren kezka azaleratzen, baina arazoa joan den udan «lehertu» zen: «Ia astero dugu proiektu berri bat; inolako plangintzarik gabe ari dira, eta enpresen negozioa lehenesten», laburbildu du Sustrai Erakuntzako Mikel Saralegik.
Arazurin, Caparroson eta Artaxoan jarritako biometanizazio plantak izan ziren herrialdeko lehenengoetarikoak. Saralegik garbi erran du planta horietan erabiltzen dituzten teknikak, berez, «onak» direla, helburua baita abeltzaintzan sortutako hondakinak baliatzea gasa sortzeko, eta, gasa sortu eta gero, gelditzen diren hondakinak ongarri gisa erabiltzea planten inguruko lurretan. «Plantak kudeatzeko modua eta eredua dira arazoa».
Artaxoan 2023an gertatu zenak piztu zituen Sustrai Erakuntza fundazioko kideen alertak: Gipuzkoako Zubietako erraustegitik ekarritako 5.500 tona hondakin likido tratatu zituzten Artaxoako plantan, baimenik gabe. 2024ko urtarrilean, Nafarroako Gobernuak behin-behinean itxi egin zuen Ecofert etxearen planta hori, eta martxoan ireki zuten berriz, baina jarduna murriztuta: lehen ekoizten zutenaren erdia ekoizten dute.
Biometanizazio planten kontrako Nafarroako plataformen elkarretaratzea, urrian, Iruñean. SUSTRAI ERAKUNTZA FUNDAZIOA
Artaxoan gertatutakoak eta azken hilabeteotan han eta hemen sortu diren proiektuen tamainak erakusten dute biometanizazio planten helburua dela gasarekin lotutako negozioa sustatzea. Horixe uste dute Sustrai Erakuntzako kideek, eta halaxe salatu dute. Harago jo dute, eta herriz herri aritu dira biometanizazio planten kontra sortu diren plataformekin elkarlanean, proiektuen kontrako alegazioak egiten eta hitzaldiak antolatzen. Proiektu horien atzean dagoen eredua da gakoa, Saralegiren hitzetan; izan ere, hain handiak izanda, derrigorrez ekarri beharko dituzte hondakinak bertze nonbaitetik.
Plantetan sartzen diren hondakinen %95 inguru digestato bilakatuta ateratzen dira, eta digestato horiek ongarri gisa erabiltzen dituzte gero. «Kontua da lurrak muga bat duela eta digestato gehiegi hartzen badu nitratoekin kutsatzen dela», zehaztu du Saralegik. Nabarmentzekoa da Nafarroako Gobernuak nitratoz kutsa daitezkeen eremuen bertze dekretu bat onartu duela berriki, eta Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak hamabi eremu zehaztu dituela zerrenda berrian, orain arte zeudenak baino zortzi gehiago.
Urtebete, aztertzeko
Azken hiru urteotan, biometanizazio plantak egiteko hamar proiektu aurkeztu dituzte Valtierran, Cortesen, Sesman, Artaxoan, Arroitzen, Murillo el Cuenden —bi proiektu daude—, Vianan, Los Arcosen eta Funesen. Biogasval enpresaren Valtierrako proiektua da txikiena, eta, halere, urtean 45.000 tona hondakin jasotzea aurreikusten du. Handienak, Murillo el Cuendeko bi proiektuetako batek, 198.000 tona hondakin hartuko lituzke. BioRig Energy Rada Navarra enpresarena da hori. «Ustez gisa horretako plantek abeltzaintzaren hondakinak hartzen dituzte, baina Lizarrerriko eta Erriberako proiektuon inguruan ez daude hainbeste, eta gerta daiteke beste mota bateko hondakinak jasotzea ere», ohartarazi du Saralegik.
Gehitu du, gainera, planten kokapenari erreparatuz gero, ez daudela etxaldeak dauden tokietan: «Nafarroako gasbideen ondoan kokatu nahi dituzte», nabarmendu du.
«Kontua da lurrak muga bat duela eta digestato gehiegi hartzen badu nitratoekin kutsatzen dela»
MIKEL SARALEGI Sustrai Erakuntza fundazioko kidea
Abeltzaintza eta nekazaritza industrialari «muga» ezarri behar zaiola uste dute Sustrai Erakuntza fundazioko kideek, eta «oinarria» ordenatu, herrialdeko lurrak eta urak zaintzeko. Ustez, asmo horrekin onartu du Nafarroako Parlamentuak ingurumenean eragina duten aktibitateak arautzen dituen 17/2020 legea aldatzea. Sustrai Erakuntzak eta herriz herriko plataformek moratoria bat nahi zuten, mahai gainean dauden proiektu handiak bazter uzteko, baina parlamentuak, UPNk eta PSNk aurkeztutako proposamen baten bidez, urtebetez proiektu berririk ez onartzea erabaki du, eta denbora horretan tramitean direnak aztertzea. Urtebeteko epe horretan, gainera, Nafarroako Gobernuak simaurrak kudeatzeko plana onartu beharko luke.
Plan hori behar da oinarrian, haren arabera behar diren plantak egiteko; horixe uste du Saralegik, eta salatu du gobernuak alderantzizkoa egin duela. «Plangintzarik eza da nagusi; udaletan ere bai».
