Sabai altuak eta kolore berde eta gorriko mosaikoekin apaindutako hormak. Atzealdean, mahai batez estalita, aldarea dago. Zurak kirrinka egiten du aretora sartzen direnen oinen azpian: badirudi meza hastera doala, baina ez. Iruñeko Pinaquy aretoan Libertimenduak: gazteak, komunitatea, ahotsa jardunaldiak antolatu dituzte gaur. Egunean zehar hainbat hitzaldi izan dira libertimenduaren inguruan, komunitatearen errituaren inguruan, baita gazteen ahotsaren inguruan ere.
Jardunaldien asmoa aurkeztu dute Jabi Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak, Iñaki Sagardoi NUPeko irakasleak eta Agurtzane Elordui EHUko ikerlariak. Gero, 10:00etan, hitzaldien kalejira hasi da, Elordui eta Samara Velte EHUko ikerlariekin. Lehendabiziko geldialdia Iruñean izan da, Iruinkokoan zehazki: Iruinkokoa, gazteen agentziarako plaza da hitzaldiaren izena. 2019an hartu zituzten lehen aldiz koko beltzek Iruñeko kaleak, eta harrezkeroztik alde zaharreko kaleetan gertatzen dena ikertu nahi izan du Elorduik: «Gazteen jarrera linguistikoak eta identitateak askotan aztertu dituzte, baina oso gutxi aztertu dituzte gazteen praktikak».
Ikertzaileak entseguetara joan dira, eta egitasmoko parte hartzaileak elkarrizketatu dituzte, libertimendua barrutik nola bizi izan duten jakiteko. Inauterietan erabiltzen den lengoaia ere aztertu dute: ironikoa, anbiguoa, umoretsua. Baina ironia horren atzean kritika zorrotza dago. «Iruinkokoak beste lengoaia bat aurkeztu du bere inguruneari buruz hitz egiteko; posizio ahaldunduago batetik hitz egiten du. Ez du hitz egiteko eskubidea eskatzen: hartu egiten du», azaldu du Veltek.
Plazaren esanahia
Iruinkokoa ez da estatikoa: Iruñeko kaleetan barna mugitzen da, eta elkarte batzuetan gelditu, helmugara iritsi arte. Geldialdi horiek ez dira ausazkoak, Velteren ustez: «Eremu seguru bat sortzen da aurretik egiten den kalejiran; bereak diren espazioez jabetzeko modu bat da, komunitatea sortzeko modu bat».
Azkenean, Santa Ana plazara iristen dira: eremu «fisikoa eta sinbolikoa» da, ikerlarien arabera. Erdi-ezkutuan dago plaza, zaila izan daiteke Iruñea ezagutzen ez dutenentzat hura aurkitzea, eta bertan daude Alde Zaharreko bizilagunek zaintzen dituzten baratzeak. «Bada espazio bat geure buruari hitz egiteko baldintzak eskaintzen dituena. Bertan partekatzen dira herritarren ideiak, ikuspuntuak eta istorioak», azaleratu du Veltek.
Artxiboko irudia: 2023ko Iruinkokoa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Eremu seguru hori poliki-poliki eraikitzen den zerbait dela argudiatu dute ikerlariek, komunitatean eraikitzen den zerbait. Urtean zehar «ikusezinak» diren gazte batzuekin hitz egin du Elordiuk, baina Iruinkokoaren egunean plaza erdian agentzia hartzen dutenak: «Egun batez Iruinkokoa da mundua deskribatzen duena». Horrela laburbildu du Veltek: «Iruinkokoa elkarrizketa sozial bat balitz bezala ikusten dugu. Plaza politizatzen du, eta, ironia erabiliz, komunitate horretan kontzientzia aldaketa bat sortu nahi du».
