Furgoneta batek etxebizitza bat jo du Berriogoitin (Nafarroa), eta ibilgailuaren barruan zihoazen zortzi lagunak zauritu dira, SOS Nafarroak jakinarazi duenez.
Gaur 14:18an izan da ezbeharra, NA-4100 errepidearen 1,6 kilometroan, Berriogoitin. Furgoneta batek kontrola galdu du herriaren sarrerako biribilgune batean, eta, kolpearen ondorioz, ibilgailuaren barruan zihoazen zortzi lagunak —gidaria eta beste zazpi lagun— zauritu dira. Bularrean traumatismoak zituzten guztiek, eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte.
Nafarroako suhiltzaileak, osasun langileak, sei anbulantzia, Berriogoitiko udaltzainak eta Nafarroako foruzainak joan dira ezbeharraren lekura. Erreskatea egin duten bitartean trabak sortu dira NA-4100 errepidean. Foruzaingoa ikertzen ari da zerk eragin duen ezbeharra.
