Abenduak 3

Abenduak 3

Abenduan sartu eta bi egunetara, euskaldun eta euskaltzaleok euskararen eguna ospatzen dugun egun berean, beste batzuk Nafarroaren Eguna izatea goresten dute; biak ala biak Frantzisko Jaso eta Azpilikuetaren omenez edo San Frantzisko Xabierkoaren omenez, misiolari nafarra (Xabierren jaioa), Jesusen Lagundiaren sortzailea, euskara munduaren beste puntaraino eraman zuena eta ahoskatutako lehen eta azken hitzak euskaraz egin omen zituena, guraso euskaldunen seme santua izanik euskara baitzuen etxeko hizkuntza nagusia. Gaztelako tropek inbaditu eta menderatu berria izaki, Baskoien Erresuma Zaharra independentzia berreskuratzeko lehian zebilen garaian igaro zituen berak jaiotza, haurtzaroa, nerabezaroa eta lehen gaztaroa. Beste familia batzuen artean, Frantzisko Xabierkoarena ere izan zen borroka hartan nabarmendutako bat; are, haren anaia eta lehengusu batzuek Fernando Katolikoaren gatibu bukatu zuten; historialarien idazkietan ikus daiteke, artean, Xabierko gaztelua, nafar abertzaleen habia gisa izendatua.

Oro har euskaraz idazten dut, funtsean hori delako nire hizkuntza naturala; gaztelaniaz ere egin dezaket, eta nire inguruko beste pertsona askok bezala, ingelesez eta frantsesez ere bai; hala ere, hizkuntza horietan idazteak euskarak eskatzen ez didan ariketa gehigarria ekartzen dit. Seguruenik helarazi nahi dudana adierazteko modu naturala euskaraz delako, pertsona askorentzat izan den bezala, eta oraindik ere nire egunerokoan, inguruan ditudan askorentzat den moduan.

Duela hilabete batzuk, askotariko jatorria zuten zenbait pertsonak parte hartzen zuten euskarazko irratsaio bateko solasaldia entzuten ari nintzen, zeinetan gure lurraldeko aniztasun soziolinguistikoari buruz gogoetatzen ziren; bazen bertan Tuterako hizlari bat, bere azalpenean, asko laburbilduta, honakoa zioena: kontuak nola izan beharko lukeen teorizatzea eta egoera idealak irudikatzea oso ongi dagoela, baina ezin dugula begien bistatik galdu zein den bizi garen XXI. mende honetako tokiko errealitatea, eta,  zenbait alderditatik begiratuta, ukaezina dela Tutera Iruñetik baino askoz gertuago dagoela Zaragoza edota Logroñotik.

Oro har euskaraz idazten dut, funtsean hori delako nire hizkuntza naturala; gaztelaniaz ere egin dezaket, eta nire inguruko beste pertsona askok bezala, ingelesez eta frantsesez ere bai

Ezin da ukatu, halaber, Tutera gaur egun Nafarroako Foru Erkidegoaren barrenean dagoela, eta beraz, abenduaren 3a jaieguna izango dutela bertako biztanleek, Nafarroako geografia zabal eta askotarikoko beste hainbat herritan bezala. Frantzisko Xabierkoa nafarraren omenez.

Larunbateko Nafarroako Bertsolari Txapelketan aditutakoek piztu zidaten itxaropena; zortzi neska-mutil gazte, lingua navarrorum-aren defentsan beren gaztetasuna eta bertsogintzaren artea baliatuz. Ez ama hizkuntzarekiko aldarrikapen emozional edo afektibo moduan (zilegi ere izan zitekeena), baizik eta sortzen eta hazten ikusi dituen lurrarekiko errespetu, ardura eta begirune keinu gisa, partaide diren gizarte gero eta globalago eta askotarikoarekiko eta baita oinordetzan jasotako munduarekiko, egiazko elkarbizitza ez dadin irudikapen ideal batean geratu eta XXI. mendeko eta hurrengoetako errealitate izan dadin.