Ezustean agertu da. Kontatu du zaila zaiola jendearekin egotea, eta egun batzuk lehenago egin duen azken elkarrizketak «lur jota» utzi duela. Nahiago duela idatziz erantzun. Montxo Rejano El que no ve izenburuko proiektuko protagonista da. Karrikan bizitzea zer den kontatu du liburu batean eta dokumental batean. Istripu baten ondorioz lana galdu eta gero, hondoa jo zuen Rejanok. Baina lortu du zulotik ateratzea. Iruñeko Paris 365 jantoki solidarioak eskaini zion behar zuen heldulekua. Ezustean agertu da; egin du ahalegina, eta Natxo Leuza dokumentaleko zuzendariarekin batera, aurrez aurre mintzatu da kazetariarekin.
Rejanok Corto Malteseren elastiko bat darama soinean. Komikiak maite ditu, eta, bereziki, Corto Malteseren abenturak. Rejanok ere izan ditu hamaika abentura, hamaika herri bisitatu baititu. Abenturazaletasun horrek lotu du, hasieratik, Natxo Leuza zinemagilearekin. Paris 365 jantokiko lagun baten bidez izan zuen haren berri. Ezagutu nahi zuela erran zion, eta bere historia kontatu. «Ostatu bateko terrazan bat egin genuen. Lau orduz egon ginen hitz egiten. Sentitu nuen hari kontatzen ahal niola nire istorioa».
Kameraren aurrean jartzeko bi arrazoi nagusi izan ditu Rejanok. Batetik, azaldu nahi izan du sistemak edonor uzten ahal duela bazter. «Ez dezala inork pentsa salbu dela. Bazterketa sozialak edonor harrapa dezake, sistemaren tresna bat baita soberan dituenak bazter uzteko». Bertzetik, garbi erran nahi izan du inor ezin dela bere kabuz atera zulotik, laguntza behar duela, eta laguntza hori emateko prest diren pertsonak eta erakundeak badirela.
Natxo Leuza eta Montxo Rejano, azaroaren 28an, Iruñean. NAFARROAKO HITZA
Gizarte zerbitzuek betetzen duten rolari buruz, halere, kritiko agertu da Rejano. Uste du prekaritateari eta ezberdinkeriari aurre egin bainoago, bazterketa soziala eragiten duten egoera horiek «kudeatzea» dutela helburu. Salatu du Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak hainbat zerbitzu pribatizatu dituztela. «Hitzak ez dira nahikoa; administrazioak ekitea behar dugu».
Bakardadeak harrapatuta
Donostian jaioa da Rejano (1957), baina 2006tik Nafarroa du bizitoki. Lizarrerrira ailegatu zen Brasildik, burdingintzaren arloko enpresa batean lan egitera. Galdari so emandako denborak ikusmena kaltetu zion; lanik gabe gelditu zen 50 urte zituenean, eta, Suitzan saiatu eta gero, Iruñera itzuli zen. «Bakarrik nengoen, dirurik gabe. Ez nuen irtenbiderik ikusten. Ez nuen amak eta lagunek hain gaizki ikustea nahi», kontatu du dokumentalean. Alkohola bilakatu zen Rejanoren lagun bakar. «Bakardadeak harrapatu ninduen».
Natxo Leuzak Rejano ezagutu zuenean, duela bost urte inguru, berehala ohartu zen denek ezagutu beharreko historia zela hark kontatu ziona. Asteartero bat egin zuten bi urtez, eta saio horietan Rejanok errandakoak eta idatzitakoak liburu bihurtzeko ideia mamitzen hasi zen. «Indar handikoak ziren Rejanoren hitzak, eta garbi ikusi nuen bere horretan zabaldu behar zirela», kontatu du Leuzak.
Rejanok baiezkoa eman zuen, eta, 2023an, El que no ve proiektua sortu zen. Liburua argitaratu zuen Rejanok La Imprenta etxearekin, eta Leuzak izenburu bera zuen dokumentala ondu zuen. Zinemagileak Fermin Urdanoz artista inplikatu zuen proiektuan, eta hark egindako ilustrazioek lagundu dituzte Rejanoren hitzak. Irudiekin, gainera, erakusketa bat antolatu du.
Dokumentala jaialdiz jaialdi aurkeztu dute, eta hamaika sari jaso ditu. Orain, Espainiako Goya sarien hurrengo aldian dokumental onenaren saria jasotzeko hautagai izateko lehian dago. Proiektuari, gainera, adar berriak sortu zaizkio, eta Rejanok karrikan lagun izandako Juan Jimenez Fariña-ren historia jasoko duen filma prestatzen ari dira. «Rejano buru-belarri ari da proiektuan; haren, Fariñaren eta hiruron artean ari gara», erran du Leuzak. Fariñaren berri emanen duen dokumentala prestatzen ari da zuzendaria, baina proiektuak emanen du bertze fruiturik: Fariñak berak zuzendutako film bat. Lan horretan murgilduta daude hirurak.
Rejano kontent da El que no ve proiektuak egindako bidearekin. Onartu du hasieran bertigoak hartu zuela, baina Leuzarekin izandako solasaldiek lasaitu zutela. Konfiantzazko giroa sortu zen bien artean, eta Rejanok sinetsi zuen liburuak eta dokumentalak balioko zutela ezkutuan dagoen errealitate baten berri emateko. «Ordu anitz eman ditut Iruñeko Gurutzeko plazan; jendeak ez dizu begietara so egiten. Beldurrez begiratzen zaituzte. Akaso, zu zauden tokian egoteko beldurrez», azpimarratu du Rejanok Leuzaren dokumentalean.
Paris 365, «giltzarri»
Iruñeko Azpilagaña auzoko etxe batean bizi da Rejano orain, bertze lagun batekin. Karrikatik atera da, eta atzean utzi ditu garai batean alkoholarekin izandako arazoak. Paris 365 jantoki solidarioa «giltzarri» izan da Rejanorentzat. Halaxe berretsi du. «Plazako lagun batek eman zidan jantoki horren berri; bitxia da, baina gizarte zerbitzuetan inork ez zidan aipatu baliabide hori existitzen zela. Jantokira joan nintzen lehen gau hartan, eseri eta afaldu egin nuen. Afari hura askatzailea izan zen niretzat. Negar egin nuen».
Fermin Urdanozek ‘El que no ve’ proiekturako egindako ilustrazioetako bat. FERMIN URDANOZ
Paris 365eko jantokian elkartasuna aurkitu zuen Rejanok. Eta elkartasun horrek galdutako duintasuna lehengoratu ziola nabarmendu du. «Elkartasunak errespetua baitauka oinarrian, elkarri diogun errespetua». Karrika edonor suntsi dezakeen errealitate bat da, eta ez da erraza kalean emandako denborak utzitako arrastoa atzean uztea. Rejanok ongi daki gogor egin behar dela lan, eta badaki, gainera, bertzeen laguntza «ezinbertzekoa» dela.
Paris 365 jantokikoena izan zuen hark. «Lanak ematen hasi ziren; horri esker, nire konfiantzak gora egin zuen», oroitu du. «Orain ongi nago», azpimarratu du Rejanok. «Galdu zen Montxo hura naiz berriz ere. Lortu dut nire autoestimuak gora egitea, eta garai batean nire ondotik urrundu nituen senideak eta lagunak berriz niregana hurbiltzea».
Rejanok garbi du: «Karrikan bizitzea edo gizartearen bazterrean gelditzea ez da hautu bat. Bere interesak lehenesten dituen sistema honek bultzatzen gaitu kalera. Paris 365 jantokiko boluntario batek behin galdetu zidan norena den halako egoeren errua; nik uste dut kontua ez dela errua norena den, baizik eta nork duen erantzukizuna. Erantzukizuna politikoa da, eta politikariek ez dute auzia konpontzeko inolako borondaterik», salatu du.
«Karrikan bizitzea edo gizartearen bazterrean gelditzea ez da hautu bat. Bere interesak lehenesten dituen sistema honek bultzatzen gaitu kalera»
MONTXO REJANO ‘El que no ve’ liburuaren egilea
Rejanok eta Leuzak urtarrilean jakinen dute El que no ve dokumentala Goya sarietarako hautagai izanen den edo ez. Rejano kezkatzen hasia da zer arropa jantzi beharko ote duen filma hautatzen badute. Trajerik ez duela nahi erran dio, argi eta garbi, Leuzari, eta hark erantzun jantzi beharko duela, Goya sarien bestan egon nahi badu. «Atorra beltz batekin joanen naiz, eta kito!». Barre egin dute biek.
Sariek karrikan bizi direnen egunerokoa zabaltzeko balio dutela erran du Rejanok, eta horregatik direla garrantzitsuak. Hori baita haren helburua: ezkutuan gelditzen ohi dena begien bistan jartzea. Denek ikus dezaten hirietako karriketan zer gertatzen den. Denek ikus dezaten deus ez dutenen egunerokoa nolakoa den. Denek ikus ditzaten karrika etxe bakar duten horiek guztiak. «Joka dezagun elkartasunez, eta bazter utz dezagun karitatea. Joka dezagun enpatiaz eta errespetuz», berretsi du Rejanok. Enpatia eta errespetua, bertzeei so egiteko. Lanean segitzen dute Rejanok eta Leuzak. Duela hainbat urte hasi zituzten solasaldiak ez baitira oraindik amaitu.
