«Gure helburua Nafarroako eta Irlandako kulturak uztartzea da»

«Gure helburua Nafarroako eta Irlandako kulturak uztartzea da»

Nafarroa eta Irlanda elkarteko (ANIR) kideak Iruñeko Baztan pubean elkartzen dira askotan, bi herriek dituzten istorio partekatuei buruz hitz egiteko. David Alegria historian doktoreak (Iruñea, 1972) eta Conrad Gallagher InEnglish akademiako ingeles irakasleak (Enniskillen, Ipar Irlanda, 1971) zubi bat eraiki nahi izan dute Irlanda eta Nafarroa artean. Horretarako hainbat ekintza antolatu dituzte: bi kulturetako musika nahasten duten kontzertuak, tailer historikoak, baita zinema ziklo bat ere. Urtarrilaren 3an The Secret of Kells (Kells-en sekretua) pelikula emango dute Iruñeko Kondestablearen jauregian. «Conrad ni baino nafarragoa da», onartu du Alegriak; «Eta David ni baino irlandarragoa», erantzun du Gallagherrek.

Nondik sortu zen elkartea sortzeko ideia?

DAVID ALEGRIA: Abiapuntua John Scannell Taylor soldadu irlandarraren hilobi baten berraurkikuntza izan zen; Hirugarren Karlistaldian hil zen. Ororbian lurperatuta dago, eta hilarri eder bat du. Hari buruz ikertzerakoan jakin genuen irlandar soldadua heroikoki hil zela guduko lehen ekintzan. Irlandako O’rorbia jardunaldiak antolatu genituen, eta ustekabeko arrakasta izan genuen.

Zertan dute antza Nafarroako gizarteak eta Irlandakoak?

CONRAD GALLAGHER: Umoretsuak garela, eta oso familia girokoak. Bizitzeko egiten dugu lan, ez gara lanerako bizi. Festa maite dugu. Horregatik daude irlandar asko hemen; oso antzekoak gara.

ALEGRIA: Haiek San Patrizio dute; guk, sanferminak. Sanferguiness izena jarri diogu.

Eta zertan bereizten dira?

GALLAGHER: Iruñera iritsi nintzenean, atentzioa eman zidan tabernetan ahozapiak lurrera botatzen zenituztela. Pintxo bat jan, ahozapiarekin eskuak garbitu, eta papera lurrera botatzen zuten. Orain ez da hainbeste gertatzen.

ALEGRIA: Irlanda sormen eta adierazpen artistiko handiko herrialdea da. Eta oso puntualak dira: Conradek 13:18an geratzeko esaten badit, ordu horretan agertuko da.

Zergatik dago Irlandarekiko lilura, zuen ustez?

GALLAGHER: Mundu guztiak ezagutzen du Irlandan egondako norbait. Mundu guztiak dauka lotura edo istorio bat Irlandan.

ALEGRIA: Jende asko joaten da ingelesa ikastera Irlandara, eta gero zergatik geratzen dira? Horretan pixka bat sakondu nahi dugu, eta bi herrien arteko harremana sendotu. Sakonean nortasun partekatua dago.

«Irlandako elkarteko bazkide batzuek gaelikoz hitz egiten dakite, eta etorkizunean hizkuntza horretan jarduerak egitea ere bada gure asmoa»

 DAVID ALEGRIA ANIR elkarteko sortzailea

Nondik sortu da nortasun partekatu hura?

ALEGRIA: Dokumentatuta dago Erdi Arotik nazioarteko trukeak egiten zituztela bi herrien artean. Carlos Vicente O‘Reilly eta Arraiz izeneko nafar eta irlandar printze bat ere izan zela uste dugu, XIX. mendearen hasieran Iruñean bizi izan zena. Gainera, Irlandako zaindariaren ermita bat dago Erriberrin, Santa Brigida. Ermita 1200. urtekoa da, eta ez dakigu nola iritsi zen bertara.

Elkartean harreman horretan sakondu nahi duzue, beraz?

ALEGRIA: Gure helburua Nafarroako eta Irlandako kultura uztartzea da. Hainbat jardueraren bidez, hala nola hitzaldi historikoak, zinema emanaldiak, kirolen erakustaldiak… Eta, alor kulturalaz disfrutatu eta gero, garagardo bat edatea denok batera.

GALLAGHER: Badira hautsi nahi ez ditugun estereotipo batzuk.

Baina badaude deuseztatu nahi dituzuen estereotipoak ere?

ALEGRIA: Gu modu batera ikusten gaituzte, eta guk haiek beste batera. Baina uste dut klixe horiek hausteko moduko herriak garela. 

GALLAGHER: Nire ezagun batzuek uste dute hemen eguzkia egiten duela beti, eta bero egiten duela. Ez didate sinesten eskiatzera joan naizela esaten diedanean.

Euskara eta gaelikoa. Hizkuntza gutxitu bat duten herriak ere badira. Jarduerak gaelikoz egiteko asmoa duzue?

ALEGRIA: Bai. Irlandako elkarteko bazkide batzuek gaelikoz hitz egiten dakite, eta etorkizunean hizkuntza horretan jarduerak egitea ere bada gure asmoa. Oso garrantzitsua da.

Bada beste kulturako ohituraren bat zuenean ezarri nahiko zenuketena?

ALEGRIA: Puntualtasuna.

GALLAGHER: Nafarroan autobusaren lerroa errespetatzea nahi nuke. Irlandan ilaran jartzen zara, autobusaren esperoan; hemen edozein moduz sartzen zara.

Zer ezaugarri dituzte zuen elkarteko bazkideek?

GALLAGHER: Mundu guztia etortzea nahi dugu, ez dute zertan ingelesez hitz egiten jakin. Baldintza bakarra da Irlandako kultura interesatzea eta ondo pasatu nahi izatea.

Nafarroan klan sendo bat lortu nahi duzue?

ALEGRIA: Bai, elkarte txiki eta apala izan arren. Hori oso irlandarra da: baikorrak, borrokalariak eta ameslariak gara.

LOTSaBAKO