Antxon Alonso enpresaria ere atxilotu du Guardia Zibilak, Auzitegi Nazionalaren aginduz

Antxon Alonso enpresaria ere atxilotu du Guardia Zibilak, Auzitegi Nazionalaren aginduz

PSOEko militante ohi Leire Diez eta SEPI Espainiako Industria Partaidetzarako Estatu Sozietateko presidente ohi Vicente Fernandez atxilotu zituzten operazio berean atzeman zuten atzo Antxon Alonso enpresaria ere. Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegiaren aginduz atxilotu zituen Guardia Zibilak, eta auzia sekretupean den arren, Cerdan auziaren itzala nabari da. Hain zuzen, Alonso Servinabar enpresaren jabea da, eta Fernandezek harentzat egin zuen lan.

Jakin denez, Guardia Zibileko UCO Unitate Operatibo Zentraleko agenteek Antonio Piña Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz atxilotu dituzte hiru lagun horiek, ustelkeriaren kontrako fiskaltzarekin egiten ari den ikerketa bat dela tarteko. Ikerketa sekretupean dago, baina zenbait hedabidek argitaratu dute kontratazio publikoetan izandako ustezko ustelkeria kasuak ikertzen ari direla, eta atxilotuei prebarikazio, dirua bidegabe erabiltze, influentzia trafiko eta antolakunde kriminal bateko kide izatearen delituak egozten dizkietela. Izan ere, Guardia Zibilaren bertsioaren arabera, SEPIren hainbat kontratazio publikotan parte hartu zuen Servinabarrek.

Datozen egunetan igaroko dira hiru atxilotuak epailearen aurretik, eta hark erabakiko du haien kontrako neurririk hartzen ote duen: behin-behinean espetxeratu edo aske utzi, kautelazko neurriekin edo gabe.

Gainera, ikerketako iturriak aipatuz, Europa Pressek argitaratu du gaur Madrilen, Sevillan eta Zaragozan miaketak egiten ari direla, ustez Servinabarrekin loturaren bat duten zenbait enpresaren egoitzetan. Era berean, adierazi du ez dela atxiloketa gehiago espero.

Ez da Servinabarri lotutako enpresetan miaketak egiten dituzten lehen aldia. Azaroan, UCOk Acciona enpresaren Bilboko egoitza eta Noran eta Erkolan enpresen Donostiako egoitzak miatu zituen. Orduko hartan, baina, Auzitegi Goreneko Leopoldo Puente epailearen aginduz egin zuten. Azaldu zutenez, diligentzia haiek Cerdan auziari lotuta irekitako pieza sekretu baten parte ziren. Beraz, izatez, atzoko atxiloketak ez dira auzi beraren parte, azken horiek Auzitegi Nazionalak agindu baitzituen.

Servinabar da Auzitegi Gorenak, besteak beste, PSOEko Antolakuntza idazkari ohi Santos Cerdanen eta Jose Luis Abalos Espainiako Garraio ministro ohiaren kontra martxan duen auziaren erdian dagoen enpresa. Alonso da haren jabea, baina Guardia Zibilak Santos Cerdani ere egotzi dio haren jabetzaren parte izatea. Horretarako argudio gisa baliatu du ekainean Alonsoren etxean egindako miaketa batean aurkitutako paper bat. Bertan, adierazten da politikari ohia enpresaren %45aren jabea dela. Cerdanen defentsak, baina, ukatu egin du hala denik, adierazita agiri hori pribatua dela, eta ez duela legezko baliorik.

Hala, auzia PSOErekin lotu nahi izan dute. Batetik, Cerdanen eta Alonsoren arteko harremanagatik. Bestetik, Fernandez Maria Jesus Montero Espainiako presidenteordearen gertuko pertsona izan zelako. Eta, azkenik, Diez alderdiko militante izan delako. Azken horri, beste auzi batean, zera egozten diote epaile, fiskal, Guardia Zibilaren UCOko kargudun eta kazetari batzuei buruzko informazioa eskuratzeko ahaleginetan aritzea.