Ateak itxi badizkiete ere, aurrera jarraitzea erabaki dute. ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek giza kate bat osatu dute gaur Iruñean, Nafarroako Parlamentuaren eta Gobernuaren egoitzen artean, Nafarroarako gutxieneko soldata propioa eskatzeko. Sindikatu horien arabera, gobernuak eta parlamentuko alderdiek beren orain arteko jarrera aztertu behar lukete, eta eskaera hori babestu, gutxieneko soldata propioak modua ematen baitu «langileen bizi baldintzak hobetzeko eta aberastasuna modu bidezkoan banatzeko», sindikatuetako ordezkarien esanetan.
Martxoan, parlamentuko mahaiak atzera bota zuen proposamena eztabaidatzeko sindikatu horiek eginiko eskaera, argudiatuta soldata minimoa ezartzeko eskumena Espainiako Gobernuarena dela. Horrez gain, blokeatuta geratu zen CEN patronalarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin negoziazio kolektiboaren bidez helburu bera lortzeko abiatutako bidea ere, haietako inor ez baitzen agertu egitasmoaren sustatzaileek eginiko bilera deialdietara. «Berriro ere, langileen baldintzak prekario bihurtzeko eta hobekuntzarik ez izateko helburuz bat egin dute patronalak eta bi sindikatu horiek. Eta bitartean, Nafarroako Parlamentuan ere, argudio juridikoak erabilita, eztabaida itxi egin dute», salatu dute.
Hala ere, egitasmoa defendatzen duten eragileek ez dute amore eman nahi. Uste dute parlamentuak iritzia alda dezakeela oraindik, eta saia daitekeela bere kasa lege proiektu bat egiten. Horrek aurrera egingo balu, Nafarroak Espainiako Langileen Estatutua aldatzeko eskaera eramango luke Madrilera: aldaketa hori onetsiz gero, autonomia erkidegoek modua izango lukete gutxieneko soldata ezartzeko.
Helburu hori betetzeko eta presio egiteko, sinadurak biltzen hasi ziren udaran, eta duela aste batzuk aurkeztu zituzten parlamentuan. «Hiru hilabeteotan 18.316 nafarren babesa bildu dugu, herri ekinaldi legegile bat abiarazteko beharrezkoa zen kopurua halako hiru», nabarmendu dute.
Gobernuaren «jarrera antidemokratikoa»
Egitasmoa aurkeztu zutenetik, baina, ez dira izan Maria Txibite eta haren gobernuarekin, gogoratu dutenez. Lehendakariak ez du sustatzaileekin bildu nahi izan, eta salatu dute ez dutela ulertzen haren betoa. «Haren jarrera partzial eta korporatiboa larria da, eta antidemokratikoa. Enpresarien interesak babesten ditu, eta gutxieneko soldata propioa negoziatzeko aukera ukatu», kritikatu dute.
Halaber, CEN patronalari eta UGT eta CCOO sindikatuei berriz ere eskatu diete «negoziatzera esertzeko». Ohartarazi dute bestela mobilizazioen eta ekintza sindikalaren bidez erantzungo dutela.
Gutxieneko soldata propioaren eskaerak antzeko bidea egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Sindikatu horiek herri ekinaldi legegile bat onartzeko saioa egin zuten Eusko Legebiltzarrean, 138.495 sinadura bilduta. Baina kasu horretan bai, taldeek eztabaidatu egin zuten. Hala ere, EAJk, PSE EEk, PPk eta Voxek atzera bota zuten, Nafarroan eman zuten argudio bera edo oso antzekoa erabilita. Confebask patronalarekin eginiko saioek ere porrot egin dute.
