Nafarroako herritarren ia erdiek nahiago dute lurraldeen arteko kohesioa ez areagotzea

Nafarroako herritarren ia erdiek nahiago dute lurraldeen arteko kohesioa ez areagotzea

Bost urte bete ditu Naziometroak, Telesforo Monzon laborategiaren eta EHUko Parte Hartuz ikerketa taldearen tresna estatistikoak. Urteurren hori baliatuta, urte hauetan bildutako datuak eta joerak aztertu zituzten joan den urrian Bilbon egin zuten jardunaldian. Orain, ordea, argazki horri lupaz begiratu nahi izan diote, lurralde bakoitzaren berezitasunez jabetzeko. Atzo Ipar Euskal Herriko datuetan egin zuten azpimarra, eta gaur Nafarroakoei begiratu diete. Alderaketa eginez gero, aurkia eta ifrentzua erakutsi dute datuek; izan ere, Iparraldean lurraldeen arteko kohesioa handitzearen aldeko jarrera nabarmena bada, Nafarroan gehiengo batek nahiago du nor bere aldetik joatea.

Nafarroa Garaian, galdekatutakoen ia erdiek nahiago dute lurralde bakoitzak bere bidea egitea. Datu hori nabarmen handiagoa da Euskal Herri osoko argazkiarekin alderatuz gero: %29,8k dute iritzi hori. Hala ere, Nafarroan harreman gehiago nahi dutenen kopurua ere handia da, galdekatutakoen ia herenak (%31,4) nahi du kohesioa indartzea.

Hain zuzen, galdera beste modu batera eginez gero, hots, erkidego bakoitzak bere bidea jarraituta harreman gehiago izatea nahiko luketen itaunduta, alde daudenak gehiago dira kontra daudenak baino. Euskal Herriko datu orokorraren parean, doi-doi. «Badirudi norberak bere autonomia mantentzean dagoela gakoa», ondorioztatu dute ikertzaileek.

Estatuarekiko eszeptiko

Naziometroaren datuek erakusten dutenez, Nafarroa Garaian eszeptizismo handia dago euskal estatuarekiko, bai desiragarritasun politikoan —independentziaren aldekoak %15,3 dira; kontrakoak, %46,5—, bai ondorio praktikoei dagokienean ere. Izan ere, «okerrago» biziko liratekeela uste dutenak Euskal Herri osoan baino nabarmen gehiago dira (%44,7, Euskal Herri osoan %31,5). «Hobeto» biziko liratekeela uste dutenak, berriz, gutxiago dira Nafarroan (%16,7) Euskal Herri osoan baino (%30,4). 

Hala ere, erabakitzeko eskubidearen nahiak indartsu jarraitzen du: %60tik gora egon da azken bost urteetan. Erreferendum baten aukari buruz galdetuta, bestalde, gehiengo batek uste du Frantziako eta Espainiako estatuek onartu egin beharko luketela euskal herritarrek erreferendum baten bidez erabakitakoa. Kontrakoa uste dutenak nabarmen gutxiago dira, eta beheranzko joera izan du 2020tik gaur arte: %31tik %14ra apaldu da.

Halaber, Nafarroan gehiengo batek autogobernu handiagoa lehenesten du: eskumen gehiago nahi dituzte, gertuko kudeaketa hobea dela iritzi baitiote herritarren erdiak baino gehiagok. Aitzitik, estatu zentralizatuaren aldeko jarrera oso minoritarioa da (%6,2).