«Negozio turistikoari ez!», oihukatu dute gaur Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deitutako manifestazioan. Negozio turistikoari ez! Mercaderes 18ekoekin elkartasuna lelopean abiatu dira Iruñeko Errekoleten plazatik alde zaharreko kaleen barna, Mercaderes kaleko 18. portalera iritsi arte. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaz gain, Iruñeko hainbat eragile sozial ere batu dira deialdira: Nahiko AZ, Harituren Etxebizitza Sindikatua, Berriozarko PAH, Martes al Sol, Dar Etxea, PIM-MIG (Pertsona Migratuendako Informazio Gunea), Salhaketa Nafarroa, Alde Zaharreko Gazte Mugimendua, Alde Zaharreko Gazte Koordinadora Sozialista, Nafarroako CGT-LKN eta Iruñeko CNT.
Turismoaren negozioaren aurka eta Mercaderes kaleko 18 portalean bizi diren bizilagunei elkartasuna adierazteko antolatu dute mobilizazioa. «Etxebizitzaren negozioari ez», oihukatu dute manifestariek. Duela hilabete batzuk, Mercaderes 18ko bizilagunek salatu zuten Vidaurre Group enpresak haien etxebizitza bloke turistiko bihurtu nahi zuela. «Turismoarekin negozioa egiten dutenen mesedera jartzen den auzo-eredu baten adierazpen bat gehiago baino ez da», salatu dute manifestazioko antolatzaileek. Ondoren jakin zuten blokeko etxebizitza guztiak pisu turistiko bihurtzeko asmoa zutela, eta, horrela, bloke turistiko oso bat sortu.
Manifestazioko ibilbidean zehar, turismoaren negozioak langile klasean duen eragina salatu dute: etxetik edota auzotik kanporatzea, bizi baldintzak okertzea eta sare komunitarioen «suntsipena», besteak beste. Amaierako hitz hartzean salatu dutenez: «Alde Zaharrean dagoeneko 225 etxebizitza turistiko daude erregistratuta, hau da, 30 etxebizitzatik bat turismora dago bideratuta».
Mercaderes kaleko 18koa Alde Zaharrean gertatzen ari dena adibide bat baino ez dela ere esan dute, eta Alde Zaharrean martxan diren beste egitasmo batzuk seinalatu dituzte: abuztuan jarri zuten martxan Eslava kaleko 13. zenbakiko bloke turistikoa, eta, pisu turistikoez gain hotel, aterpetxe eta antzekoetako plaza turistikoen kopurua gora doala ere adierazi dute. «Hau guztia pagotxa da turismoarekin negozioa egiten duten horientzat, eta miseria langile klasearentzat», aipatu dute.
Etxebizitzaren «negozioa»
Mercaderes 18ko bizilagunek ere hartu dute hitza. Diotenez, «berotasun handia» jaso dute azken hilabeteetan auzoan eta sindikatuaren bidez. Etxetik bota nahi zituztela jakin zutenean, argi izan zuten «antolatzea eta borrokatzea» zela bidea. Hala ere, «borroka zabalagoa» dela esan dute: «Borroka hau etxebizitzaren negozioaren ondorioak jasaten ditugun guztiona da, eta etxebizitza jende guztiak bermatuta izan dezan uste dugun guztiona». Halaber, dei egin die «antzeko egoeran» dauden guztiei, ez dezaten «isilik edo lotsaz jardun».
Sindikatuak aldarrikatu duenez: «Langile-klaseak izan behar du etxebizitzen gaineko kontrola, inork ez dezan etekinik atera etxebizitzarekin eta tankerako oinarrizko beharrekin». Hori dela eta, Mercaderes 18ko apartamentu turistikoen proiektuari aurre egiteko beharra azpimarratu dute, baita antzeko egitasmoei ere. Bukaeran, nabarmendu dute borrokan jarraituko dutela «etxebizitza kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala» izan dadin.
