Patinak jantzita, eta orekari eusten

Patinak jantzita, eta orekari eusten

Patinak janztearekin batera, kirola beste era batera bizitzeko esparru bat sortu zuten Iruñean Nafarriors roller derby taldeko kideek. Euskal Herrian geroz eta ezagunagoa den arren, kirol gutxitu bat eta ertzetako errealitateentzako leku bat da roller derbya. Azaroaren 29an, hamargarren urteurrena ospatu dute Nafarriors taldekoek. «Roller derbya gorabehera handiko kirol bat da. Beraz, hamar urtez martxan egotea oso lorpen garrantzitsua da guretzat», esan du taldeko kide Maite Zigandak.

1930eko hamarkadan eta Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen kontaktu kirol bat da roller derbya. Quad izeneko patinen gainean jokatzen da, eta jokaldi bakoitzeko bost pertsona ateratzen dira pistara. Helburua da jammer jokalariak edo taldeko puntu egileak beste taldeko blokeatzaileek sortzen duten harresia pasatzea. Aldi berean, blokeatzaileek talde bakoitzeko puntu egileak oztopatzen saiatu behar dute.

Euskal Herriko araudia eta oinarriak AEBetakoen berdinak dira. Halere, Zigandaren ustez, AEBetan kirol «ezagunagoa» eta «profesionalagoa» denez, taldeak «indartsuagoak» dira: «Iruñean eta inguruan, ertzetatik ateratzen den gauza bat da. Iruditzen zait hemen ez dela horren serioa eta lehiakorra. Patxadaz hartzen dugu, eta garrantzitsuena da kirola eginez disfrutatzea eta komunitate polit bat sortzea». Faktore askok baldintzatzen dute taldearen indarra; horregatik, urtez urte egiten dute aurrera, asmo handiko helburuak zehaztu gabe: «Badakigu hau bizirik mantentzea oso zaila dela, eta ez da deus gertatzen urte batean ez badugu txapelketan izena ematen edo ez baditugu partida ofizialak jokatzen». Nabarmendu du «oso garrantzitsua» dela jendearen berotasuna eta babesa jasotzea: «Jendea gu ikustera etortzeak asko betetzen nau, eta taldearen indarrari eusten laguntzen du».

Nafarriors taldeko kideak, azaroaren 29an, Iruñeko Aranzadi kiroldegian. IÑIGO URIZ / FOKU

Pistan alter ego moduko bat ateratzen dute jokalariek; Ziganda, esate baterako, Mai T Killah da. Taldean Back is Back esaten dioten Bakartxo Arza jokalariak ekarri zuen roller derbya Iruñera, Madrilen ezagutu eta gero: «Inork ez zuen ezagutzen, eta Bakartxok izugarrizko lana egin zuen kirola erakusteko eta jendea animatzeko». Nafarriors sortu zutenetik taldeak gorabeherak izan dituela onartu du Zigandak, eta taldeko kideei kosta egiten zaiela gutxieneko egitura bati eustea.

Komunitate zabala

Hasieran, taldea asko hazi zen, roller derbyak jakin-min handia piztu zuelako, eta jende asko sartu zelako taldean. Zigandak sei urte daramatza taldean, eta aurretik Italian aritu zen. Iruñera itzuli baino lehen argi zuen jokatzen jarraitu nahi zuela. «Iritsi nintzenean, pixka bat blokeatuta zeuden taldeko kideak, inork ez zituelako oso oinarri sendoak. Baina, poliki-poliki, denon artean ahal genuena egin genuen aurrera egiteko», esan du.

Gero, beste goraldi bat izan zuten, baina COVID-19ak dena geldiarazi zuen: «Oso garai txarra izan zen. Batzuek esan zuten ez zutela jarraituko, eta oso gutxi geratu ginen». Duela hiru urte inguru ateak irekitzeko jardunaldiak egin zituzten, eta kolpe batez bost edo sei lagun sartu ziren: «Pertsona horiek hartu dute orain ardura nagusia, eta, horrela, urte gehiago daramatzagunok pixka bat askatu eta erlaxatu gaitezke».

Nafarriors roller derby taldeko kide baten kaskoa, azaroaren 29an Iruñeko Aranzadi kiroldegian jokatutako partidan. IÑIGO URIZ / FOKU

Roller derbya ez da soilik kirola praktikatzeko leku bat, oinarri eta balio jakin batzuk dituen komunitate bat ere bai baita. Zigandarentzat, autogestioa da kontuan hartu beharreko balio garrantzitsuenetarikoa. Ez daukate entrenatzaile figurarik, beren artean antolatzen dira, eta beren kabuz lortzen dute materiala erosteko eta partidetara joateko dirua. 2020an, beste talde batzuetako jokalariekin batera ARDE izeneko elkartea sortu zuten Roller Derby Liga martxan jartzeko: «Guk antolatzen ditugu partidak, eta epaileak beste jokalari batzuk dira. Urtero aldatzen da jendea, eta nahi duena sar daiteke».

«Jendea gu ikustera etortzeak asko betetzen nau, eta taldearen indarrari eusten laguntzen du»

MAITE ZIGANDA Nafarriors taldeko kidea

Autogestioaz aparte, nabarmendu du «edonork» egin dezakeen kirol bat dela. «Badago jendea txikitan esan diotena gorputz bat edo beste zuelako hobe zela kirol jakin bat egitea. Hemen edozein gorputz da ongi etorria», esan du. Batez ere emakumez osaturiko talde bat da, baina beste identitate asko hartzen ditu kontuan: «Guretzat oso garrantzitsua da roller derbyak ofizialki transei aitortza egitea. Nik dakidala ez da beste kirol batzuetan gertatzen».

Taldeko puntu egileak harresia ez pasatzeko, kolpeak izaten dira tarteko. Halere, errespetua nagusitzen da, pistan zein pistatik kanpo: «Oso bortitza ematen du, baina talde barruan zein kanpoan zaintza lehenesten dugu». Partiden ostean, hirugarren denbora edo after party-a egiten dute kontrako taldeko kideekin. Hirugarren denboran, afaltzera joan, parrandan atera eta zenbait jokalari saritzen dituzte: «Oso harreman politak sortzen dira, eta kolpeak laster ahazten ditugu».