«Ez diot alde bati edo bertzeari uko egin behar hemengo sentitzeko»

«Ez diot alde bati edo bertzeari uko egin behar hemengo sentitzeko»

Marokoar eta nafar. Chaimae Hainanek (Guelmim, Maroko, 1998) garbi du han eta hemen garatu duela bere nortasuna, eta ez duela zertan alde batean eta bertzean bizitakoari eta ikasitakoari uko egin. Nafarroako Gobernuaren Nafarroa Koloretan saria jaso berri du. Pozik hartu du, uste baitu Itaka Escolapios fundazioan egiten duten lana aitortu dutela sariaren bidez.

Nola hartu duzu saria?

Orain ohartzen ari naiz sariak duen oihartzunaz. Hagitz kontent nago. Niretzat inportanteena da sari honen bidez Itaka Escolapios fundazioaren zerbitzu juridikoak egiten duen lanaren berri zabaltzea, lan horri aitortza egiten baitio sariak.

Zuk egindako lanari ere bai, ezta?

Talde handi bat dago Itaka Escolapios fundazioan boluntario gisa lanean, eta denoi eman digu balioa sariak, nire ustez. Nire gurasoek eta haien belaunaldiko bertze anitzek egindako bideari ere egin dio aitortza, eta hori nabarmendu nahiko nuke. Gurasoak etorkizun hobe baten bila etorri ziren Nafarroara, eta gogor egin dute lan guk haiek izan ez zituzten aukerak izan ditzagun. Horrek harro sentiarazten nau.

Erran duzu inportanteena dela Itaka Escolapios fundazioaren zerbitzu juridikoak egiten duen lanaren berri zabaltzea. Zer lan egiten duzue, zehazki?

Aholkularitza zerbitzu bat gara, bazterketa sozial eta ekonomikoa pairatzen duten herritarrentzat. Guregana jotzen duten gehienak migratzaileak dira, eta aholku eske etortzen dira beren egoera administratiboa erregularizatzeko asmoz. Pertsona bakoitzaren egoera aztertu, eta paperak lortzeko biderik egokiena zehazten saiatzen gara.

«Ezin ditugu arazo guztiak konpondu, baina helduleku bat eskaintzen diegu egoera hagitz zail batean direnei»

Helduleku bat zarete egoera hagitz zaurgarrian direnentzat?

Badakigu ezin ditugula arazo guztiak konpondu, baina bai, helduleku bat eskaintzen diegu egoera hagitz zail batean egon daitezkeen anitzi; etorri berritan, zailtasunak dituzte hizkuntzarekin, ez dute sistema ezagutzen, eta eskertzen dute gidari eta bidelagun gisa ariko den norbait ondoan izatea.

Helburua, noski, Nafarroan egoteko eta lan egiteko paperak lortzea da. Zenbat iraun dezake prozesuak, gaur egun?

Erregularizazio prozesua martxan jartzeko, kanpotik etorri denak bi urtez egon behar du erroldatuta hemen. Bi urte pasatuta, errotze txostena eska daiteke. Legez, administrazioak hiru hilabeteko epea du eskaera horri erantzuteko, baina gehiago tardatzen ari dira. Eskaera anitz daude.

Erraztu beharko litzateke bide hori?

Paperik gabe, ez duzu eskubiderik, baina betebeharrak onartzeko biderik ere ez. Egoera horretan, erabat babesgabe zaude. Ezin duzu lanik egin. Uste dut nabarmendu behar dugula paperak lortzea hagitz garrantzitsua dela. Bertze edozeinek bizitza proiektu duin bat izateko duen eskubidea ukatu egiten zaio paperik ez duenari.

Nafarroa benetan da koloretakoa? Edo oraindik hagitz zuria da?

Ni unibertsitatean hasi nintzenean, jatorriz migratzaileak ziren bizpahiru pertsona bertzerik ez ginen. Orain, unibertsitatera joaten bazara, dibertsitate handiagoa ikus daiteke. Bigarren belaunaldia gara, eta hasi da koloretako Nafarroa hori agertzen. Hemen jaio baina jatorrizko bertze herri bat duten horiek guztiek bilakatuko dute gizartea benetan askotariko.

Zu txikitan etorri zinen. Zer oroitzapen duzu?

7 urte nituen etorri nintzenean, baina ederki gogoratzen dut zer izan zen. Aldaketa erabatekoa izan zen. 17 edo 18 urterekin etortzen den norbaitentzat hagitz zaila izan behar du errealitate erabat ezberdin bati aurre egin behar izatea. Dolu hori ahal dugun neurrian arintzen saiatzen gara gurearen gisako elkarteetan. Aldi berean, gure helburua da natural ikus dadila egungo gizartea askotarikoa dela.

«Lan handia dugu egiteko, baina guk egindako urratsek gure atzetik etorriko direnen bidea erraztuko dute»

Kosta egiten da?

Ni Nafarroako gizartearen parte sentitzen naiz, baina horrek ez du erran nahi nire nortasunari uko egin behar diodanik. Musulmana naiz, nire erlijioa dut; ia bizitza osoa eman dut Nafarroan eta nafar sentitzen naiz, baina marokoar ere bai. Kultura hori dut etxean. Gizarteko parte izatea da nork bere identitateari eustea. Ez diot alde bati edo bertzeari uko egin behar hemengo sentitzeko. Elkarri irakastea da komunitatearen gakoa.

Eskuin muturraren goraldiak kezkatzen zaitu?

Ez naiz beldurrez bizi, hori irakatsi baitidate gurasoek: gauza onei eta txarrei aurre egiten irakatsi didate. Egoera ez da samurra, noski. Enpatiarik eza beldurgarria da. Gizarte hobea izanen gara enpatiak eta etikak mugitzen bagaituzte.

Egungoa, baina, zurrumurruen eta gezurren garaia da. Nola egin aurre?

Migratzaileoi guri ez dagokigun erantzukizun bat egozten digute. Migratzaile guztien ordezkari bilakatzen gaituzte, eta norbaitek zerbait gaizki egiten badu, migratzaile guztiak bilakatzen dituzte erantzule. Ez da bidezkoa. Lan handia dugu egiteko, baina guk egindako urratsek gure atzetik etorriko direnen bidea erraztuko dute.