Gaur urtebete bizitza aldatu zitzaien BSHren Ezkirozko lantokian lanean zeuden 660 langileei. Alemaniatik iritsitako multinazionalaren ordezkari batek fabrika ixteko asmoa iragarri zien. Egun gutxi falta dira mehatxu hori errealitate egiteko, eta azken hilabeteotan bizitako guztiaren aurrean, Juanjo Hermoso de Mendozak atzo arratsean agurtzeko gutun bat bidali zien lankideei eta komunikabideei.
«29 urte eta sei hilabete iragan dira Ezkirozko BSHn lanean hasi nintzenetik. Aurki urtebete beteko da lantoki honen itxiera iragarri zutenetik eta bizitzako garai honi zein sindikalgintzan emandako 19 urteei agur esateko ordua da». Horrelaxe hasten da Whatsapp bidez bidalitako gutuna.
Bertan, itxaropenerako zirrikitu txiki bat irekirik uzten du Hermoso de Mendozak. Fabrika itxiagatik, hura berrindustrializatzeko aukerak ez direlako guztiz agortu, eta urtarrilaren 1etik aurrera elkarrizketekin jarraituko dutelako. Hermoso de Mendozak dioenez, mahai horretan eseriko da. Gainera, langileen erregulazioan euren burua kaltetutzat ikusi duten langileek auzitegietara jo dute, eta, haien eskutik joateko asmoa adieraziz, «epaitegietan hitzorduak» dituela aipatzen du.
Dena den, Hermoso de Mendozaren hitzek agur kutsua dute, eta gutunean bertan esker ona azaldu die lankideei. «Garai honetan guztian erantzukizunez jokatu dugu gure lanean eta, ezagutza profesionaltasunarekin uztartuz, gauzak ongi egiten ditugula egiaztatu ahal izan dugu. Horri esker, Ezkirotz erreferente eta eredu izan da multinazionalaren barruan». Alta, bere ustez, «horrek guztiak ez du galarazi deslokalizazio argi eta garbi bat».
Multinazionalari zuzendu zaio jarraian: «Deslokalizatu dezakete, baina ezingo dituzte milaka kilometrotara eraman langileon ezaugarriak eta gaitasun profesionalak, eta ezingo dituzte ebatzi haien balioak». Azken hamabi hilabeteetan bizitakoa gogoratuz, «esperientzia oso gogorra» izan dela azpimarratu du. «Esperientzia honetan, ematen du ez dagoela irteerarik eta ematen du datorrenaren aurrean sentitutako bertigoak gerarazi egiten zaituela. Baina BSH eta gero ere, bizitzak aurrera darrai», aipatu du.
Atzerako begirada horretan, «emozio nahasiak» dituela eta sentimenduak tropelka datozkiola idatzi du Hermoso de Mendozak eta bizitako guzti horren aurrean eskerrak eman dizkie langileei eta bere ingurune guztiari. «Une eta oroitzapen ugari datozkit… Oso presente eduki nahi nituzke borroka honez gain osasun arazoak gainditzeko prozesuan zabiltzatenoi edo gertuko pertsonaren bat galdu duzuenoi».
Kazetariei ere esker on hitzak zuzendu dizkie. Amaitzeko, irekitzen den garai berri horretarako zorterik onena opa die langileei. «Orain egokitu egin beharko gara, egokitzen ari gara nondik norako berrietara, ziurgabetasunari aurre eginez eta hutsetik hasiz. Baina nire lagun batek zioen bezala, beti ateratzen da eguzkia».
Espedientean, 609 langile
Berez, multinazionalak iaz sei hilabeteko epemuga jarri zuen, eta epe horretan beste irtenbide bat bilatzeko elkarrizketak izan bazituen ere, denbora irabazteko baliatu zuen. Ekainaren 16tik aurrera langileen erregulazioko espedientea negoziatu zuen sindikatuekin. Azkenean, 609 langileei aplikatu diete espedientea eta handik kanpo geratu dira 49 langile —gainera, beste lantokietara joateko aukera eman zieten 46 langileri—.
UGT, CCOO, ATISS eta Solidari sindikatuekin hitzartutakoaren arabera, 55 urtetik beherako langileeki 45 eguneko kalte ordaina jasoko dute lan egindako urte bakoitzeko, eta 1.500 euroko diru saria ere kobratuko dute antzinatasun urte bakoitzeko. 55 eta 63 urte arteko langileek erretiro aurreratua izango dute —soldataren %70 jasota—, eta lan hitzarmenean zehaztutako kotizazioak ordaindu beharko ditu enpresak. Batzarrean langileen %78k onetsi zuen akordioa.
