LAB, ELA eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, Nafarroako Parlamentuaren parean, bi eskubide aldarrikatzeko: batetik, administrazioko langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea; eta bestetik, herritarrek zerbitzu publiko oro euskaraz jasotzeko dutena. Funtsean, «gaztelaniak dituen eskubide berberak» galdegin dituzte euskararentzat. Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatu. Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez zioen pankarta baten atzean elkartu dira hiru sindikatuotako 50 bat kide, eta «zerbitzu publikoak euskaraz», «hemen gaude euskararen alde» eta «hemen lan egin, hemen erabaki» bezalako leloak abestu dituzte legebiltzarraren aurrealdean.
«Administrazioak bermatu beharreko eskubideak dira euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea», esan du Xabier Ugartemendiak, LABen Zerbitzu Publikoen ataleko arduradunak. «Zoritxarrez, Nafarroako administrazioak ez ditu eskubide horiek betetzen. Gainera, alderdi eta sindikatu euskarafoboak eskubide horiek murrizteko ahaleginetan dira behin eta berriro». LABeko ordezkariaren irudiko, hizkuntza eskubideak ez dira bermatzen euskara ofiziala den eremuan, «eta are gutxiago zonifikazioak banatzen dituen eremu misto eta ez-euskaldun delakoetan». Areago, sindikatu euskaltzaleek uste dute zonifikazioa eta 1986ko Euskararen Foru Legea bera «euskara zokoratzeko asmoz» ezarri zirela: «Estatu afera da Nafarroan euskara lurralde osora ez zabaltzea eta bere hedapena gelditzea».
Euskararen hedapena trabatzeko bide horretan, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek uste dute justizia «ezinbesteko tresna» izan dela: «Euskalduntzea oztopatzen dute epai euskarafobo eta ulergaitzen bitartez», salatu du Ugartemendiak: «Lanpostu publikorako lehiatzeko, euskara baztertu egiten da, baina atzerriko hizkuntzak baloratzen dira; lanean euskaraz aritzeko eskubidea urratuta dago erabat; lan deialdietako froga gehienak gazteleraz egitera derrigortzen da, euskaraz egin ahal izatea ukatuz; zerbitzu publiko askotan ez zaie bermatzen herritarrei euskaraz artatuak izatea; euskarazko hezkuntza herrialde osora zabaltzea oztopatzen eta mugatzen du gobernuak, eskubide hori legez onartua dagoen arren…».
Zonifikazioa bukatzeko deia
ELA sindikatuaren izenean, berriz, Josune Guerrak hartu du hitza, Zerbitzu Publikoen federazioko ordezkariak. Hark ere hizpide izan du hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldi judiziala, eta esan du euskararen aurkako epaiei aurre egiteko ezinbestekoa dela «euskaraz bizitzeko hautua egiten dutenen eskubideak aitortzea»: «Hasteko, zonfikazioa bukatu behar da. Gaur egun, posta kodearen araberako hizkuntza eskubideak daude, eta horrek bigarren mailako herritarrak sortzen ditu».
Espainiako eta Nafarroako agintarien kontraesanak ere agerian utzi ditu Guerrak, euskararen ofizialtasuna galdegin baitute Europako Batasunean, baina ez Nafarroan bertan. «Hortaz, ez da ulertzen euskararen lurraldean, Nafarroan, hainbeste traba jartzea eta euskaldunen hizkuntza eskubideak etengabe urratzea». Nafarroako Gobernuak aurten indarrean jarritako merezimenduen dekretua jarri du horren adibidetzat: «Oraingo gobernuak aukera ematen du ingelesa, frantsesa eta alemaniera baloratzeko, baina euskara baloratzeko aukera ezabatzen du. Diskriminazio horren kontrako sententzia irabazi zuen ELAk orain aste gutxi, Steilasekin batera aurkeztutako helegite baten ondorioz».
Egoera aldatzeko xedez, zenbait eskaera egin dituzte LABek, ELAk eta Steilasek: besteak beste, administrazio publikoan euskara eta gaztelania ezagutzeko beharrak parekatzea; administrazioa erabat euskalduntzeko plangintzak adostea; erabiltzaileek zerbitzua euskaraz jasotzeko duten eskubidea bermatzea; hizkuntza eskakizunik ez dagoen postuetan euskararen ezagutza gutxienez merezimendu gisa baloratzea; enpresa pribatuetan eta administrazioarentzat lan egiten dutenetan euskara planak egiteko derrigortasuna ezartzea; eta Euskararen Foru Lege berri bat onartzea, besteak beste.
Sindikatuek iragarri dute mobilizazioei eutsiko dietela, eta datozen hitzorduak gogorarazi dituzte: bihar Gasteizen eginen dute elkarretaratzea, eta abenduaren 27an, berriz, Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako ekitaldira bertaratzeko deia egin dute.
