Eduardo Jimenez Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko idazkari teknikoak bere lana defenditu du. Belateko tunelen herri lanek zortzi milioi euroko gainkostuak izan dituzte eta igoera hasierako aurrekontuarekin alderatuta %10etik gorakoa zenez, administrazioaren baitan espedientea ireki zen. Jimenezek txosten batean aldaketa hura juridikoki babestu zuen, eta gaur goizean Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean defenditu du hori egin zuela ustekabeetan oinarrituta zegoelako. Ardurarik duela ukatu du hala: «Esku artean nuen dokumentazioarekin egin nuen nire txostena».
Nafarroako Parlamentuan aurrera doa Accionari eta Servinabarri adjudikatutako kontratu publikoen ikerketa batzordea. Lehen asteetako arreta gunea Belateko tunelak izan dira, eta, adjudikazioaz gain, interes berezia piztu du zer gertatu den obra horren gainkostuekin. Jimenezen arabera, txosten juridiko bat egiteko eskatu zioten: «Erabat normala da Belateko tunelen moduko herri lanek duten garrantziaren aurrean txosten juridiko bat eskatzea».
Espediente hori lantzeko Belateko herri lana zuzentzen ari den taldeak dokumentazioa pasa zion: «Bertan arrazoitzen zen proposatutako unitateen aldaketak ustekabeen ondorio zirela eta hori aztertu genuen». Azkenean juridikoki ontzat jo zuen, eta horregatik UPNko Pedro Gonzalezek galdetu dio ea Nafarroako Gobernuaren ildoari men egin zion. «Inondik ere ez», ukatu du.
Kontu hartzailearen txostena
Auzia da azaro amaieran Juan Jose Perez departamentuko kontu hartzaileak auzitan jarri zuela kostu igoera ustekabeen ondorio zela eta 6,2 milioi euro arrazoitu gabe daudela esan du. Gainera, kritikatu zuen aldaketa horiek enpresaren interesen araberakoak zirela, eta ez ustekabeen ondorio. Hori jakinik, gaur Jimenezi galdetu diote ea kinka larrian geratzen ote den. Berak uste du ezetz: «Nik esku artean nuen dokumentazioarekin ebatzi nuen, eta ez nekien aldaketa batzuk obra hasi aurretik hartu zituela enpresak».
Uneotan, kontu hartzaileak eragozpen etengarritzat jo du gainkostuen espedientea eta ordutik enpresari egin beharreko ordainketak etenda daude. Atzo, Juan Jose Perez Capapay Nafarroako Gobernuko Kontu Hartzailetzako zuzendariak argitu zuen Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiak hartu beharko duela azken erabakia.
