Pistatxoari buruzko pistatxoak

Pistatxoari buruzko pistatxoak

Tximeleta efektuak Tiktokeko bideoek eragiten dituzte orain. Galdera ez da posible ote den tximeleta batek Brasilen hegoak astindu eta Texasen tornado bat eragitea. Galdera da txokolate kurruskari bati buruzko bideoak eragin ote dezakeen pistatxoaren munduko merkatua hankaz gora jartzea. Erantzuna baiezkoa da.

Sarah Hamoudak emandakoa da lehen pistatxoa. Jatorri ingeles-egiptoarra duen emakumezko bat da, eta Dubain bizi da. 2021ean, haurdun zegoela, gutizia modura otu zitzaion txikitako oroitzapenak errezeta batean nahastea: txokolate tableta, pistatxo pasta eta kunafa izeneko masa kurruskaria, kataifi izeneko fideo batzuekin egiten dena. FIX Dessert Chocolatier marka sortu zuen, eta Dubaiko aberats guztien gutizia ere bihurtu zen. 

Maria Vehera influencer-ak emandakoa da bigarren pistatxoa. Kanala dauka Tiktok sare sozialean. Arabiar Emirerri Batuetako janaria dastatu eta iruzkinak egiten ditu bertan. FIX Dessert Chocolatier markako txokolatea dastatu zuen 2023an, Sarah Hamoudaren istorioa kontatu, eta hantxe lehertu zen dena: birala egin zen, 110 milioi ikustaldi baino gehiago dauzka, eta milioika jarraitzaile eta imitatzaile. 

Dubaiko txokolatea, pistatxoz beteta eta inguratuta. BERRIA

Monica Miguezek emandakoa da hirugarren pistatxoa. Kazetaria da, eta txokolateetan aditua. «Bat-batean, txokolate berde kurruskari bat agertu zen, eta influencer eta foodie guztien artean zabaldu: ‘Nik probatu dut, eta nik ere bai, eta nik ere bai’. Lehertu egin zen dena. Tableta berrehun euroan saltzen hasi ziren, eta jendea hura erosten hasi zen. Izan ere, Dubaiko txokolatearen erakarmenik handiena zera da, oso garestia dela. Eta harrigarria da horrek bakarrik nola erotu duen jendea. Sare sozialen kontu honek halako fenomenoak sortzen ditu: nahiaren eta aspirazioaren ingurukoak. Ez dakit nork kontsumitzen badu, nik ere nahi dut».  

Miguezek dio txokolate enpresa askorentzat «pagotxa» bihurtu zela hura. «Produktu garestia eta bakarra zelako sortu zen. Baina zer gertatu da? Pistatxoaren ekoizpenari eragin diola, ez dagoelako eskariari aurre egiteko adina eskaintzarik. Eta jendeak zer egin du? Hasierako osagai horiek ordezkatu, edo kantitateak gutxitu. Produktu nabarmen merkeagoak irten dira merkatura, denek kontsumitu ahal izateko». 

Eta txokolateari buruz ari da Miguez, baina pistatxoari buruzkoak dira pistatxoak. Garbi dagoena da txokolate berde hark zuzenean eragin duela pistatxoaren ekoizpenean. «Joerak dira, modak dira, baina halakoak ez dira ezerezetik sortzen», nabarmendu du Miguezek: «Argi dago norbait pistatxoa eta haren ekoizpena sustatzen ari dela». Eta datu esanguratsuak eman ditu: AEBak dira pistatxo ekoizlerik handienak, Iran eta Turkia dira zerrendan hurrengoak, eta Espainia da laugarrena. «Eta hamar urteren buruan gertatu da hori. Espainian lehen ez zegoen halako ekoizpenik. %3.000 handitu da pistatxoaren landaketa. 2012an, 2.600 hektarea zeuden. Gaur egun, 80.000 inguru daude. Eta 2040an, 245.000 hektarea izatea espero dute». Ekoizpen jasangarria da, oso errentagarria, eta, ikerkuntzan eta berrikuntzan egindako inbertsioei esker, lortu dute haren hazkuntzarako epeak murriztea. «Pistatxoak daukan arazorik handiena denbora baita: landatu eta lehen uzta lortu arte urte asko pasatzen direla», azaldu du Miguezek.

Pistatxondoak Faltzesen

Badu horren guztiaren berri Angel Mari Grozinek: «Horixe da ingeniariak esan zigun lehen gauza: pistatxoa jasotzeko presa duenak ez dezala landatu». Hamabost urte egin du atzera. Faltzesen (Nafarroa) zituzten lursailei beste erabilera bat eman nahian, Ciudad Realera (Gaztela-Mantxa, Espainia) joan zirenekoaz akordatu da. «Mahastiak geneuzkan, eta soro ureztatuak. Irratian entzun genuen elkarrizketa bat. Nekazari gazte batek zioen Gaztela-Mantxan indarra hartzen ari zela pistatxoa, eta oso errentagarria zela. Ez genekien ezertxo ere pistatxoari buruz, baina aurrera egitea erabaki genuen», azaldu du anaia zaharrenak. «Formakuntza eman ziguten han, El Chaparrillo nekazaritza zentroan. Segurtasuna eta lasaitasuna eman zizkiguten, eta proiektuaren amaierara arte aritu ziren gurekin», azaldu du Grozinek, esker onez. Erretiroa hartuta dago orain, baina Javier anaia gazteagoari laguntzen segitzen du. Hamasei hektarea dituzte Faltzesen, eta ia 5.000 pistatxondo. Turismo bulegoak bisita gidatuak antolatzen ditu urtero, haiek ikustera joateko. «Jende askok ez daki nolakoak diren ere, eta oso ederrak dira. Maiatzetik aurrera hasten dira lukuak ematen, eta benetan bitxia da: lukuak ematen ditu lehenengo, eta hostoak ondoren».

Grozin anaiek Faltzesen dituzten pistatxondoak. BERRIA

Grozinek dio «pazientzia» eskatzen duela pistatxoak. Bost edo sei urte behar direla lehen uzta oparo samarra jasotzeko. Hamar landare zituzten hasieran, eta Nafarroako pistatxo ekoizlerik handienak dira orain. Pistatxoak ematen ditu landaketei buruz: zuhaitz har eta emeak, eta polinizazioa. Pistatxoak bilketari buruz: luku berdeak lehenengo, arrosa kolorekoak gero, eta okreak azkenik. Pistatxoak bilketari buruz: «Irailean eta urrian biltzen da. Eta jaso eta ahalik eta lasterren prozesatu behar da. Beranduenera jota, jaso eta 36 ordura. Pistatxoak hezetasun handia du, eta berehala lizuntzen da». Eta pistatxoak aurtengo uztari buruz ere: «Oso uzta kaskarra izan dugu. Kazkabarra egin zuen iaz, eta ondorioak sekulakoak izan dira. Izan ere, kazkabarraren ondorioek ez dute urtebete bakarrik irauten; hurrengo bi edo hiru urteetan ere nabaritzen da galera».

Faltzesko nekazaria jakinaren gainean dago. Badaki pistatxoak sekulako goraldia izan duela. Baina zintzo mintzatu da: «Ekoizleok ez dugu hainbeste nabaritu leherketa hori. Pistatxoa prozesatzen dutenek bai, nabarituko zuten». Grozindarrek Errioxara eraman dute euren aurtengo uzta. «Hiru anaia gaztek pistatxoak prozesatzeko enpresa bat ireki dute han. Nabarmen gertuago gelditzen zaigu. Bestela, gure uzta Toledora edo Ciudad Realera eraman behar izaten dugu». Barraca eta Kerman barietateak landatzen dituzte. Aurrenekoa, gozogintzan eta jatetxeetan erabiltzen da, batik bat. Bigarrena, fruitu lehor eta aperitifa gisa. «Zenbat eta ale handiagoak, orduan eta garestiagoak. Italiarrek eramaten dituzte gehienak. Garestiago ordaintzen dituzte, eta berehala nahi dituzte».

Badute Italian pistatxoaren inguruko tradizioa. Pistatxo zaporeko izozkiek dute han fama. Baina jada toki guztietan egin da famatu pistatxoa. Eta berdin famatzen dute izozkietan, eta berdin gazta tartetan, turroietan, bonboietan, kremetan, eta hainbat dendatan. Dubaiko txokolatea izan da sukarra leherrarazi duena, baina pistatxoa bazter guztietan agertzen da orain. Armintz Gorrotxategik eta haren familiak ere nabaritu dute joera euren gozotegietan. «Asko nabaritu dugu Dubaiko txokolatearen fenomeno hori. Aurten, geuk ere egin dugu lehen aldiz. Edizio mugatu bat izan zen, eta segituan saldu zen», azaldu du gozogile tolosarrak.

Eta esplikatu du Dubaiko Gorrotxategi txokolatearen errezeta zein den ere: «Ohiko txokolatea erabiltzen dugu. Urtu, eta molde bat estali. Molde hori barrutik hutsik gelditzen da». Eta hori pasta batekin barrubete. «Pasta egiteko: ehotako pistatxoa, urtutako txokolate zuria, azukrea, eta filo pasta moduko fideo batzuk». Kurruskaria fideo horrek ematen dio. «Labean txigortzen dira lehenengo, eta txiki-txiki egiten dira ondoren. Pistatxo pastarekin eta txokolate zuriarekin nahastu. Eta txokolatezko moldea barrubete». Dubaiko txokolatea da, Tolosan egina. «Dendara etorri zaigu jendea, atea jo, eta galdetu digu: ‘Baduzue Dubaiko txokolaterik?’. Horregatik erabaki genuen egitea». Saldu zituzten haiek, eta Gabonei begira jarrita ari dira orain lanean. Urtarriletik aurrera egingo dituzte gehiago. 

Gorrotxategik ere baditu pistatxoari buruzko pistatxoak: «Nabaritu dugu prezioaren gorakada, eta nabaritu dugu pistatxoa daramaten produktuen kontsumoak izan duen gorakada ere. Era askotako produktuak dauzkagu, baina pistatxodunak saltzen ditugu gehien. Sekulako hazkundea nabaritu dugu». Eta azken pistatxoa eman du: «Badirudi jendeari gustatu egiten zaiola garestia den hori, edo garestia delako famatua egin den hori jatea».

JAKINGARRIAK

Izen zientifikoa: Pistacia vera. Pistatxondoa Anacardiacea familiako zuhaitz txiki bat da. 
Jatorria: Asia erdialdetik dator, Iran eta Afganistandik. Arkeologoek azaldu dute duela 9.000 urte pistatxo aleak jaten zirela..
Ezaugarriak: Pistatxondoak landare dioikoak dira. Arbola batzuk erabat emeak dira, eta beste batzuk erabat arrak. Polinizazioa egokia izan dadin, zortzi arbola emeko ar bat jartzen da.
Onurak: Zuntz gehien daukan fruitu lehorretako bat da. Kaloria gehien duena ere bai, intxaurrarekin eta pinaziarekin batera. Beste fruituek baino mineral gehiago dauka. B1 eta B3 bitaminetan aberatsa da, eta E bitaminan ere bai.