Magnak (Magnesitas de Navarra) Eugiko meategia hedatzeko asmoa du, eta proiektu hori egiteko baimena auzitara eraman dute Erdiz Bizirik-ek eta Sustrai Erakuntza fundazioak. Nafarroako Gobernuak 2024ko abuztuaren 22an eman zion baimena Magnari, eta, orduan, urriaren 28an, gora jotzeko helegitea aurkeztu zioten Nafarroako Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari. Orain, berriz, auzitara eraman dute kasua, baztertu egin baitute iazko helegite hori.
Gaur aurkeztu dute urrats berria, Baztango gaztetxearen atarian, Elizondon (Nafarroa). Bi taldeek azaldu dutenez, «herritarren nahiei entzungor eginez» eman zion baimena Nafarroako Gobernuak Magnari, eta uste dute eredu bat izan daitekeela antzeko proiektuentzat. Adibidez, Erdizko bazkalekuan Magnak egin nahi duen meategiarentzat. Hain zuzen, Erdiz Bizirik plataforma proiektu horri aurre egiteko jaio zen.
Salatzaileek uste dutenez, Eugiko meategiaren hedatze proiektuak —baita Erdizkoak ere— ez ditu betetzen ez ingurumena babesteko neurriak ez ura babestekoak. Horrez gain, tankera horietako proiektuak bultzatzen dituzten enpresa pribatuen interesak defendatzea egotzi diote Nafarroako Gobernuari. Hori dela eta, argi utzi nahi izan dute aipatutako bi meategi proiektuak eta inguruko bizimodua «ez direla bateragarriak»: «Hortaz, proiektuaren tramitazioa gelditzeko eskatzen diegu instituzioei. Ez dugu etsiko: ez dugu utziko Nafarroan gelditzen diren herri lurrak, gure etorkizuna sostengatzeko beharrezkoak, multinazionalei oparitzen».
