Maria Pilar Martinez Ramosek hunkituta eta negar malkotan agurtu ditu, 21 urtez bere etxea izan den horretako leihotik, Burlatako San Frantzisko kalean bildutako dozenaka lagunak (Nafarroa). Txaloka erantzun diote haiek, polizia kaskodunen begiradapean oraindik. Etxean da Maria Pilar. Eta etxean segituko du, tarte batez behintzat. Hura kaleratzeko prozesua abiarazia zuen Building Center erakundeak —Caixabank bankuarena den higiezin enpresak—, baina mehatxua gauzatzear zela, atzera egin dute finantza erakundearen arduradunek: eperik gabe gibelatu dute prozesua, eta prest azaldu dira maizterrarekin beste konponbide bat negoziatzeko. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kide Iker Narbonaren ustez, albiste «pozgarria» da bankuak iritzia aldatu izana, baina ziur da emaitza «oso bestelakoa» izanen litzatekeela herritarren mobilizaziorik gabe eta, batez ere, auzia plazaratu izan ez balitz: «Borrokak merezi du».
Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiak 10:00etan jarria zuen Martinez Ramos etxetik egozteko ordua, eta Etxebizitza Sindikatuak bi ordu lehenagorako deituak zituen manifestariak, 08:00etarako, etxegabetzea gelditzen saiatzeko. Halakoetan, kalea lehenagotik hesitzen du Espainiako Poliziak, bidea ixteko asmoz etxetik bota nahi dituztenei laguntzera eta babesa ematera joandakoei. Horren jakitun, sindikatuko kide batzuk ingurumarietan ziren 06:00etarako. «Ordurako, baina, Poliziaren droneak bueltaka ari ziren, inguru osoa airetik zaintzen. Gu iritsi eta minutu gutxira bidali dituzte zazpi furgoneta», azaldu du Narbonak.
Espainiako Poliziak alderik alde hartu du norabide bakarreko kalea: furgonetak ilaran aparkatuta, gainerako ibilgailuak ezin ziren pasatu, eta Kale Nagusitik desbideratu dute trafikoa. Horrez gain, oinezkoentzako ere itxi dituzte sarbide guztiak, eta buelta ematera behartu dituzte ordu horretan ikastetxera edo lantokira zihoazen asko. 08:00etarako, dozenaka lagun zeuden Martinezen etxeko ezkaratzetik metro gutxira, baina polizia hesiak ezinezko egiten zuen gehiago hurbiltzea. Zurrumurruak, telefono deiak eta sindikatuko kideen joan-etorriak. Urduritasuna nabari zen bertaratuen artean. Bolo-bolo zebilen prozesua epaitegian gelditzeko esperantza: «Badirudi Caixabank prest dagoela etxegabetzea gelditzeko, baina, behin prozesua abiatuta, azken erabakia epaitegiarena da. Ez gara fio», esplikatu die Narbonak han bildutako kazetariei.
Azkenerako, 09:00 aldera heldu da baieztapena epaitegitik: prozesua eten dute, beste egunik jarri gabe. «Building Centerren eta Caixabanken abokatuak esan digu prozesua etengo dutela, eta bake epaitegiak ere baieztatu du. Etxegabetzea gelditu da oraingoz». Bertaratuek txaloka hartu dute albistea, eta Martinez Ramos bera ere leihora atera da, eskerrak emateko.
Hamahiru urte, hari-harian
Gaurkoa ez da Maria Pilar Martinez Ramosek bizi izan duen lehen etxegabetze prozesua. Aurretik, hura eta haren familia etxetik egozten saiatu zen Valentziako Bankua: duela hamahiru urte izan zen, 2012ko azaroan. Familiak entitate horrekin sinatua zuen hipotekaren mailegua, baina, higiezinen burbuilak eztanda egin ostean, izugarri garestitu zitzaien kuota: «Hilean 1.200 euro ordaintzen zituzten interesetan soilik», azaldu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Horren ondorioz, zorrak pilatu zitzaizkien, eta bankuak etxegabetze prozedura abiarazi zuen, etxea beretzat hartuta.
Orduko hartan, PAH Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformak babesa eskaini zion familiari, eta, etxe atarian berrehun bat lagun bilduta, etxegabetzea atzeratzea lortu zuten. Garai horretantxe, ordea, Valentziako Bankuak porrot egin zuen, eta Caixabankek erosi zuen, euro bakar baten truke. Operazio horren barruan, Kataluniako finantza erakundearen esku geratu ziren milaka pertsonaren etxebizitzak eta maileguak. Tartean, Martinez Ramosena.
2015ean, La Caixaren Obra Sozialeko Alokairu Solidarioa izeneko programan sartu zuen Burlatako bizilaguna, eta diru laguntza bat eman zioten, ordura arte bere etxea zuen horretan bizitzen segitu ahal izateko. «2024ko udan, bankuak Maria Pilarri jakinarazi zion alokairuaren kudeaketan eta ordainketan aldaketak egonen zirela: ordainketak webgune baten bidez egin behar zituen aurrerantzean, eta alokairu sozialerako diru laguntza kendu egin zioten». Emakumea saiatu zen alokairua webgune horren bidez ordaintzen, baina ezinezkoa izan zitzaion: «Etxejabeari jakinarazi zion, bai emailez bai telefonoz, ordaintzen jarraitu nahi zuela, eta horretarako bide bat jartzea galdegin zuen, baina ez zuen inolako erantzunik jaso», esplikatu du Narbonak. Etxebizitza sindikatuaren irudiko, Building Center eta Caixabank dira «ordaintzeko ezintasuna sortu dutenak», baina etxegabetze prozedura abiatu dute berdin-berdin.
Narbonak gaineratu du auzi horrek agerian utzi dituela «sistemaren gabeziak»: «Etxegabetzeari moratoria ezartzeko dokumentuak aurkeztu zituen Maria Pilarrek, zaurgarritasun egoeran direnen etxegabetzeak behin-behinean eten beharko lirateke eta, teorian. Hala ere, askotan ez da ezartzen neurri hori, gehienetan irizpide guztiz arbitrarioei helduta».
Izarran ere bai
Gaur goizean etxegabetze bat egitekoak ziren Izarran (Araba) ere. Bai, ziren. Izan ere, hura ere gelditzea lortu dute herritarrek. Gaineratu dute egitekoak ziren etxegabetze horrek agerian utzi duela «landa eremuko etxebizitzaren problematika». Hain zuzen, adierazi dute hirietan bezala «etxe huts andana» dagoela landa eremuan ere, baina «Foru Aldundiaren baliabideak» ez direla «heltzen».
Izarrako herritarrek, halaber, bereziki nabarmendu dute elkartasunak zer-nolako balioa izan duen etxegabetzea geldiarazteko: «Etxebizitzaren auziari dagokionez, beharrezkoa da negozioa ekuaziotik kentzea, eta etxebizitza eskubide unibertsal izan dadin borrokatzea. Gaurko gertaerek zerbait erakusten badute, zera erakusten dute: soilik herriak salba dezakeela herria».
