EH Bildurekin akordioa gauzatuta, 2026ko aurrekontuak aurrera ditu Nafarroako Gobernuak

EH Bildurekin akordioa gauzatuta, 2026ko aurrekontuak aurrera ditu Nafarroako Gobernuak

Hamaikagarren urtez, Nafarroako Gobernuak aurrekontuak izango ditu eta Txibiteren gobernuaren kasuan, zazpigarren aldia izango da. Gaur goizean, parlamentuan, EH Bildurekin hitzartutako akordioa gauzatu dute gobernuko hiru bazkideek —PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak—, eta aurrera atera dira 2026ko aurrekontuak. Zehazki EH Bildu abstenitu egin da eta eskuineko oposizioak kontra bozkatu du. «Gaur urrats bat gehiago egin dugu babesten dugun Nafarroako ereduaren alde; alderdien interesen gainetik interes orokorra lehenesten duen Nafarroaren alde, alegia», azpimarratu du Ainhoa Unzu PSNko parlamentariak.

Aurrekontu lege proiektua urriaren 31ean erregistratu zen legebiltzarrean eta ordurako etxeko lanak eginda zituzten Nafarroako Gobernuko hiru bazkideek. Izan ere, EH Bildurekin akordioa hitzartu zuten eta lege proiektuan koalizio abertzaleak proposatutako hamabost milioi euroko diru sailak txertatu ziren, besteak beste; gero, lau indarren artean, beste hemeretzi milioi euroko zatikako zuzenketak bideratzeko konpromisoa hartu zuten. Hilabete eta erdi honetan, egitasmoak parlamentuan bere bidea egin du: lehenik, oposizioaren osoko zuzenketak atzera bota ziren, ekonomia eta ogasun batzordeak zatikako 368 zuzenketak onetsi ziren; eta, azkenik, gaur prozesu guztia burutu da.

332

Zengbat igo den aurrekontua. Inoizko aurrekonturik handiena kudeatuko du datorren urtean Nafarroako Gobernuak: 6.741 milioi eurokoa. Zorraren eta interes tasen amortizaziorako erabiliko diren 423 milioi euroak kenduta, 6.318 milioi euro izango ditu gastu zein inbertsio publikora. Iazko aurrekontuekin alderatuta 332 milioi euro gehiago (+%5,2) izango ditu, alegia.  

Osoko bilkura hasi aurretik, minutu bateko isiltasuna egin dute lanean hildako azken langilearekiko begirunez. Gero, eztabaidan, Geroa Baiko Mikel Asiainek azpimarratu du aurrekontua elkarrizketa politikoaren eta akordioaren emaitza dela, eta gogora ekarri du egoera hori ez dela ohikoa uneotan Europan. «Aurrekontuak ezinbesteko erreminta dira gure lurraldearen egonkortasunari begira eta Geroa Bai hori bermatzeko giltzarri izan da». 

Aurrekontuaren edukiari begira, Asiainek azaldu du ehun eurotik 54,7 gastu sozialerako izango direla. Geroa Baik kudeatutako departamentuei erreparatu nahi izan dio. Batetik, osasungintzan hainbat osasun etxe eraikiko eta zaharberrituko dira —hala nola Atarrabian, Erripagañan, Cascanten, Orkoienen eta Gaiarren—, eta Lizarrako zein Tuterako ospitaleetako ekipamendu eta baliabideak indartuko dira. Asiainen arabera, datorren urtean osasun legea aurrera ateratzea eta itxarote zerrendak murriztea izango dira bi lehentasun nagusiak. «Ezarritako neurriek 2026ean emango dute emaitza», ziurtatu du.

«Gaur urrats bat gehiago egin dugu alderdien interesen gainetik interes orokorra lehenesten duen Nafarroaren alde»

AINHOA UNZU PSNko eleduna

Industriak oso urte zaila bizi du, baina arlo horretan ere etorkizuneko erronkei aurre egiteko marko juridikoa eguneratzeko helburua du gobernuak, lege berri baten bidez. Horri begira, aurrekontua %19 handitu da, baina industria elektrifikatzeko bidean argindar sarearen hobekuntza ezinbestekotzat jotzen du Asiainek. Hala, Espainiako Gobernuak datozen urteetarako aurkeztu duen argindar sarea hobetzeko inbertsio planari alegazioak aurkeztu berri dizkio Industria departamentuak, proposatutakoa nahikoa ez delakoan.

Faltzesen, D eredua

Euskara arloan, helduen alfabetetzerako eta euskarazko komunikabideentzako laguntza lerroak hobetu direla azpimarratu du. Faltzesen D eredua eskaintzeko, ia milioi bat euro bideratuko dira: aurrekontu proiektuan 400.000 milioi euroko ekarpena egin zuen EH Bilduk eta gero Geroa Baik beste 550.000 euroko zuzenketa gehitu du. «Udalaren babesarekin eskaera hori egin duten 21 familiek merezi dute», azpimarratu du Asiainek.

EH Bilduko Laura Aznalek nabarmendu du ez direla koalizioaren aurrekontuak, baina uste du «poztekoa» dela berriro ere Nafarroako Gobernua eta koalizioa ados jartzeko gai izatea. «Beti jendartea erdigunean jarriz, baliabideak ematen dizkiogu gobernuari politika ausartagoak egin ditzan». Eskuineko oposizioak hasieratik akordioa egintzat jo bazuen ere, urtetik urtera «zailagoa» dela onartu du Aznalek. «Eskuinaren kontakizun hori errealitatetik urrun dago, eta logikoa den moduan gu gero eta exijenteagoak gara». 

«Aurrekontuak ezinbesteko erreminta dira gure lurraldearen egonkortasunari begira eta Geroa Bai hori bermatzeko giltzarri izan da»

MIKEL ASIAIN Geroa Baiko parlamentaria

Besteak beste azpimarratu du aurreko urteetan egindako proposamenak «kontsolidatu» direla eta 1.100 euroko gutxieneko pentsioa bermatuko dela, zerga kenkari bidez. Mezua zuzendu dio gobernuari. «Inertzia ez da aukera bat, politika ausargatoak eta eraldatzaileagoak behar dira». Cerdan auziak Nafarroako egoera politikoa nahasi badu ere, «ziurtasuna emateko konpromisoa» berretsi du Aznalek. Aurrekontuez gain, osasun legea, industria legea eta despopulazioaren aurkako legea onartzeko daude: «Asko falta da legealdia amaitzeko. Guk modu berean jarraituko dugu lanean. Lehenik herria, gero alderdia».

UPNk, baina, eztabaidari ihes egin dio, eta bere hitzartzean Cerdan auziaren itzala nabaritu da.  «Lotsarik bazenute hauek lirateke zuen azken aurrekontuak», ohartarazi du, eta gero Txibiteri zuzendu zaio:  «Bakarrik zaude, baina Senatuan Santos Cerdanek esan bezala, hobe bakarrik egon adiskide txarrak alboan izan baino», esan du EH Bilduri eginez erreferentzia. Jarraian abisu zuzena egin die gobernuko bazkideei.  «Hemendik aurrera gauzak okerrera egingo dute. Hurrengo albistearen, UCOren hurrengo txostenaren, hurrengo miaketaren edo hurrengo atxiloketaren esperoan egongo zarete».

«Hemendik aurrera egoerak okerrera egingo du. Hurrengo albistearen, UCOren hurrengo txostenaren esperoan egongo zarete»

JAVIER ESPARZA UPNko eleduna

Esparzak kontseilari bakoitzaren lana epaitu du bere ikuspegitik, baina zerrenda kritikoa egin ondotik, haren ezintasun politikoa azpimarratu nahi izan du PSNko Ainhoa Unzuk.  «Ez zara gain izan hamar urtetan kritika horiek lidergo bihurtzeko. Zure kritika zure gainbeheraren aitortza da».

Zurekin Nafarroako Miguel Garridok ere eskuinaren estrategia salatu du. Azken hamarkadan aurrekontuak %40 baino gehiago igo dira, baina epe horretako KPI eta biztanleria handitu direla aintzat hartuz gero, herritar bakoitzeko gastu publikoa txikitu egin da egiazki. «Eskuinak magia proposatzen du, baliabide gutxiagorekin gehiago gastatzeko gai direla esaten baitute eta hori iruzur bat da. Ez dute zenbakiez hitz egiten horregatik eta nahiago dute Belate hizpide izan». Dena den, bazkideei zuzendu zaie gaineratzeko, olatu atzerakoiaren aurrean, herritarren beharrei erantzuteko baliabideak handitu besterik ez dagoela.  «Faxisten garaipena gure porrotaren adierazle da eta gure garaipena haien porrotaren isla».

«Asko falta da legealdia amaitzeko. Guk modu berean jarraituko dugu lanean. Lehenik herria, gero alderdia»

LAURA AZNAL EH Bilduko parlamentaria

PPko Javier Garciaren ustez, PSNk  «krisi etikoa» bizi du:  «Zer sinesgarritasun duzue Cerdanen alde eskuak sutan jarriko zenituztela esan ostean? Honez gero kiskalita dituzue eskuak». Bere irudiko, aurrekontuetako dirua  «bazkideen artean» banatuko dute eta herritar hauskorrenei ez diete erantzungo.  «Lotsa emango lidake niri esatea aurrekontu hauek sozialak direla. Aurrekontu hauek ideologikoak dira».