Nafarroako AHTaren eta euskal Y-aren arteko konexioa oraindik argitu gabe, Espainiako Gobernuak jendaurrean jarri du Iruñe eta Altsasu (Nafarroa) arteko zatiaren txostena. 40 kilometro inguru luze izango da trenbidea, eta tarteko hogei kilometroetarako bi aukera barnebildu dituzte. Hala ere, bi aukerak bateragarriak izango dira oraindik erabaki gabe dagoen konexioaren alternatibekin: Gasteiztik, Aralartik ala Aralar ingurutik. Espainiako Garraio Ministerioak adierazi du jada herritarren esku dagoela txostenean, eta berehala egingo dela publiko Espainiako Aldizkari Ofizialean.
Lehen zatia Iruñea eta Arakil artekoa da, hamahiru kilometrokoa. Hurrengoa, Arakil eta Iturmendi artekoa, hogei kilometrokoa da, eta bi aukera daude horretarako. Bata, iparraldekoa, egungo trenbidearen ondotik joango da, A-10 autobidearen iparraldean. Bestea, berriz, autobidearen hegoaldetik joango da, ibilbide pixka bat motzagoarekin. Hurrengo zatia, zazpi kilometrokoa, Iturmenditik Olazagutiraino iritsiko da, eta han Madrilera doan trenbidearekin lotuko da.
Herritarrek eta interesdunek 45 egun izango dituzte txostena ikusteko, ostera alegazioak aurkeztu ahal izateko. Ministerioak azaldu duenaren arabera, helburua da trenbide zati horren lanak aurreratzea, Nafarroako AHTa eta euskal Y-a nondik lotuko diren jakin arte itxaron behar ez izateko.
Zundaketekin hasi dira
Duela ez asko aurkeztu zuten bi lineak lotzeko alternatiba berria, Aralar mendebaldetik inguratuko duena, eta hori ikertzeko zundaketak egin behar dituzte. Bada, AHTaren eta zundaketen kontrako pertsonek eta kolektiboek jakinarazi dute jada Goierriko lurjabe batzuen lurretan hasiak direla zundaketak egiten. Azaroaren 24an egin zuten prentsaurrekoan ohartarazi zuten laster has zitezkeela lan horiek egiten, eta udalei aholkatu zieten ez uzteko, eta hasten baziren, informazioa emateko eskatu zieten jabeei. Astelehenean, zundaketekin hasi zirela jakitean, batzar bat egin zuten Olaberrian (Gipuzkoa), bertan hasi baitziren zundaketekin.
Zundaketa makina baten irudia, aste hasieran, Olaberrian. AHT GELDITU!
